Castellóko adierazpena

  • Albisteak

Date de première publication: 04/12/2018

Unibertsitate publikoetako zazpi emakume errektoreak. Argazkia: UJI.

Espainiako unibertsitate publikoetako errektore andreak, Mª Vicenta Mestre Escrivà, Valentziako Unibertsitatekoa; Pilar Aranda Ramírez, Granadako Unibertsitatekoa; Margarita Arboix Arzo, Bartzelonako Unibertsitate Autonomokoa; Nekane Balluerka Lasa, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatekoa; Eva Alcón Soler, Castellóko Jaume I Unibertsitatekoa; Mª José Figueras Salvat, Rovira i Virgili Unibertsitatekoa eta Antonia Peña Guerrero, Huelvako Unibertsitateakoa, bildu dira, 2018ko azaroaren 26an, Castellóko Jaume I Unibertsitatean, guztien artean Espainiako unibertsitate publikoen berdintasunaren alorreko egoera partekatu eta bide orri bat zehazteko, Goi Mailako Hezkuntzan genero desoreka eta desberdintasunak murriztea eta emakume eta gizonen arteko aukera eta tratu berdintasuna indartzea lortzeko.

Adierazi dute

Unibertsitateek genero berdintasunean antzerako egoera dutela: lan segregazio horizontala eta bertikala, ikasketa alor maskulinizatu eta feminizatuak, emakumeak zientzian eta bizitza akademikoan duten ikusezintasuna, berdintasun politiken gutxiespena eta horiekiko erresistentziak, lan eta familia bizitza bateragarri egiteko arraila, sexismoa eta bortizkeria sexistak.

Berdintasuna gizarte justuagoa lortzeko tresna baliotsua dela.

Edozein diskriminaziori aurre egiteko gizartearen konpromisoa beharrezkoa dela eta unibertsitateek prozesu horien buru izateko erantzukizuna dutela.

Errektoreok, egoera hori kontuan hartuta, honako lehentasun hauek ezarri ditugu:

  • Ikasketa planetan genero ikuspegia txertatzea errotzea, berariazko ikasgaien bidez, eta zeharkako genero gaitasunak txertatzea.
  • Ikasketa feminista eta genero ikasketentzako berariazko ezagutza arloa sortzea.
  • Unibertsitate aurreko hezkuntza-etapekin batera (Lehen eta Bigarren Hezkuntza, Prestakuntza zikloak) ekintza kolaboratibo eta aliantza estrategikoak sustatzea, egun ikasketa arlo jakin batzuetan dagoen genero arraila murrizteko (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak oso maskulinizatuak daude, eta Osasun edo Hezkuntza Zientziek emakumeen presentzia altua dute); arloek gizartean duten balorazio eta ospea orekatzea ere bultzatu nahi da.
  • Berdintasun eta genero prestakuntza unibertsitateko kide guztietara hedatzea, gobernu talde eta zuzendaritza karguetatik hasi eta ikasleetara arte, IIPko eta AZPko langileak barne hartuta.
  • Unibertsitate bakoitzeko berezko ikerkuntza planetan ekintza positiborako neurriak txertatzea, ikertzaile emakumeen presentzia areagotzeko, bereziki IP modura.
  • Unibertsitatearen argitalpen araudia aldatzea, bibliografia akademikoen aipamen eta erreferentzietan egilearen izen osoa agertzeko, eta EUEBri eskatzea proposamena erreferentziazko agentzia zientifikoetara helaraztea.
  • ikertzaile eta zientzialari emakumeak  eta horien ekarpenak ezagutzera ematea, aintzatespen publikoetan presentzia aregoatuta (honoris causa edo urrezko dominetan, besteak beste), espazioak izendatzean edo sarietan.
  • Unibertsitateen Lege berriaren proiektuan genero ikuspegia txertatzeko beharrizana aztertu eta horri buruzko dokumentazioa sortzeko lan talde edo batzorde bat sortzea proposatzea, eta horretarako ezarri diren 3 mahai teknikoetan ekarpenak egitea.
  • EUEBren genero politiketarako taldea babestea, Batzorde Iraunkorraren bidez, eta unibertsitateak horretan ahalik eta gehien inplikatzeko eskatzea.
  • IIP eta AZPko langileen lan eta familia bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko laguntzea, erantzunkidetasun kulturaren eta ekintza positiboen bidez (ikasgai ordutegien osaeran bereziki).
  • Araudiek ikertzaile emakumeei bereziki eragiten dieten jarduerarik gabeko aldiak barne hartzea bermatzea (amatasuna edita menpeko pertsonen zaintza).
  • Gizonezko unibertsitateko kideen erantzunkidetasuna sustatzea, lan eta familia bizitza bateragarri egitea ez delako soilik emakumeen kontua, zaintza lanak ikusarazi eta balioetsi egin behar dira.
  • Ikasketen bidezko denbora akademikoen erabilera berrikustea eta work-life balance sustatzea.
  • Berdintasun politikak unibertsitate agendan balioetsi eta lehentasunen artean kokatzea, erresistentzia ikusezinak antzeman eta murriztuta eta gizonen inplikazioa eta aliantzak bultzatuta.
  • Berdintasun Unitateak indartzea, erakunde posizionamenduari eta egituren eskumenari dagokienez.
  • Genero ikuspegia duten aurrekontuetarantz egitea, eta genero politikak ezartzeko aurrekontu dotazioak areagotzea.
  • Oreka eta berdintasun kotak lortzea unibertsitateko antolaketa osaera guztietan, eta horien jarraipena egiteko mekanismoak ezartzea.
  • Emakumeen ahalduntzea eta lidergoa lortzeko prestakuntza sustatzea.
  • Hizkuntza ez sexista eta komunikazio inklusiboa erabiltzea arautzea.
  • Bortizkeria matxistaren aurrean tolerantzia zero filosofia duen unibertsitate politika ezartzea.

 

 

Castelló de la Planan, 2018ko azaroaren 26an