euskaraespañol

Urko Gorriñobeaskoa

Bonba atomikoak zientzia nola ulertzen dugun baldintzatu zuen

Doctorando en Historia y Filosofía de la Ciencia

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/11

Urko Gorriñobeaskoa
Urko Gorriñobeaskoa. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU.
Artikulu hau, jatorriz, The Conversationen argitaratuta dago.

1945ko abuztuaren 6a. Egun arrunta zen Hiroshiman (Japonia). Oskarbi zegoen eta langileak lanera zihoazen. Hiroshima ez zen hiri handia, 250.000 biztanle zituen, baina bere interes estrategiko, industrial eta militarra funtsezkoak ziren inperio nipondarrarentzako gerra garaian.

8:15ean –tokiko ordua–Enola Gay B-29 bonbaketari estatubatuarrak ateak ireki zituen eta Little Boy jaurti zuen hirigunearen gainean; hots, uranio-235ezko bonba bat, 13.000 tona TNTren baliokide den leherketa potentzia zuena. 55 segundo geroago, bonbaren leherketak erabat markatu zuen zientzia modernoen historiaren eta ekoizpen zientifikoaren etorkizuna.

Bonba atomikoa luze-zabal aztertu da ikuspegi politiko, zientifiko eta militarretik; baina, oso arreta txikia jarri zaio mundu modernoan ezagutzaren banaketa ulertzen dugun modua eratzeko izan zuen rolari dagokionez.

Zientzia ezagutza diziplina berezia delako eta gainerako jakintzen gainetik dagoelako ulermen publikoa edo zenbait egilek bi kulturen arazotzat jotakoa errotik aldatu zen Hiroshimako eta Nagasakiko bonba atomikoen leherketaren ondoren. Jakin gabe, udako egun eguzkitsu horretan, Paul Tibbets Enola Gayren pilotuak kulturaren ibilbidea aldatu zuen.

 

Eztabaida historiko baten historia

1959ko maiatzaren 7an, Charles Percy Snow Cambridgeko Unibertsitateko Senate Houseren palkora igo zen «Bi kulturak eta iraultza zientifikoa» hitzaldia emateko.

Snowek garaiko gizarte britainiarreko zenbait zirkulu akademikoren kezka azaldu zuen: zientzien eta giza zientzien arteko erabateko banaketa. Fisikari eta nobelagile ingeles famatuaren arabera, gizarte intelektual ingelesa bitan zegoen banatuta ezinbestean: batetik, zientzialariak eta, bestetik, humanistak –eta azken horien artean historialariak, filosofoak eta literatoak–.

Zioenez, zientzialari, progresista eta librepentsalariak etengabeko borrokan zeuden literato, kontserbadore, indibidualista eta kezka moral eta sozialik gabekoekin. Snowek defendatzen zuenez, nazio ingelesaren etorkizuna bermatzeko ezarri behar zen hezkuntza sistemak zientziak berezko dituen askatasuna, aurrerapena eta komunitatea lehenetsi behar zituen, ez, ordea, literatoen balio berekoi eta deserrotuak. Beste era batera esanda, erreforma kultural bat behar zen.

Harritzeko modukoak dira Snowen baieztapenak. Hain garrantzi txikia al zuen zientziak garaiko hezkuntzan? Hain berekoiak eta indibidualistak al ziren literatoak? Zientzien eta giza zientzien arteko erabateko banaketa Snowentzat bezain argia al zen?

Galdera horren erantzuna ezezkoa da, azken urteetan arazo horri buruz egin diren zenbait azterlanek iradoki dutenez. Lehenik eta behin, Snow bere testuinguruan ulertu behar dugu; alegia, gerra osteko eta deklinismoko testuinguruan. Deklinismoa honela defini dezakegu: iragana hobea izan zela pentsatzeko joera orokorra.

Snowek hitzaldia eman zuen garai jakin horretan, ondoren Bi kulturak lan txalotua izango zena, Erresuma Batua gerraren izugarrikerietatik eta galeretatik oneratzen ari zen oraindik ere. Herrialdearen ekonomia larri kaltetu zen, sei urte eman baitzituen gogor eta etengabe borrokan Alemaniaren, Italiaren eta Japoniaren aurka, baina baita ekoizpen intelektualeko gaitasuna ere.

Erresuma Batua –Shakespeare, Dickens eta Shelley egile handien eta Darwin naturalistaren gotorlekua– ez zen gai izan Alemaniaren, Ameriketako Estatu Batuen edo Sobietar Batasunaren berrikuntza tekniko, zientifiko eta militar handiei aurre egiteko. Hein batean, egoera horrek eragin zien deklinismo sentimendu hori garaiko zenbait intelektuali. Haien ustetan, literaturaren, artearen eta filosofiaren nagusitasun kulturala zela eta izen zen Britainia Handia herrialde oso irakurria, baina baita ezereza ere, zientzia eta gizarte berriek botatzen zituzten erronkei aurre egiteko.

Azken batean, nola egingo zieten aurre uraniozko bonba garatu zuten potentziei eskolan Shakespeareren sonetoak errezitatzen jarraitzen bazuten?

 

Mito baten jaiotza

Bi kulturen mitoa hainbat arrazoirengatik sortu zen; tartean, teknikoki eta zientifikoki Gerra Hotzeko potentzia handien mailan egoteko gai ez izateko beldurragatik. Snowek zientzialarien eta literatoen banaketa ia naturalari buruz sortutako eztabaida –gaur egunera ere iritsi da– ideologia, gizarte eta deklinismo testuinguru zabalago batean ere uler daiteke.

Baina, zer garrantzi du horrek guztiak? Gaur egun bi kulturen artean dagoen dikotomia faltsua desmuntatu ahal izango dugu, baldin eta testuinguru horren kontingentziaz ohartarazten badugu, alegia, Snow arazo hori planteatzera eraman zuten faktore guztien historikotasunaz.

Gai bagara ikusteko gerrak, nolabaiteko gutxiagotasun konplexuak eta nazioko zientziarekiko jarrera pesimistak eraman zutela Snow zientzien eta giza zientzien arteko beharrezko banaketa egitera, ikusiko dugu banaketa ez dela ematen duena bezain naturala.

Eta, horrela, ideia xalo eta zaharkitu bat kenduko dugu betiko burutik; hots, aurrerapen intelektuala, berrikuntza kulturala eta gizarte ongizatea zientzietatik bakarrik etor daitezkeela.

The Conversation