euskaraespañol

Kongresua: Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia

Noiz eta non

Noiztik: 2019/12/11 Noiz arte: 2019/12/13, 00:00 - 00:00

Kokapena

San Telmo Museoa
Zuloaga plaza 1. -20003- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Deskribapena

Donostiako San Telmo Museoko ekitaldi aretoa txiki geratuko da Joxe Azurmendi (Zegama, 1941) pentsalariari eskainitako kongresuaren irekiera ekitaldirako. Izan ere, 140 lagunek parte hartuko dute kongresuaren lehen egunean, abenduaren 11ean, aretoa betetzeko beste.

Asteazkenean abenduak 11ean, 15.30etan, Donostiako San Telmo Museoko ekitaldi aretoan izango den irekiera ekitaldiko aurreneko hitzak antolatzaileenak izango dira: Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektorea, Jon Insausti Donostiako Kulturako eta Euskarako zinegotzi ordezkaria, Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakaria, Pedro Miguel Etxenike fisikaria eta Iñaki Zabaleta Joxe Azurmendi Katedra Proiektuko koordinatzailea izango dira aurkezpen mahaian. Ondoren, Joseba Zulaika antropologoak, Miren Azkarate hizkuntzalari eta euskaltzainak eta Pruden Gartzia euskaltzain urgazle eta idazleak hitzaldi bana eskainiko dute.

Horiei entzuten izango dira euskal kulturaren eta erakundeetako ordezkari aski ezagunak. Hala nola, Andres Urrutia euskaltzainburua, Miren Larrion eta Juan Karlos Izagirre EH Bilduko ordezkariak, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, Jesus Mari Ugalde Jakiundeko lehendakaria, Olatz Osa eta Alaitz Aizpuru Elkar argitaletxeko arduradunak, Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendaria, Iñaki Soto Gara-ko zuzendaria... eta beste hainbeste.

Hori dela eta, lehen eguneko lekuak agortu dira. Baina, hurrengo bi egunetarako oraindik bada lekurik. Hurrengo egunean, hain zuzen ere, abenduaren 12an, hiru aretotan banatuko da kongresua, Azurmendiren pentsamenduaren ildo ezberdinak aldi berean landu ahal izateko (ikus programazioa). Hori dela eta, kongresuko egunik mamitsuena izanen da, bai behintzat eduki kopuruari dagokionez. Gizaberearen filosofia, gogoeta etikoak, pentsamendu soziala, kooperatibismoa, nazioa, estatua eta kultura izango dira jorratuko diren gai nagusiak, mahaika sailkatutako hitzaldi laburren bitartez. Horiekin batera, goizean hitzaldi luzeagoak ere tartekatuko dira Azurmendiren ibilbideari eta obrari buruzko gogoeta orokorragoekin.

Abenduaren 13an, aldiz, goizeko saioak Areto Nagusira itzuliko dira, eta kongresuari amaiera emateko, Aginako zero bat emanaldia eskainiko dute San Telmoko elizan Manex Agirre, Jon Aranburu, Marco Bianchi eta Gaizka Amondarainek, kultura Azurmendiren kezka eta langai nagusietako bat izaki.

50 aditu hizlari kongresuan

Joxe Azurmendi filosofoaren ekarpen emankorra egungo begiradatik aztertu eta lantzea da Jakinek, UPV/EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia kongresuaren helburua, San Telmo Museoa laguntzaile dela. Izan ere, Euskal Herri garaikideko pentsalaririk oparoena da Azurmendi: filosofia, politika, hizkuntza, kultura eta literatura izan ditu aztergai, diskurtso zehatzak, unean unekoak eta egoerari erantzuten ziotenak, eta arnasa luzeko gogoeta teorikoekin uztartu dituenak. Argitaratu dituen 41 liburuak eta ia 500 artikuluak horren lekuko dira.

Egitaraua