euskaraespañol

Arabako Aldundiaren eta UPV/EHUren arteko hitzarmena

Oinarrizko hitzarmenak sustatuko du dibulgazio, prestakuntza eta ikerkuntzarako jarduerak egiteko abagunea

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/05

Irudia

Gaur goizean, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak eta Nekane Balluerka Lasa Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak lankidetzarako esparru hitzarmena izenpetu dute, elkarrekin egiteko zabalkunde, prestakuntza eta ikerketa jarduerak, bi erakundeen interesekoak eta arabarren mesederako direnak.

Lankidetza sistema horren helburu nagusia izango da bi erakundeen intereseko jardun ildoak batera garatzea hainbat arlotan, hala nola kultura, euskara, gazteria, kirola, gizarte eta ekonomiaren garapena, prestakuntza, ikerketa, berrikuntza, enplegagarritasuna, ekintzailetza eta bi aldeentzat interesgarri izan daitezkeen beste batzuk. Gaur izenpetu den agiria orokorra da eta esparrutzat balioko du arlo horiei guztiei buruzko beste hitzarmen batzuetarako. Lau urteko indarraldia izango du, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da.

Izenpetze ekitaldian, Ramiro González Arabako diputatu nagusiak nabarmendu du EHUk “funtsezko eginkizuna” izango duela Arabaren “etorkizunean”. “Unibertsitateak laguntzen du pertsonen hezkuntza integralean eta Gasteizko eta lurralde osoko ingurune kulturala handiagoa eta hobea izan dadin eta, horrez gain, funtsezko faktorea da gure ekonomiaren garapena bermatzeko”, adierazi du.

Ramiro Gonzalezek gaineratu du orain dela unea bi erakundeek zenbait arlotan dituzten unean uneko akordioak “lankidetza sakonago” bihurtzeko, “lankidetza horrek harremanak normalizatzen lagundu dezan eta emankorragoa izan dadin etorkizunean”. Diputatu nagusiak nabarmendu du garrantzi handikoak direla EHUrekin berriki lortu diren akordioak, hala nola Automobilgintzaren Ingeniaritzako Gradua, zeina Arabako campusean ematen baita; eta laster izenpetuko diren hitzarmenak, besteak beste, Arrakasta programari dagokiona, zeinak Arabako Foru Aldundiaren mende dauden adingabeei unibertsitate ikasketak egiten lagunduko baitie.

Bestalde, EHUko errektoreak gogorarazi du unibertsitatearen eta foru aldundiaren arteko harremana aspaldikoa eta emankorra dela: “Betidanik garatu izan da akordio espezifikoen bitartez, baina orain akordio orokor bat daukagu, eta horrek modu egonkorrean arautuko du lankidetza. Une honetatik aurrera, muga bakarra gure irudimena da, unibertsitatearen eta Arabako gizartearen aldeko lan ildo berriak aurkitzeko dugun gaitasuna”. Bi erakundeen arteko lankidetza estuaren erakusgarri, errektoreak honako hauek aipatu ditu: Automobilgintzaren Ingeniaritzako Gradu berria, 4.0 industriako prestakuntza, Agora Teknocamp programa garatu izana eta Zientzia Astea antolatzeko aldundiak laguntza eman izana.

 

Kultura, prestakuntza, ikerketa eta zabalkundea

Hitzarmen horren xede diren jarduerak, zehazki, honako alderdi hauetara mugatzen dira, besteak beste: bi erakundeen kultura programazioa koordinatzea eta EHUren kultura jarduera jakin batzuk finkatzea, lagundu dezaten Araba arlo kulturalean aktiboa den lurralde gisa ikus dadin; eta jarduerak batera egitea kultura, euskara, gazteria eta kirolaren esparruetan, bai eta kultura sorkuntzako beste diziplina batzuetan ere.

Lankidetzaren beste ataletako bat da elkarrekin parte hartzea bien intereseko prestakuntza, ikerketa eta gizarte ekimenetan, eta lankidetza programak ezartzea azterketa eta ikerketako lan akademikoak gauzatzeko esparru hauetan, aplikatzekoa den ikasketa araudia betez: hezkuntzako lankidetza programak egitea (borondatezko praktikak), gradu amaierako lanak, master amaierako lanak eta doktorego tesiak. Halaber, bi aldeen intereseko ezagutza arloetan EHUko eta Arabako Foru Aldundiko adituek osatutako lan talde mistoak sortzea balioetsiko da.

Esparru akordioan jaso da, orobat, bi aldeek interesgarritzat joko dituzten topaketak, biltzarrak zein prestakuntza eta zabalkunderako ikastaroak antolatzeko aukera; esate baterako, ‘EHUren Zientzia Astea’, baina ahaztu gabe enplegagarritasunari eta ekintzailetzari bultzada ematea eta bi erakundeak elkarlanean aritzea, lurraldeko industria egituraren lehiarako gaitasuna hobetze aldera.

Ezarritako helburuak lortzeko bi erakundeen artean egin beharreko ekintza zehatzak berariazko hitzarmenetan eta/edo kontratuetan jasoko dira, ekintzen izaeraren arabera. Azken horiek une bakoitzean indarrean den unibertsitate araudiaren arabera arautuko dira, eta betiere sektore publikoko kontratuen legeak ezarritako prozedurekin bat etorriz.