euskaraespañol

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna: Berdintasunaren Eragileak berezko masterra, 2018ko Emakunde saria

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/12/13

Irudia
Arantxa Elizondo, Arantza Campos, Izaskun Landaida eta Raquel Royo. Argazkia: Emakunde

Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna: Berdintasunaren Eragileak berezko masterrak irabazi du 2018ko Berdintasunerako Emakunde saria. Epaimahaiak adostu du sari hau ematea UPV/EHUren titulu honi, eta baita Deustuko Unibertsitateko Emakumeen Kontrako Indarkerian Esku hartzeko Masterrari, “berdintasuneko eta emakumeen kontrako indarkerian esku hartzeko politiken eremuan goi-prestakuntzako profesionalizazioari egiten dioten ekarpenagatik”.

2001ean sortua, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuna: Berdintasunaren Eragileak berezko masterra “erreferente akademikoa” bihurtu da gaian, eta “diziplinarteko prestakuntza teoriko eta praktiko zabala du, ikuspegi feministatik”, azaldu du Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak, sariaren aurkezpenean.

Bereziki sakontzen du berdintasun-politiketan, eta, horretarako, erakunde-eremuan erabiltzen diren tresnak eta neurri zehatzak ematen ditu ezagutzera. Halaber, emakume eta gizonen berdintasunaren aldeko lanean inplikatuta dauden pertsonen sarea sortu da. Martxan jarri zenetik 500 ikaslek egin dute masterra.

“Sari hau ohore eta poz handi da. 20 urte daramatzagu lanean, hasierakoetan proiektua lantzen, eta 2001ean irakasten, eta beti izan dugu Emakunderen sostengu eta laguntza. Nabarmendu nahiko nuke, alde batetik, hasieratik talde proiektua izan dela, ikusi genuen berdintasun politikak gauzatzeko, pertsona kualifikatuak prestatzea beharrezkoa zela, eta bestetik, proiektu feminista izan dela, gizarte eraldaketa bilatzen duena”, azaldu du UPV/EHUko irakasle Arantxa Elizondok. Elizondo eta Arantza Campos dira masterraren arduradunak.

Epaimahaiak honako hau ere nabarmendu du: master horiek duten eragin biderkatzailea, izan ere, horrek laguntzen du gaur egun berdintasun-politiketan –bai sektore publikoan, bai pribatuan– lan egiten duten pertsona askoren lanbide-eginkizuna goi-mailako prestakuntzarekin eta prestigioarekin egin ahal izateko, eta jardueran behar den genero-ikuspegia txertatzeko.

Sari honen bidez, gainera, aintzatespena egin nahi die, halaber, modu batera edo bestera bi master horietan parte hartu duten edo parte hartzen duten pertsona guztiei, bereziki ikasleei, beren eragin-eremuetan goi-mailako prestakuntza, profesionalizazioa eta kontzientzia duten aldaketa-eragileak izateko prestakuntza hori berenganatzea erabaki dutelako. Iñigo Urkullu lehendakariak emango du saria apirilean.

Aldez aurretik, UPV/EHUko beste bi irakaslek jaso dute Emakunde saria: Gizarte Antropologiako katedradun emeritu Teresa del Vallek, 2010ean, eta Matematikako irakasle Marta Machok, 2016an.