UPV/EHUk Proiektu Zuzendaritzako Hezkuntzari eta Ikerketari Buruzko Nazioarteko Konferentzia jasoko du lehen aldiz

  • Ekitaldia

Quand et où

22/02/2018, 9:00

Emplacement

Bizkaia Aretoa
Avenida Abandoibarra 3 - 48009 Bilbao (Bizkaia)

Descripción

Bilbok Proiektu Zuzendaritzako Hezkuntzari eta Ikerketari buruzko Nazioarteko Konferentzia, REPM2018, jasoko du datozen otsailaren 22an eta 23an. Europako aditu nagusiak elkartuko dituen ekitaldia lehen aldiz egingo da Euskadin. Bilboko Ingeniaritza Eskola da kongresuaren antolatzailea. Kongresuaren  batzorde zientifikoan Zaragozako, Oviedoko, Valladolideko edo Nafarroako unibertsitateetako eta Dortmund-eko (Alemania) Zientzia Aplikatuen eta Arteen Unibertsitateko, Lovainako Unibertsitate Katolikoko, Kiev-eko (Ukraina) Arkitektura eta Eraikuntza Eskola Nazionaleko edo Kaunas-eko (Lituania) Teknologia Unibertsitateko irakasle azpimarragarriak daude.

UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolak Proiektu Zuzendaritza (Project Management) Masterra eskaintzen du 2006tik, eta dagoeneko 300 profesionalek egin dute, batez ere ingeniariek, baina baita beste batzuek ere. Nahiko unibertsitate prestakuntza gaztea den arren, proiektu zuzendari postua da lan merkatuan gaur egun gehien eskatzen den eta ondoen ordaintzen den soslaietako bat. Bilboko Ingeniaritza Eskola izan da Master hori ezarri duen Europako lehenengoetakoa, eta Dortmund-eko (Alemania) Unibertsitatearekin batera, gradu osteko Proiektu Zuzendaritza ikasketak ematen dituzten unibertsitateen partzuergo europarraren liderra da.

Kongresuak hiru bloke handi landuko ditu: Proiektu Zuzendaritza Ikerketa, Iraunkortasuna eta Proiektu Zuzendaritza, eta Proiektu Zuzendaritzako Hezkuntza. Hizlari garrantzitsuek hartuko dute parte nazioarteko konferentzia horretan. Horrez gain, industria arloko profesionalen, ikerlarien, doktoregaien eta enpresa zuzendaritzan prestatutako edozein pertsonaren partaidetzara ere zabalik egongo da.

Kongresu honetan parte hartzen duten adituek, Proiektu Zuzendaritzako ikerketak, eta prestakuntza hori ikertzen duten unibertsitateen eta enpresetan proiektu zuzendari gisa aritzen diren profesionalen arteko ezagutzak trukatzeak duten gero eta pisu handiagoa nabarmenduko dute. “Helburua, batzuetan bakoitza bere aldetik aritzen diren bi unibertso elkartzea da: Proiektu Zuzendaritza Masterra eskaintzen duten Europako unibertsitateak eta enpresa proiektuak zuzenduz lan egiten duen komunitate espainiarra”, azpimarratu du José Ramón Otegi Bilboko Ingeniaritza Eskolako Proiektu Zuzendaritza arduradunak eta nazioarteko konferentziaren Batzorde Zientifiko Antolatzaileko sustatzaile eta kideak.

Kongresuak Proiektu Zuzendaritza alorreko berrogeita hamar aditu inguru elkartuko ditu Bizkaia Aretoan, Abandoibarran dagoen UPV/EHUko eraikinean. Horien artean, Proiektu Zuzendaritza alorreko mundu mailako bi erakunde garrantzitsuenak daude. Horiek dira, hain zuzen ere, alor horretako jarraibideak markatzen dituzten eta metodologia guztiak garatzen dituztenak, profesionalei proiektu zuzendaritza ziurtagiriak ematearen arduradunak izateaz gain.

Jesús Martínez Almela da horietako baten presidentea, egoitza Suitzan duen eta 58 herrialdetako beste horrenbeste elkarte biltzen dituen Proiektu Zuzendaritzako Nazioarteko Elkartekoa (IPMA), hain zuzen ere. Horrez gain, Claudia Alcelayk, Project Management Instituteko (PMI) Madrilgo ordezkaritzako presidenteak, ere hartuko du parte. PMI da Proiektu Zuzendaritzan aritzen den mundu mailako beste erakunde nagusia. Egoitza Pensilvanian (EEBB) duen erakundeak 200 ordezkaritza baino gehiago ditu 125 herrialdetan.

José Luis Martín UPV/EHUko Ikerketa zuzendariordeak; Enrique Amezua Bilboko Ingeniaritza Eskolako zuzendariak; Iñigo Guinea Guinea Hornos Industriales enpresako zuzendari nagusiak eta Jesús Martínez Almela IPMAko mundu mailako presidenteak inauguratuko dute Proiektu Zuzendaritzako Hezkuntzari eta Ikerketari buruzko Nazioarteko Konferentzia otsailaren 22an, ostegunean, goizeko 09:30ean. Osteguneko, otsailaren 22ko, egitarauak izaera gehien bat zientifikoa izango du, eta ostiralekoa, 23koa, jardunaldi praktikoagoa izango da, zenbait jarduerarekin, besteak beste, Jesús Martínez Almelak emango duen proiektu zuzendaritza ziurtapen ikastaroa eta San Mameseko estadiora egingo den bisita gidatua, nazioartean sariak irabazi dituen estadio berriaren proiektuaren arduradun izan diren Idomeko ingeniarien eskutik.

Kongresuan parte hartzeko beharrezkoa da webgunean izena ematea.
Kongresuak 150 euroko kostua du ikasketa mundukoak ez diren partaideentzat, edo 100 €-koa izena urtarrilaren 30a baino lehen emanez gero. Unibertsitateko profesionalek eta Master eta Doktoretza ikasleek ordaindu beharreko prezioa 50 eurokoa izango da.