euskaraespañol

Euskal gizartearen iritziz, immigrazioa ekonomiarako eta lan-merkaturako eragile positiboa da

Ikuspegiren 2018ko Barometroaren arabera, gizartearen % 70,6ren jarrera irekia da errefuxiatuekin

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/10/17

Irudia

Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak Bizkaian duen ordezkaritzan (Kale Nagusia 85, Bilbo), Ikuspegiren 2018ko Barometroaren emaitzak aurkeztu dira; horien bidez, euskal gizarteak atzerriko immigrazioaren aurrean duen jarrera neurtzen da.

Gorka Moreno Ikuspegi - Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendariak eta UPV/EHUko Soziologia eta Gizarte Langintzako irakasle eta ikertzaileak esan du immigrazioaren aurreko jarreretan egon den hobekuntza nabarmena izan dela azken urteotan, eta finkatu egin dela krisi ondoko egoeran. Gainera, euskaldunen iritziz, immigrazioa “ekonomiarako eta lan-merkaturako eragile positiboa da”. Azken batean, immigrazioaren gaineko diskurtso “funtzionalak edo utilitarioak” lan-merkatuaren barruan indarra hartzen du Gorka Morenoren iritzitan.

Gorka Moreno Ikuspegiko zuzendariarekin batera, Ernesto Sainz Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaria eta Patxi Juaristi UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea izan dira.

Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendariak zera nabarmendu du: “hamarkada gutxitan, historikoki pobrea eta emigrantea izan den herrialde izatetik, modernoa izatera igaro gara, aberatsa eta immigrantea. Eta esan liteke hala jarraituko dugula, behintzat epe laburrera eta ertainera; beraz, horrek adierazten digu atzerriko immigrazioa iritsi dela eta jarraituko duela Euskadira iristen, bertan geratzeko”.

Txostenak errefuxiatuen inguruan dakar inpaktu sozial eta mediatiko handiko gaia dela azken urteotan, ikuspegi irekia eta errefuxiatuekiko ulerkorra finkatzen ari dela. “% 29,8k uste du murrizketarik gabe egin behar zaiela harrera. Gainera, jazarriak direla erakusten duten pertsonei asiloa eskaini behar zaiela erantzuten duten pertsonak ere kontuan hartzen baditugu, % 70,6k du errefuxiatuekiko jarrera irekia (2017an, % 67,9 ziren)“, esan du.

Jarrera anbibalentea

Gaur aurkeztu den lanaren arabera, datuek egiaztatzen dute egoera ekonomikoak immigrazioarekiko jarreretan duela eragina. “Horrela, ziurtasun handiagoak konfiantza orokor handiagoa ere ematen du”, esan du Morenok.  “Immigrazioa Euskadirentzako arazo gisa murriztu egin da, nabarmen, 2018an, % 12,6tik % 7,7ra".

Baina jarrera guztiak ez dira ulerkorrak; izan ere, azterlanaren arabera, euskal herritarrek jarrera anbibalentea ere badute atzerriko immigrazioaren inguruan: bertan, aurreko ezaugarri ireki eta tolerante horiek eta jarrera uzkurragoak daude. Horrela, euskal gizarteak sinpatia gutxiago dio Magrebeko kolektiboari, bai eta beste jatorri batzuetakoei ere, besteak beste, Errumaniakoari edo Pakistangoari; urteetan zehar nabaria da jarrera hori. “Gainera, euskal herritarrek ez dute islamarekiko konfiantzarik. Nolanahi ere, azken urtean kolektibo guztiekiko sinpatia mailak hobera egin du”, esan du Morenok.

Era berean, euskal gizartean errotuen dauden estereotipo negatiboak ongizate-estatuari eta gizarte-babeseko sistemari lotutakoak dira. “Euskal gizartean errotuen dauden estereotipoak, aurreko urteetan bezalaxe, ongizateari eta gizarte-babeseko sistemari eustekoak dira. Beste estereotipo batzuek, besteak beste, immigrazioak dakarrela segurtasunik eza handitzea edo eskoletan kalitateak behera egitea dakarrelakoek, pisu gutxiago dute”, esan du.

Nolanahi ere, 2018ko Barometroak 2017ko datuak baino positiboagoak erakusten ditu, eta egiaztatu eta finkatu egiten du fase berria immigrazioarekiko jarreretan, eta “hori bat dator adierazle makroekonomikoen suspertzearekin eta atzerriko immigrazioarekiko iritzi optimista eta aldekoekin”, esan du amaitzeko, behatokiko zuzendariak.

Emaitzen laburpena.

Txosten osoa.