euskaraespañol

Euskarazko 26 liburu berri aurkeztuko ditu aurten UPV/EHUk Durangoko Azokara

Aurten argitaratu dituen liburuak erakutsiko ditu abenduaren 5etik 9ra bitartean egingo den 53. edizioan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/12/03

Euskarazko 26 liburu berri eramango ditu aurten UPV/EHUk Durangoko Azokara
Euskarazko 26 liburu berri eramango ditu aurten UPV/EHUk Durangoko Azokara. Argazkia: Laura López. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitatea, euskara sustatzeko daukan konpromisoari eutsiz, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan, euskal kulturaren erakustoki garrantzitsuenean, izango da aurten ere. Hala, UPV/EHUk azken urtean euskaraz argitaratu dituen 26 titulu berri eramango ditu abenduaren 5etik 9ra bitartean egingo den 53. ediziora.

UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak jakintzaren arlo guztietako euskarazko liburuak aurkeztuko ditu Azokan. Ikasleentzat eta unibertsitatetik kanpoko jendearentzat erakargarri diren ikerketa lanek, ikasliburu teknikoek (sormenezko nahiz itzulpen bidezkoek) eta dibulgaziokoek osatzen dute aurtengo uzta.

Zientziaren historia txiki bat (ZIO bilduma), William Bynum medikuntzaren historialari britainiarraren lana zientziaren esparrua bezain zabala da, eta zientziaren ibilbidea bezain luzea. Zientziaren erdian eta muinean gizakia dago; horrek ematen dio batasuna zientziaren zabalari, loturik baitaude arlo guztiak: geologia eboluzioarekin, biologia fosilekin, optika, fisika eta kimika medikuntzarekin, eta horrela guztia guztiarekin, Big Bangetik guganaino. Zientzia Irakurle Ororentzat (ZIO) bildumaren 20. zenbakia da lan hau, 15 urteko ibilbide oparoaren isla, eta hori ospatzeko, eskaintza bereziak izango dira Azokan.

Non dago Mikel Laboa? (Mikel Laboa Katedra, 2) artistaren bizitza-obra aztertzen du Josune Albisuren lanak, sormenaren gainean dugun kuriositatea asetzeko, eta sormenak gizartean duen eragina ikusteko. 60ko hamarkadan Mikel Laboak eta Marisol Bastidak izan zuten desio batek emango dio hasiera irakurketa honi: «mundu libreago, zuzenago eta gizatiarrago baten eraikuntzari ekarpen txiki bat behintzat egitea». Desio horrek mende erdia pasa ondoren utzitako lorratza sentitzeko parada izango dugu.

Herri kontakizunak Lapurdin, Baxe Nafarroan eta Zuberoan (Euskal Literatura Saila, 18). Liburuaren oinarria euskaraz egindako ahozko literaturako kontakizunen bilketa lana da. Maialen Moreno Zubeldia egileak, kontakizun horiek aztertu eta sailkatzean, zati handi bat irri ixtorioek osatzen zutela konturatuta, irri ixtorio horien ezaugarrietan sakondu du, ahozko literaturako beste genero batzuen aldean hauek gutxiago aztertu direlakoan orain arte.

Bariazioa esaldien intonazioan (Filologia eta Hizkuntzalaritza saila), Aintzane Etxebarria Lejarreta eta Naia Eguskiza Sánchez egileen ardurapean argitaraturiko lanak oinarrizko esaldien intonazioaren azterketa burutu du, horretarako Euskal Herriko zazpi probintzietako informanteen datuak jasoz. 

Opera selecta. Joaquín Gorrochategui. I. Aquitanica/Akitaniera (Koldo Mitxelena Katedra). Akitaniako hizkuntzarekin eta herriarekin lotuta, Joaquín Gorrotxategik idatzi duen guztia jaso da liburu honetan, Blanca Urgell eta José María Vallejoren ardurapean. Hurrengo urteetan, beste bi liburuki aurreikusi dira egilearen gainerako lanak biltzeko.

Ezaguna da euskal literatura klasikoari eta, zehatzago, Axularren Geroren ekarriari Patxi Salaberri Muñoak dion zaletasuna. Axular eta Gero Patxi Salaberriren pasio liburuan, gai honetaz idatzi dituen lan guztiak aurkituko ditu irakurleak, modu kronologikoan paraturik. Gotzon Aurrekoetxea, Jesús Mari Makazaga eta José Luis Ormaetxea "Txipi" arduratu dira liburuaren edizioaz.

Horrez gain, Legeak/Leyes bilduma elebidunean, bi titulu publikatu dira aurten: Espainiako abokatutzaren estatutu orokorra, 21. zenbakia, eta Espainiako auzitegietako prokuradoreen estatutu orokorra, 22. zenbakia.

Sail eta bildumetatik kanpo, lau ikerketa argitaratu dira. Sarako euskara, Koldo Zuazoren liburuak gaur egun Ipar Euskal Herrian erabiltzen den euskara ezagutzeko oinarri sendoa ekarri du plazara. Bi atal ditu lanak: gramatika eta hiztegia.

Gerraosteko Euskaltzaindiaren historia kulturala (1936-1954). Lan honetan, 1936 eta 1954 arteko Euskaltzaindiaren eta euskal kulturaren aro ilunegi hori, orain arte ez bezalako oinarri enpirikoarekin eta edozein azterketak izan beharko lukeen zintzotasun historikoarekin aztertzea izan da Anton Ugarteren asmoa. Euskaltzaindiarekin elkarlanean argitaratu da liburua.

Esku ikusezinaren itzal luzea. Ekonomialarien erretorikaren kritika. Joseba Permachen liburuak liberalismo ekonomikoaz dihardu, haren diskurtsoa eta funtzioa ikertzeko helburuarekin. Azken krisi ekonomikoaren harira, jatorrian finantza–lurrikara zegoela esan ziguten. Adam Smith-en esku ikusezin famatuak, beste behin, porrot egin zuen. Alta, merkatu libreak aldi oro azalarazten dituen gabezia eta ezintasunak onartu eta erabakiak hartu beharrean, aldatu den gauza bakarra liberalismo ekonomikoaren diskurtsoa izan da. UEUrekin elkarlanean argitaratu da liburua.

Indarkeria sexualak unibertsitatean: aurre egiteko prestakuntza-gida. Marta Luxán, Jokin Azpiazu eta Barbara Biglia (koord.). USVreact proiektuaren barruan garatutako ikerketa-ekintza honen helburu nagusia izan da unibertsitate-eremuan jazotzen diren indarkeria sexualen prebentzioan eta abordatzean eragin positiboa izango luketen prestakuntzak diseinatu, gidatu eta ebaluatzea.

Bestalde, euskarara itzuli ditugu irakaskuntzarako garrantzitsuak izango diren beste hizkuntzetako sona handiko lau testuliburu.

Haurtzaroaren psikologia. Henri Wallonek erabateko ekarpena egin dio haurtzaroaren psikologiari; liburu honetan haren zortzi artikulu biltzen dira, Elena Herránek hautatuak, haurtzaroaren psikologiaren berri era sistematizatu eta argian eskaintzeko asmotan. Liburuan, haurra eta haren bilakaera ulertzeko modua eraldatzen duten egilearen orijinaltasuna eta oparotasuna islatzen dira.

Ikerkuntza sozialaren estiloak. Epistemologia, anarkia zerbait eta soziosofia pixka bat. José Ángel Bergua Amores. Ordena soziala politikaren bidez egiten da (profesionalek lagunduta), eta zientziaren bidez pentsatzen da (ikerkuntzak lagunduta). Gizartea aldatuz joan da, ekiteko eta gogoeta egiteko baliabideak ere aldatu egin direlako. Ikerkuntza sozialean, zehazki, teknika kuantitatiboen enfasia baztertu eta teknika kualitatiboak erabiltzen hasi dira, teknika parte-hartzaile eta esku-hartzaileetara iritsi arte.

Historia ekonomiko globala. Robert C. Allen. Zergatik dira herrialde batzuk aberatsak, eta beste batzuk pobreak? Liburu honetan geografiaren, globalizazioaren, aldaketa teknologikoaren, politika ekonomikoaren eta erakundeen eragin-trukea aztertzen da, munduko herrialdeen aberastasuna eta pobrezia nola finkatu dituzten erakusteko. Historiako adibideak erabiliz hazkundean eragina izan duten faktoreak aztertzeko, azaldu du zerk eragin duen gaur egungo mundu desorekatua.

Oinarrizko kontzeptuak eta ereduak interpreteen eta itzultzaileen trebakuntzarako. Daniel Gile. Liburuaren bertsio honetan, 1995ekoa sistematikoki zuzendu, hobetu eta eguneratu da. Liburua mundu osoko itzulpengintza eta interpretazioko trebakuntza programetan erabiltzen da, eta itzulpengintzako ikasketen nazioarteko komunitatean maiz aipatzen da. Itzulpengintza eta interpretazio profesionalaren printzipioak eta arlo horretan maiz agertzen diren arazoak eta zailtasunak ulertzeko behar diren oinarri kontzeptualak ematen ditu.

Horrez gain, euskaraz sortutako zortzi eskuliburu argitaratu dira paperean. Osasun-Zientzietan: Garezurraren anatomia, Jon Jatsu Azkueren lana; Giza histologiari buruzko eskuliburua odontologiako ikasleentzat, Francisco José Sáez eta Iker Badiola irakasleen lana; Iktusa. Aro berri bat, Maite Martinez eta Amaia Muñoz egileen lana; Histologia medikoa, Iker Badiolak eta Edurne Alonsok idatzia. Matematika: Kalkulua. Ariketa ebatziak, Patxi Angulo. Azken hirurak UEUrekin elkarlanean argitaratu dira. Ingeniaritza: Errepide-ingeniaritza. Itziar Gurrutxaga, Mikel Iturrate eta Usue Oses. Gizarte Zientziak: SPSS eta R Commander. Ikerketa ez-esperimentaletako datuen analisia, Arantxa Gorostiaga eta beste irakasle batzuen artean egindako lana; Ekonomia arloko itzulpengintza. Frantsesa-euskara, Inmaculada Barrena, Juan Ibeas eta Lydia Vázquez irakasleena.

Euskarazko aldizkarien azken zenbakiak ere eramango ditugu Durangora: Ekaia (zientzia eta teknologia) aldizkariaren zenbaki arrunta eta berezia; Tantak (hezkuntza); eta Gogoa (diziplina anitzekoa). Baita ASJU (euskal filologia) aldizkari eleaniztunaren ale arruntak eta bi monografikoak ere, Studia Philologica et Diachronica in honorem Joakin Gorrotxategi. Vasconica et Aquitanica, Joseba A. Lakarra eta Blanca Urgell irakasleen ardurapean; eta Le verbe basque ancien: étude philologique et diachronique, Céline Mounole  egilearen lana.

Berrikuntza horietaz gain, bisitariek beste berrehun titulu ere izango dituzte aukeran.