euskaraespañol

Euskarazko arlo juridikoari funtsezko ekarpena egin nahi dio Zuzenbide Fakultatearen Hiztegi Juridikoak

UPV/EHUko bost koordinatzailek, hamabost taldeburuk eta 51 autorek egin dute lan Durangoko Azokan aurkeztuko den liburuan

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/03

Euskarazko arlo juridikoari funtsezko ekarpena egin nahi dio Zuzenbide Fakultatearen Hiztegi Juridikoak
Euskarazko arlo juridikoari funtsezko ekarpena egin nahi dio Zuzenbide Fakultatearen Hiztegi Juridikoak

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) euskarazko arlo juridikoari funtsezko ekarpena egin nahi dio UPV/EHUko Zuzenbide Fakultatearen Hiztegi juridikoaren bitartez. Hala, terminologia bateratua adosteko eta erabiltzeko aukera ahalbidetzen duen euskarri elebiduna da hiztegi juridiko hau.

“Zuzenbide Fakultateak 50 urte bete ditu aurten, eta 30 baino gehiago dira euskaraz irakasten hasi zenetik. Guztira, 2.000 ikasle lizentziatu eta graduatu dira euskal adarretik urte horiek guztietan. Une honetan Zuzenbideko Gradua, Kriminologiako Gradua eta Enpresa Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu bikoitza euskaraz osorik egiteko aukera eskaintzen duen unibertsitate bakarra gara”, zehaztu du Juana Goizueta UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko dekanoak.

Ikertzeko, lan berriak kontrastatzeko eta lan horiek modu argian zabaltzeko aukera izan dezaten, irakaskuntzaren eta dibulgazioaren bitartez, diziplina akademiko orok corpus linguistiko normalizatu eta egonkor bat eduki behar du. “Hizkuntza normalizatu bat izan ezean, ahalegin akademikoak atzean geratzera eta, are okerrago, nahasmenera kondenatuta daude”, zehaztu du Jon Zaratek, Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordeak.

UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko bost koordinatzailek, hamabost taldeburuk eta 51 autorek lan egin dute hiztegian, bai eta hizkera eta komunikazio juridikoa irakasten eta jurilinguistikaren alorrean lan egiten duten hiru hizkuntzalarik ere.

Gizarte osoari zuzendua

Hiztegiak erreferente zientifiko bat izan nahi du zuzenbidearen arloko profesionalentzat, irakasleentzat eta ikasleentzat, baina zuzenbideak hedabideetan eta, oro har, gizarte-bizitzan duen sekulako eragina kontuan harturik, zilegi da esatea gizarte osoa dela hiztegi honen hartzailea.

“Horrexegatik, hiztegi hau Zuzenbide Fakultateak gizarteari eta euskararen garapenari egiten dion ekarpenaren lekuko gisa har daiteke, baina, areago, fakultateko kideek lau urte luzez elkarlanean egindako proiektua den heinean, fakultate bezala euskara juridikoaren garapenarekin dugun konpromiso sozialaren adierazle agerikoa da”, azpimarratu du Zaratek.

Beste ekarpen batzuk:

•             2008. urteaz geroztik, nazioarteko eta estatuko funtsezko legeak ematen ditu UPV/EHUk euskaraz Legeak/Leyes UPV/EHUko                        argitalpen sailaren bidez; jada 23 liburu argitaratu dira, eta beste 4 liburu berri daude bidean.

•             2012. urteaz geroztik, Euskara Juridikoaren Ataria eskaintzen du Zuzenbide Fakultateak bere webgunearen bitartez, Euskara                          Zerbitzuarekin elkarlanean.

•             2012. urteaz geroztik, Zuzenbide Corpusa eskaintzen dugu Euskara Institutuarekin elkarlanean.

•             2014. urtetik Zuzenbidea Ikasten eta Kriminologia Ikasten aldizkari akademiko indexatuak argitaratzen dira euskaraz.

•             Eta testuliburuak, ikasmaterialak, apunteak eta beste material akademikoak ekoizten dira etengabe Zuzenbide Fakultatean.