euskaraespañol

Pentsatu! Jaialdia, hiru egun filosofia gizarteratzeko

Noiz eta non

Noiztik: 2018/11/16 Noiz arte: 2018/11/17, 09:30 - 00:00

Kokapena

Areto nagusia - Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatea
Avenida de Tolosa 70. -20018- Donostia / San Sebastián (Gipuzkoa)

Irudia
Ekai Txapartegi, Belen Altuna eta Iñigo Galtzakorta. Argazkia: UPV/EHU

Deskribapena

Pentsamendua, filosofia eta kritika giro ludiko eta informalean hedatzeko asmoz, aurten ere Pentsatu! jaialdia antolatu dute Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofiako Graduko hainbat irakasle eta ikasleek, Etikako Euskal Clusterrak, Donostia Kulturak eta AGORA Elkarteak lagunduta.

Azaroaren 15ean, ostegunez, 11:00etatik aurrera, ospatuko da UNESCOk izendatutako Nazioarteko Filosofia Eguna; goiz horretan, filosofiaren eta poesiaren arteko harremanak aztertuko dira HEFA Fakultateko Areto Nagusian, ikasleek eta irakasleek hautatutako poemak irakurriz. Ostiralean, azaroaren 16an, 09:30etatik aurrera, ostera, Euskal Herriko hainbat herritik UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatera iritsiko dira Batxilergoko 240 ikasle, tailerren bidez filosofia modu praktikoan esperimentatzeko. Amaitzeko, larunbatean, azaroaren 17ean, fakultatetik hirirantz hedatuko da Filosofesta: goizez, 12:00etan, Kaxilda liburu-dendan, kulturgintzari ikuspegi kritikoa eskainiz, eta arratsaldez, 19:00etatik aurrera, Tabakalerako 4. solairuan, gaurkotasun handiko hainbat gai eztabaidatuz.

“Filosofiaren Eguna ospatzeko modu asko daude,” dio Belen Altuna UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko irakasleak. “Aurten bururatu zaiguna, hain zuzen ere, Poesiarekin lotzea da. Lotzea, korapilatzea, aurrez-aurre jartzea. Errealitatea begi filosofikoekin ez ezik, begi poetikoekin ere arakatzea. Galdera handiak —kezka existentzial gordinak, esaterako— bi lengoaia horiekin egin baitaitezke.” Altunaren aburuz, badirudi bata iristen ez den tokira iristen dela bestea.

Ostiraleko jardueraz, aipatutako ikastegiko irakaslea eta Akademia Antolakuntzarako dekanordea den Iñigo Galtzakortak dio fakultatearentzat “Filosofiari lotuz” jaialdi horretako ekitaldi bereziena dela: “Iazko esperientzia oso polita izan zen bai etorri ziren ikasleentzat bai ekitaldian parte hartu zuten irakasleentzat. Beste behin, etorritako Batxilergoko ikasleek erakutsi ziguten filosofia, gure eguneroko arazoekin lotzen dugunean, asko interesatzen zaiela gaur egungo gazteei. Interes hori gure Filosofia graduko azken ikasturteetako matrikulan modu nabarian islatzen ari da: momentu honetan gradua ikasi nahi dutenen kopurua eskaini dezakegun plazen kopurua baino dezente handiagoa da. Eta badakigu Pentsatu! jaialdiak gizarteak filosofiarekiko jadanik duen interes hori areagotzeko balioko duela.”

Filosofesta dela eta, Ekai Txapartegi irakasleak azpimarratzen du filosofia kaleratzeko helburua. Formatu aldetik esperimentu moduko bat da, Barcelona Pensa ezarritako eredutik abiatu dena: “Aurretik ez dakigu zer aterako den, eta parte hartzearen arabera aldatzen da; behin galdera filosofikoak jarrita jendearen ekarpenak balio handikoak zaizkigulako. Bertaratzen den jendeak galderak egiten dizkigu eta jarritako gaien gainean iritzia eman dezakete nahi badute. Iazkoa izan zen lehen urtea eta oso balorazio ona egin genuen. Aurreikuspenak gainditu genituen eta, egia esan, pixka bat harrituta ere geratu ginen, ez baikenekien filosofiak Donostian halako interesik zor zezakeenik. Herritarren ekarpenak ere oso aberasgarriak izan ziren, oso pluralak. Iazko esperientzia kontuan izanda bigarren urtez egitera animatu gara. Ea aurten ere ondo ateratzen den.”