euskaraespañol

UPV/EHUk lau gradu eta bi master eskainiko ditu prestakuntza dualean 2018-2019 ikasturtean

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/23

Irudia

Etengabe aldatzen ari den mundu honetan, goi mailako hezkuntza erakundeek ikaslearen irakaskuntza-ikaskuntza prozesua berritu behar dute, ikasle egresatuen laneratzea hobetzeko gizarte eta ekonomia ingurunean. Erronka horri erantzuteko, Universidad del Pais Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) aitzindaria izan zen unibertsitateko graduetan prestakuntza duala eskaintzen, eta eskaintza hori zabaltzen joan da. Datorren 2018/2019 ikasturtean lau gradu eta bi master eskainiko dira eredu horretan. Sei titulu horiek Euskal Unibertsitate Sistemako gradu eta master titulu ofizialetarako ikasketa dualaren aitortza jaso dute, gaur Hezkuntza Sailak eta Unibasq-Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak adierazi dutenez.

Hain zuzen ere, datorren ikasturtean eskainiko diren eredu dualeko graduak dira: Prozesu eta Produktuen Berrikuntza Ingeniaritza (prestakuntza dualeko Estatuko lehen titulazioa), UPV/EHUri atxikitako Ingeniaritza Dualeko Unibertsitate Eskolan (Elgoibarreko IMH) 2012/2013 ikasturtetik ematen dena; Automobilgintzaren Ingeniaritza (Gasteizko Ingeniaritza Eskola); Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (Ekonomia eta Enpresa Fakultatea, Gipuzkoako Campusean) eta Lan Harremanak (Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea, Bizkaiko Campusean). Lehenengo bietan, gradua egiten duten ikasle guztiek dualean ikasten dute; beste bietan, berriz, ibilbide duala aukeratzen duten ikasleek jarraitzen dute. Masterrei dagokienez, prestakuntza duala hauek daukate: Sistema Txertatuen Ingeniaritza eta Multimedia Kazetaritza. Guztira, UPV/EHUk 110 plaza eskainiko ditu graduetan, eta 47 masterretan.

Txandakatzearen helburua da enpresan eskuratutako gaitasunek unibertsitatean eskuratutakoekin bat egitea. Horrela, enpresek, beren beharrak asetzeko, modu aktiboan parte hartuko dute prestakuntza txandakatua jasoko duen ikaslearen gaitasunen profilaren diseinuan.

“Prestakuntza dualak ikasleari lan kontratupean hartuko duen enpresaren errealitatea hobeto ezagutzea ahalbidetuko dio, eta lagungarria izango zaio ere ondorengo laneratzerako. Era berean, ekimen honek aukera bikaina ematen digu Euskal Herriko Unibertsitatearen eta bertoko ehun ekonomikoaren arteko harremanak areagotzeko eta hobetzeko, eta hurbilketa horretatik lankidetza aukera berriak sortuko dira bi aldeentzat estrategikoak diren arloetan", nabarmendu du UPV/EHUko Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreorde Araceli Garinek.

“Dudarik gabe prestakuntza duala gaurko unibertsitate hezkuntzaren erronketako bat da, eta UPV/EHUk eraginkortasun eta prestasunez erantzun dio. Mota honetako gradu bat ezarri zuen Estatuko lehen unibertsitatea izan ginen, gure ikastegi atxikia den Ingeniaritza Dualeko Unibertsitate Eskolarekin koordinaturik. Orain eredu hori hiru campusetara zabaldu dugu, hainbat ikastegi eta jakintza arlotan. Garrantzitsuena da eredua kontsolidatu dela, baina hazteko daukan ahalmenaz kontziente izan behar dugu. Egun lau gradu eta bi master dauzkagu, eta eskaintza, dudarik gabe, etorkizunean handituko da”, erantsi du Garinek.