euskaraespañol

Funtzionatzen al du gazteei lan merkatuan sartzeko ematen zaien babesak?

UPV/EHUko Sara De la Rica katedradunak parte hartzen duen Europako Partzuergo batek gazte langabeei eskaintzen zaizkien ekimenen eraginkortasuna ebaluatuko du

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/03/14

Irudia
Ezkerretik eskuinetara, Lucía Gorjón, Elene Allende, Ander Galean, Sara de la Rica eta Ainhoa Vega. (Argazkia: Tere Ormazabal. UPV/EHU)

Europan, ia 5,5 milioi gazte (% 14,3) niniak dira; hau da, ez dute ez ikasten ez lanik egiten. Gobernuek baliabide asko bideratzen dituzte gazteen langabeziari, eta, bereziki, niniei zuzendutako politikak eta programak garatzera. Baina neurri horiek benetan eraginkorrak dira? “Youth Employment partnerSHIP” (Gazteen Enplegurako Elkartea) izeneko nazioarteko ikerketa proiektuak, urtarrilean abiarazitakoak, politika horietako batzuk ebaluatuko ditu, Europa mailan lan merkatuan gazteek jasotzen duten babesaren helmena zein den ikusteko.

“Europako hegoalde eta ekialdeko gazteak dira kaltetuenak. Espainian, 18 eta 24 urte arteko milioi bat gazte baino gehiago niniak dira (% 17,1). Euskadin, 11.633 dira (gazteen % 6,4), Espainiako tasarik baxuena; hala ere, datua kezkagarria da. Horrek ondorio larriak ditu: gizarte bazterketako arriskua areagotzen da eta gazteek aukera gutxiago dituzte etorkizunean enplegu egonkor bat lortzeko”, adierazi du UPV/EHUko Ekonomiako katedradun eta ISEAK Fundazioaren zuzendari Sara De la Ricak.

 “Scarring effect edo orbain efektua izenaz ezaguna den fenomeno bat existitzen da, zeinak azaltzen baitu gazteek kalitatezko enpleguak lortzeko aurre egin beharreko zailtasunek gazteen ongizatean berehalako efektua izateaz gain, epe luzerako kostuak ere badituela. Frogatuta dago lan ibilbidearen hasierako baldintzek ondorio iraunkorrak dituztela denborak aurrera egin ahala, adibidez, lan egonkorra aurkitzeko zailtasunei dagokienez, txandaketa tasa altuei, ordainsari txikiagoei eta langabezia aldi handiagoei lotuta”, adierazi du De la Ricak. 

Europan jarduera asko abiarazi dira niniei eta beste gazte batzuei lan merkatuan babesa emateko. Zehazki, Europako Batzordeak Gazte Bermea Sistema ezarri zuen 2013an. Berme Sistema Europako ekimenak gazteen lan merkaturako sarbidea errazteko xedea du. Espainian 2014an onartu zen. Gazte Bermearen helburua da gazte guztiek enplegu eskaintza bat jaso ahal izatea, hezkuntza edo prestakuntzazkoa, ikasketak bukatu ondoren edo langabezian geratzean. Hala ere, ezer gutxi dakigu gazteei zuzendutako lan merkatuaren inguruko politika eta programen eraginkortasunari buruz: zerk funtzionatzen du eta nori funtzionatzen dio?

 “Ia ez da neurtu gazteei lan merkatuan ematen zaien babesaren eragina, eta hortik abiatuta sortu zen proiektu hau. Orain arte, soilik ebaluatu da babes horren eragina neurri oso zehatz batzuetan (Lanbide Heziketako ikasleentzako Prestakuntza eta Ikasketa kontratuetan, adibidez). Proiektu hau erabil daitezkeen beste neurri batzuk ebaluatzeko sortu da, eta, ondorioz, gazteen erdian baino kopuru handiagoan eragina izateko, Praktika Kontratuak ebaluatzeko, adibidez”, adierazi du De la Ricak.

Proiektua 2021eko irailera arte gauzatuko da, eta emaitzak proiektuak aurrera egin ahala aurkezten joango dira. “Ekimenen eraginkortasuna ebaluatuko dugu ebaluaziorako estatistikako metodo eta datu analisiaren bidez; horiek erabilita ulertuko dugu zer motako enpresek eta zer motako gazteek (adina, generoa, heziketa maila eta abarren arabera) baliatzen dituzten horrelako ekimenak, neurri handiago eta txikiagoan. Emaitzak prentsa oharraren bidez aurkeztuko dira, baita proiektuari lotutako ekitaldi espezifikoetan ere. Baliteke ekitaldi horietako bat Bilbon egitea”, aurreratu du.

 “Youth Employment PartnerSHIP” proiektua

Espainia, Hungaria, Italia eta Poloniako babes neurrietako batzuk ere ebaluatuko dira; Europako sei erakundetako ikerlarien eskutik, haien artean Sara De la Rica UPV/EHUko katedraduna buru duen taldea. Munduko Bankua, Norwegian School of Economics eta Paris School of Economics erakundeek jarduerak babestuko dituzte aditu gisa, eta proiektuaren emaitzak Europako lan merkatuetan gazteek dituzten beharrei heltzeko politika eraginkor bilaka daitezen lagunduko dute.

 “Youth Employment PartnerSHIP - Ebaluaketa Azterlanak Espainian, Hungarian, Italian eta Polonian” proiektua Islandia, Liechtenstein eta Norvegiaren eskuko 1,8 milioi euroko dirulaguntza bati esker gara daiteke, EEA and Norway Grants Fund for Youth Employment (Gazte Enplegurako Europako Esparru Ekonomikoaren eta Noervegiaren Funtsa) funtsaren bidez. Funtsak Europan gazte enplegu iraunkorra eta kalitatezkoa sustatzen duten nazioarteko proiektuen ekimenak babesten ditu. Proiektua 2021eko irailera bitarte garatuko da, eta Egiturazko Ikerketaren Institutuak (Varsovia, Polonia) zuzentzen du.

Informazio gehiago: www.yepartnership.ibs.org.pl