euskaraespañol

Txillardegiri omenaldia egin dio Euskal Herriko Unibertsitateak

Txillardegi izena duen areto berria inauguratu du Carlos Santamaria Zentroan eta Txillardegi Hausnartu sariak banatu ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/13

Irudia
Plakaren estalgabetzea. Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” irakasleari gorazarre ekitaldia egin dio gaur goizean Donostian. Euskal Herriko Unibertsitatea Txillardegiren etxea izan zen 20 urtez. Bere izena Carlos Santamaría Zentroko erakusketa aretoari jarriz, Txillardegik euskararen alde egindako lana eta ezagutza zabaltzeko zuen gaitasuna aldarrikatu nahi ditu UPV/EHUk, Txillardegi zenaren familiarekin eta lagunekin batera.

Halaber, ekitaldian txertatuta, Txillardegi-Hausnartu Soziolinguistika Sariak ere banatu dira. Miguel Galicia Lambarri filologo eta euskaltegiko irakasleak irabazi du lehen saria euskara biziberritzeko plan eta proiektuen ebaluazioaren inguruko lanarekin. Bigarren saria Jon Fernandez kazetariarentzat izan da, Ondarroako nerabeen sare sozialetako hizkuntza-erabileraren azterketagatik. Eta hirugarren saria Xabier Madorranek jaso du Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek (IKKT) euskaran duten eraginari buruzko lanagatik.

Txillardegiri gorazarre izenburupean egin den ekitaldian, Nekane Balluerka errektoreak bi hamarkada luzez Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea izan zenak egindako ekarri oparoa nabarmendu du. Ildo horretan,  besteak beste, soziolinguistikaren ikuspegi berritzailearen ikerketan, euskararen batasunaren eragiletzan eta, euskarazko kultura moderno eta garaikidearen oinarrien aitzindaritzan egin zituen ekarpenak aipatu zituen.

Era berean, Txillardegi zenaren familiak eskerrik beroenak eman ditu. “Baina eskerrak emate hau ez da batere formula "formala", inondik ere ez, bihotz bihotzekoa baizik, biziki sentitua. Jose Luis gizon zintzoa zen. Oso zintzoa gainera, eta kontsekuentea. Batere aurreikusi  merkerik gabe jokatzen zuen, zer gerta ere. Bere ustez bide egokiena zenetik abiatzen zen, dena ondo aztertu ondoren. Eta hartutako ildoa zuzena gertatzen ez bazen, eragozpenik batere gabe, beste bide bat jorratzen zuen, kosta ala kosta, ondorioez guztiz jabetuta, beti-beti bere buruaz ahaztuta, helburuen alde. Eta honetan, bere seme-alabentzako  eredu izan dela iruditzen zait, horrelaxe jokatzen dutelako hauek ere”.

Txillardegi Hausnartu sariak

2008. urtean sortu zenetik, lehiaketaren helburu nagusia euskal soziolinguistika teorikoaren eta metodologikoaren garapena eta berrikuntza da. Euskal soziolinguistikarekin ikerlarien lana bultzatzea eta beste hainbat ikerlari ere euskal soziolinguistikaren eremura biltzea bilatzen da. Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke sarietara, beti ere oinarri zientifikoa dutenak edota zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen dituztenak izanik. Diziplina desberdinetatik proposatutako lanak izan daitezke gainera; soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio-zientzietatik, besteak beste.

2019ko edizioan Soziolinguistika Klusterra eta Euskal Herriko Unibertsitateak lehiaketa elkarlanean antolatzen dutenetik, Txillardegi-Hausnartu izena hartu du deialdiak. Jose Luis Alvarez Enparantza “Txillardegi” euskal soziolinguista omendu nahi da, besteak beste, unibertsitatetik euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lanagatik. Soziolinguistika Klusterra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako Zuzendaritzaren ordezkari banak osatzen dute epaimahaia eta hiru lan onenak hautatzen dituzte sarituak izateko.

Lehen saria: Miguel Galicia Lambarri. Ebaluazioa: euskararen aldeko ekimenen labirintoan orientatzeko gakoa

Euskara sustatzeko planen ebaluazioaren inguruko azterketa eta hausnarketa egin du lan honetan egileak, horretarako zenbait eskualdetako plan estrategiko eta bestelako hainbat proiektu oso hurbiletik aztertuz. Ekimen horiek ebaluatzeko irizpideak eta emaitzak miatuz, ebaluazio-molde horietan zer hobetua badagoela argudiatu eta proposamena ere egiten du.

Epaimahaiak sari honekin nabarmendu nahi izan du ikerketa honen gaiak duen interesa, bere aplikagarritasuna eta, batez ere, hausnarketa sustatzeko duen ahalmena, plan horietan inplikaturik dagoen edonor ukitzen duena. Aldi berean, oso positiboki baloratu du ebaluazioak egiteko irizpide kualitatiboen garrantzia azpimarratu izana, kuantitatiboari bere balioa murriztu gabe. Horrez gain, soziolinguistikaren ebaluaziotik harago, ebaluazio orokorrera igarotzeko izan duen abilezia ere nabarmendu du epaimahaiak.

Miguel Galicia Lambarri (Bilbo,1960) Euskal Filologoa da. Enkarterriko Udal Euskaltegian ari da lanean 1993 urteaz geroztik, irakasle eta zuzendari gisa, Bilbo Zaharreko Euskaltegian irakasle hainbat urte egin ondoren.

Bigarren saria: Jon Fernandez San Martin. Ondarroako nerabeen hizkuntza ohiturak sare sozialetan. Kode alternantzia eta erregistroak

Euskarak sare sozialetan duen pisua aztertu du Jon Fernandezek lan honetan, zehazki, Ondarroako 16 eta 18 urte bitarteko nerabeen Whatsapp eta Instagrameko jarduerak.  Ikerketak erakutsi du bertako euskararen nagusitasuna handia dela, kaleko arau soziala ere bilakatuz, gutxienez, adin horretako biztanleen artean. Horrek ez ditu halere, sortzen ari diren gaztelania eta ingelesaren interferentziek sor ditzaketen kezkak edo egonezinak estaltzen.

Lan borobila da epaimahaiaren iritziz; oso ondo josia, laginak eta datuen lanketak zorrotz emanak eta hizkuntza desberdinen inguruko informazioa eskainiz gainera, esate baterako portugesarena edo arabierarena. Gainera, euskararentzat funtsezko bi puntu lotzen ditu: alde batetik, sare sozialak, gazteak eta Ondarroa hirukote oso interesgarria, eta bestalde, euskara, gazteak eta irudi modernoa. Beraz, oso lan interesgarria inondik ere.

Jon Fernandez San Martin (Ondarroa, 1986) kazetaria da Berria egunkarian 2011tik, nagusiki Ekonomia sailean. 2010etik 2015era bitartean  La Vanguardia-ko ES-Estilos de Vida aldizkarian kolaboratzaile eta lehenago Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzan ere kazetari-lanetan ibilitakoa.

Hirugarren saria: Xabier Madorrán de la Iglesia. Teknologia berriak eta hizkuntza gutxituak: IKT-en eragina euskaran

IKTak biztanleriaren bizitza eraldatzeaz gain hizkuntza gutxituengan eragin zuzen-zuzena izan dute. Ikerketa honetan euskarak jazo dituen eragin positiboak eta negatiboak arakatu eta argitu nahi izan dira eta horren inguruko hausnarketa proposatu eta partekatu. Lana oso ondo baloratu da, gaiaren garrantziagatik, taxututako modu zorrotzagatik eta hausnarketarako eskaintzen dituen baliabideengatik.

Xabier Madorrán de la Iglesia (Gasteiz, 1996) lehen hezkuntzan graduatua da eta Orientazio eta Esku-hartze Psikopedagogiko masterra ere egin du CJC Unibertsitatean. Gaur egun bigarren hezkuntzako pedagogia terapeutikoko irakasle da Hegoalde Bigarren Heziketako Institutuan eta, lehenago, euskara irakasle modura aritu da Hegoalde euskaltegian, biak Gasteizen.

Erakusketa

Txillardegik, bere jakin-mina eta kezka intelektualak asetu nahian, bizi-leku izan zituen hainbat tokietako liburutegietan orduak eman zituen. Baita gure Campuseko liburutegietan ere, UPV/EHUko irakaslea zelarik. Irakurle amorratua zen Txillardegi.

Euskararen alde eta Euskal Herriko politikagintzan egindako lana Txillardegiren arlorik ezagunenak badira ere, beste eremuetan ere gogoz eta modu berritzailean jardun zuen. Horren ondorioz, Txillardegiren izena liburu eta testu ugarietan idatzita dago.

Horregatik guztiagatik, Gipuzkoako Campuseko Liburutegiak jarduera hau proposatzen du: "Txillardegi irakurtzen" erakusketa, 2019ko azaroaren 13tik 2020ko otsailaren 28ra arte irekita egongo den erakusketa. Erakusketa honetan, liburu eta beste testuez gain, Txillardegiren familiak utzitako zenbait artxiboko materiala, objektu pertsonala eta oroigarriak erakusgai egongo dira. Txillardegi bateratua ezagutarazten saiatuz.