euskaraespañol

Irlandak Espainiako Gerra Zibilaren bilakaeran izan zuen rola

Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratu du ‘Irlanda y la Guerra Civil española’ liburua, eta bando nazionalean eta errepublikanoan borrokatu ziren boluntarioen rola aztertu du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/24

Irudia
Teresa Agirreazaldegi, Síle Maguire eta Pere Soler. Argazkia: Alicia Buil.

Historia Garaikideko doktore eta Bretagne Sud Unibertsitateko (Frantzia) irakasle Pere Soler Pariciok ‘Irlanda y la Guerra Civil española. Nuevas perspectivas de estudio’ liburua aurkeztu du, Madrilen. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak argitaratu du lana. Irla horretan Espainiako Gerra Zibilaren eta bando nazionalari edo errepublikarrari laguntzeko kanpainen ondorioz sortutako liskarrak deskubritzen ditu.

Aurkezpenean (BOE liburu-denda, Madril,18:30), Sile Maguirek, Irlandak Espainian duen enbaxadoreak, Diego Graciak, Kirol eta Kultura Ministerioko Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuko buruak, Teresa Agirreazaldegik, Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuko zuzendariak eta Pere Solerrek, obraren autoreak, hartu dute parte.

Pere Solerrek azaltzen du nola garatu zen ez esku hartzeko politika, hasieran, Irlandan, Éamon de Valera atzerri politikako ministroak antolatua, zein, ondoren, presidente izango baitzen. Ez esku hartzeko politika horrek desadostasunak sortu zituen, eta prentsa kontserbadoreak eta Irlandako Eliza katolikoko eledunek jarrera aldatzeko eskatu zuten. Inguruabar horrek bereizi egin zituen herritarrak: horretan nahastu nahi ez zutenak eta parte hartu nahi zutenak, aliantza politikoak lortze aldera.

Espainiako liskarretan, Madrilen jarduten zuen Irlandako Legazioa birkokatu egin zuten, eta, azkenean, Donibane Lohizunen ezarri zen, Espainia nazionalak kontrolatutako lurraldetik gertuago, Espainiako Errepublikak kontrolatutakotik baino.

Norabide aldaketa

Erabaki horrek helburu jakin bat omen zuen: “Irlandan matxinatuei laguntzeko sortutako kanpainak lotura bitxi bat eragin zuen Irlandako Eliza Katolikoaren, eskuin muturraren eta zenbait kazetari eledunen artean, bando frankistaren aldeko jarrera beligerantea hartu baitzuten, Espainiako Errepublikaren kontra”, kontatzen du Solerrek liburuan.

Francoren alde zeuden botere horiek brigada bat ere sortu zuten, alkandora urdinak, bando nazionala babesteko. Hala ere, Francok berak brigada desegin zuen, eta boluntario horiek Dublinera itzuli ziren, inolako loriarik gabe, eta egiteko zeukaten gerra atzean utzita. Brigadak 40.000 kide bildu zituen “garairik gorenean”, eta murriztuz joan zen, 4.000 afiliatu arte, eta, gero, arian-arian, desagertuz joan zen.

Bando errepublikanoko boluntarioak

Bestalde, 200 bat irlandar Espainiako bando errepublikanoan borrokatu ziren. “Boluntario horiek Espainiara iritsiz joan ziren, aldian-aldian, 1936ko irailetik 1938ko apirilera bitarte, eta fakzio errepublikanoko hainbat alderdiri lotutako milizietan sartu ziren”, azaldu du Pere Solerrek. 

“Sinn Féinek hotz eutsi bazion ere kausa leialistari eta bere kide batzuk frankismoaren aldekotzat jo baziren ere, Irlandako nazionalista erradikalek matxinatuen aldeko ekimenak kritikatu zituzten”, argitu du Solerrek.

Azkenik, blueshirts-en eta eskuineko totalitarismoarekin bat egin zuten gainerako antolakundeen gain “faxismoaren estigma erori zen”. Ideologia hori guztiz bazter utzi zuten, Irlandako jokaleku politikoan, eta gizarte osoak arbuiatu zuen. Denbora pasatu ahala, Irlandako memoria historikoan, Espainiako Gerra Zibilean kausa errepublikanoa aldeztu zuten boluntarioen esku-hartzea besterik ez da geratu.