euskaraespañol

Justu orratzekin josi baino lehen

Noailleseko gubilak material bigunak zulatzeko erabili zirela ondorioztatu dute UPV/EHUko ikertzaileek; besteak beste, larruazala zulatzeko

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/06/06

Aitor Calvo
Aitor Calvo. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Gravette aldiko aztarnategietan (duela 29.000 eta 21.000 urte bitartekoak) gubil asko aurkitu ohi dira; milaka, Isturitzen kasuan. Zertarako balio zuten? UPV/EHUko Historiaurrea Arloa buru duen ikertzaile talde batek larruazala edo antzeko materiak zulatzeko erabiltzen zirela adierazi du. Artikulua Journal of Archaeological Science: Reports aldizkarian argitaratu da.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Historiaurrea Arloa buru duen ikertzaile talde batek Gravette aldiko tresna bereizgarri eta enigmatikoenetako baten, “Noailleseko gubilaren” funtzioari buruzko artikulu bat argitaratu du Journal of Archaeological Science: Reports aldizkarian. Artikuluaren izenburua ‘Just before sewing needles. A functional hypothesis for Gravettian Noailles-type burins from Isturitz cave (Basque Country, southwestern France)’ da eta gubil horiek nagusiki larruazala edo antzeko materia organiko bigun galkorrak zulatzeko erabiltzen zirela jasotzen du; beraz, orratzen aurrekariak izango liratekeela.

Aztertutako lagina Christian Normand arkeologoak Isturitzeko kobazulo euskal-frantsesean egindako indusketetatik dator. Bertan, Europako kontinente osoko garai horretako aztarnategi garrantzitsuenetako bat dago. Artikuluan Isturitzeko kobazuloko IV. mailako Noailleseko gubil bildumaren azterketa teknologikoa, tipometrikoa, morfotipologikoa eta, nagusiki, funtzionala eginez (programa esperimental baten laguntzaz) lortutako emaitzak aurkezten dira. Orain arte gai horri buruz argitaratu diren azterlan urrietako bat da hau, nahiz eta mota horretako tresnak garrantzitsuak eta ugariak izan; hainbat aztarnategitan milaka agertu dira, Isturitzen, kasu.

Noailleseko gubila tresna txikia da (askotan, 3 zentimetroko luzera eta 2 zentimetroko zabalera baino gutxiagokoa) eta, kasu gehienetan, silexeko xafla txiki baten gainean egina dago. Horri ertz distalean ukitu zarpail konkabo bat emanez plataforma txiki bat sortzen da (etendura deiturikoa) eta horretatik abiatuz xaflaren alboko ertzetako bat kentzen da; horrek mutur puntadun bat sortzen du eta horixe izango litzateke tresnaren atal funtzionala. Analisiak agerian jarri duenez, gubil txiki horiek doitasunezko zeregin espezializatuetarako tresnak dira eta oso estandarizatuta daude. Zehazki, tresna horien banaketa eta mikroskopioen bidez horietan ikusitako erabilera arrasto motak kontuan hartuta planteatu zuten ikertzaileek Isturitzeko kobazuloan aurkitutako Noailleseko gubilak bereziki zulaketak egiteko erabili zirela eta, nagusiki, gogortasun eskaseko materialak zulatzeko, adibidez: animalien larruazala.

Egiazki, tresna horiek oso eraginkorrak dira mota horietako zereginetarako, egileek jarduera hori esperimentalki berregitean ikusi zutenez. Hori guztia Europako Gravette aldiko beste aztarnategi batzuetako hilobiratzeen testuinguruan –besteak beste, Sungirren (Errusia), Arene Candiden eta Ostunin (Italia)– ikusitakoarekin lotu daiteke. Horietan, ehunka edo milaka bihiz osatutako ostilamenduak zituzten hilobiak dokumentatu ziren, eta bihi horiek jatorriz txano, jaka edo galtzetara apaingarri gisa josita egongo ziren. Horregatik, “Isturitzeko kobazuloko Noailleseko gubilak agian antzera erabiliko zituzten, jantziak edo bestelako larruzko elementuak zulatu eta bihiz edo antzeko objektuz apaintzeko prozesuetan. Ildo horretan, Noailleseko gubila Gravette aldiaren hurrengo aroan, Solutre aldian, agertu ziren lehenengo jostorratzen (gaur egun ezagutzen ditugunak) aurrekaria izango litzateke”, nabarmendu du Aitor Calvo ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoa