euskaraespañol

Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak Donostiako Moda Iraunkorraren Desfilean parte hartu zuen

Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumen Ingeniaritza arloko ‘Materialak+Teknologiak’ ikerkuntza taldea (GMT), Ekorec enpresarekin elkarlanean ari da hainbat proiektutan.

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/01/08

Irudia

Europako Ingurumen agentziaren arabera, urtero 10 miloi tona zabor iristen dira itsaso eta ozeanoetara. Zaborraren konposizioa aztertzean, plastiko-hondakinak aurkitzen dira gehien bat, poli(etilen tereftalato)-arekin (PET) egindako edarien botilak eta behin erabiltzeko poltsak, besteak beste. Baina zerrenda oso luzea da: arrantza-sareak, sokak, eskuoihal-higienikoak,  kotoizko makilatxoak, eta abar. Plastiko-hondakinak mikroplastikoen sorkuntzarekin erlazionatzen dira (5 mm baino txikiagoak diren plastikozko zatiak). Hauek, gure itsasoetan eta kostaldean zehar banatzen ari dira, arazo larriak sortzen biodibertsitatean, uretan eta bentosean.  Horregatik, hiri-hondakinak itsasora ez iristeko zabortegia izango balitz bezala, funtsezkoa da gizartearen kontzientziazioa eta eraginkorrak diren kudeaketa sistemak. Horiekin batera, itsasoko hondakinak jasotzea eta birziklatzeko irtenbide teknikoak bilatzea industriarako derrigorrezkoa da produktu berriak ekoizteko ekonomia zirkularraren esparruan.  

Adibide gisa, azaroaren 25ean Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako II Moda Iraunkorraren desfilea ospatu zen Miramar Jauregian. Bertan, material iraunkorrak erabiliz, 11 diseinatzailek hartu zuten parte. Tytti Thusberg diseinatzaileak bere azken obrak aurkeztu zituen Hilaturas Arnauk egindako oihalekin. Oihal horiek ekoizteko, Andoaingo Ekorec lantegian material birziklatuarekin ekoiztutako hariak erabili ziren.

Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumen Ingeniaritza arloko ‘Materialak+Teknologiak’ ikerkuntza taldea (GMT), Ekorec enpresarekin elkarlanean ari da hainbat proiektutan. Horien artean, ‘Materialak+Teknologiak’ ikerkuntza taldeko ikerlariek ITSASBIR eta ITSASPET proiektuak garatu dituzte produktu berriak ekoizteko, abandonatutako arrantza-sareak eta itsasoko PET hondakinak erabiliz. ‘Materialak+Teknologiak’ ikerkuntza taldeak bere giza eta teknologia baliabide guztiak hiru ardatzetan oinarrituak ditu: formakuntza, ikerketa eta jakintzaren transferentzia. Orain dela 20 urte hasi zen ibilbidean, konpositeak, nanomaterialak eta biomaterialak ikertu ditu. Lehengai berriztagarritik eratorritako materialek garrantzi handia izan dute ere azken urte hauetan, eta ikerketa lerro honen barne, ardi Latxaren artilea aurkitzen da, jantzi-bilduma honetan erabilita.

ITSASBIR eta ITSASPET proiektuetan Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako ikertzaile eta ikasle ohiak hartu dute parte: Gurutz Mondragon Doktorea, Eider Mendiburu, Material Berriztagarrien Ingeniaritza Unibertsitate Masterraren ikaslea eta  Alex García eta Iker Gonzalez, Ingeniaritza Mekanikoa eta Ingeniaritza Kimikoa Graduatuak (Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola). Lan-taldearen arduradunak Cristina Peña Doktorea, UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako Irakasle eta Ikertzailea eta Nekane González Doktorea, Ekorec I+G+B arloko Zuzendaria izan dira. Proiektu hauen helburu nagusia izan da birziklatutako material berriak eta haria ekoiztea. Horretarako, Zumaia, Bermeo eta Hondarribin jasotako poliamidazko arrantza-sareak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako PET ontziak erabili dira. Hondakin polimeriko hauek itsasoan narriatu egiten dira UV irradiazioarekin, ingurune gaziaren eta tenperatura aldaketekin. Ondorioz, haien birziklapena erronka zientifiko-teknologiko gogorra bihurtzen da. 

‘Materialak+Teknologiak’ ikerkuntza taldeak hondakinen ezaugarri fisiko-kimikoak, prozesatu termo-mekanikoa eta lortutako materialen azken propietatearen ebaluazioa garatzen ditu. Ikerketak burutu ondoren, ehun-haria ekoizteko lehengaia sortzen da. Unibertsitatean egindako prozesaketaren parametroak egokitu daitezke garapen industrialerako. Horrela, bidezko hondakinen kudeaketa bultzatzen da, gure garapen ekonomikoaren iraunkortasuna areagotzen ekonomia zirkularraren esparruan.

Proiektu hauek garatzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Obra Hidraulikoaren Departamentuaren finantzazioa izan dute. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu zuten joan den ekainean, itsas hondakin gisa bildutako PET-a balioztatzeko aukerei buruzko ikerketarako.