euskaraespañol

UPV/EHUk agur esan die bere enbaxadoreei

Ha recibido a 1.406 visitantes y ha enviado a 2.014 estudiantes a otras universidades en el curso 2018/2019

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/05/17

Irudia
UPV/EHUko Ikasle bisitariak (2018/2019). Argazkia: Nagore Iraola. UPV/EHU

Gaur goizean UPV/EHUren mugikortasun programetan parte hartzen duten ikasle bisitariak agurtzeko ohiko ekitaldia egin da Euskal Herriko Unibertsitatearen Donostiako Carlos Santamaria Zentroan. Ekitaldiko buru gisa aritu dira Marta Barandiaran, Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreordea, eta Fernando Tapia, Campusaren Garapenerako eta Kanpo Harremanen zuzendaria. Askotariko nazionalitatetako ehunka gazte bertaratu dira, Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako campusetatik etorriak. Ekitaldian zehar, Erasmus Student Network (ESN) ikasle elkarteko kideek eginiko lana aintzatetsi da, zeinak aisialdiko jarduerak, txangoak eta ekimen sozialak antolatzen baitituzte bertako eta kanpotik etorritako ikasleentzat.

Koordinazioaren eta Nazioarteko Harremanen arloko errektoreorde Marta Barandiaranek azpimarratu du zer-nolako eraldaketa sortzen duten ikasle bisitariek Euskal Herriko Unibertsitateko campusetan; “leku toleranteagoak bihurtzen dira, aniztasunarekiko kontzienteagoak eta besteekiko topaketara irekiagoak”. Nazioarteko unibertsitateren batean esperientzia bat bizitzera animatzen diren ikasleei dagokienez, Barandiaranek uste du esperientzia “oso aberasgarria” dela; izan ere, “ikasleek beren kulturarteko gaitasunak hobetzeko aukera izaten dute eta, kasu askotan, baita beste hizkuntza bat ikastekoa edo hobetzekoa ere”.

Euskal Herriko Unibertsitateak eskaintzen dituen mugikortasun programa ugarien artean, aipatu behar da 2018/19 ikasturtean UPV/EHUk 35 ikasleri egin diela harrera herrialde elkartuekiko mugikortasunerako Erasmus+ programaren barruan (“International Credit Mobility” izenez ezagunagoa). Ikasle horiek hainbat herrialdetatik etorri dira: Japonia, Errusiar Federakundea, Ukraina, Estatu Batuak, Kanada, Georgia, Maroko, Hego Korea eta Kazakhstan. Nabarmentzekoa da, halaber, aurten bi unibertsitatek lehen aldiz hartu dutela parte programan: Errusiako Peter the Great St. Petersburg Polytechnic University eta Hankuk University of Foreign Studies. Programa horrek langileen mugikortasuna ere finantzatzen du, hala irakasleena nola administrazioko laguntzaileena, eta aukera ematen du gure unibertsitatearen eta nazioarteko beste unibertsitate batzuen arteko harremanak sendotzeko.

UPV/EHUra etorritako bisitariak (2018/2019)

Truke akademikoko programa  UPV/EHUra etorritako bisitariak (2018/2019)

Latinoamerika

343

Erasmus+

770

Beste Norako Batzuk

130

Sicue

163

BISITARIAK GUZTIRA

1.406

 

Beste Unibertsitate batera joan diren UPV/EHUko ikasleak (2018/2019)

Programa Beste unibertsitate batera joan diren UPV/EHUko ikasleak (2018/2019)

Latinoamerika

413

Erasmus+

1.145

Beste Norako batzuk

116

Sicue

340

GUZTIRA

2.014