euskaraespañol

Unibertsitate Orientaziorako Azokak hurrengo hiru larunbatetan izango dira Donostian, Vitoria-Gasteizen eta Bilbon, hurrenez hurren

UPV/EHUk datorren urtean eskainiko dituen graduak aurkeztu ditu

Graduez gain, prestakuntza dualaren aldeko apustua ageri da nabarmen

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2020/01/24

Irudia
Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea, Nekane Balluerka, errektorea, eta Araceli Garín, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordea

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak 2020-2021 ikasturterako gradu ikasketen eskaintza aurkeztu du gaur, Bizkaia Aretoan egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira Nekane Balluerka Lasa errektorea, Araceli Garín Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordea eta Txelo Ruiz Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordea. Horrez gain, unibertsitate orientaziorako azokak egingo direla iragarri dute. Hiru topaketa handi izango dira eskaintza horren guztiaren berri emateko: Donostian, bihar, urtarrilaren 25ean, izango da azoka, eta, ondoren, Vitoria-Gasteizen, otsailaren 1ean, eta, azkenik, Bilbon, otsailaren 8an.

UPV/EHUk datorren ikasturtean graduko 82 titulu eskainiko ditu, baina 102 titulazio dira guztira, aldi berean hainbat campusetan ematen direnak kontuan hartuz gero. Sei titulazio berri jarriko dira martxan: Adimen Artifizialeko Gradua, Haur Hezkuntzako Gradu hirueleduna, eta honako gradu bikoitzak: Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza + Ekonomia (Double Bachelor 's degree in Business and Economics), Zientzia Politikoa eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia; Ikus-entzunezko Komunikazioa + Kazetaritza; eta Kazetaritza + Publizitatea eta Harreman Publikoak.

Adimen Artifizialeko Gradu berrian ingeniaritzaren eta datuen zientziaren alorreko ezagutzak irakasteaz gain, beste arlo interesgarri batzuk ere izango dira ikasgai, hala nola robotika, lengoaia naturalaren prozesamendua, ordenagailu bidezko ikusmena, optimizazioa edo sistema adituak. Estatuan aitzindaria da arlo horretan, eta Gipuzkoako Campuseko Informatika Fakultatean emango da gradua, diziplina horretan ibilbide luzea daukan ikastegia izanik hori.

Haur Hezkuntzako Gradu hirueleduna Bizkaiko Campuseko Hezkuntza Fakultatean emango da. Gure eskola sistema elebiduna da, euskara-gaztelania, baina gero eta premia handiagoa dago prestakuntzaren hasiera hasieratik ingelesez irakasteko, eta gure helburua premia hori asetzea da. Gradu berri horrekin osatzen da ingeles hizkuntzan trebatzeko ibilbidea, Lehen Hezkuntzarako eskaintzen delako jada Bilbon eta Gasteizen.

"Business and Economics" Gradu bikoitza Ekonomia eta Enpresa Fakultatean emango da, Bizkaiko Campusean, eta ezinbesteko baldintza da ingeleseko B2 maila izatea edo Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioan ingeleseko proban gutxienez 8 izatea. Gradu bikoitzak prestakuntzarik osoena eta integratuena emango die ekonomialariei, eta, osorik ingelesez irakatsiko denez, mundu globalizatu eta internazionalizatuari bereziki zuzendutako trebakuntza ere eskaintzen du.

Azkenik, onartu ondoren, Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean emango diren hiru gradu bikoitz berriek berekin dakarte ikasle askok eta askok bere gain hartutako praktika naturalizatzea, elkarlotzen diren titulazioen kidetasunak horretarako bide ematen baitu. Gradu berri horiek ezartzeko erabakia graduatutako ikasleei egindako inkesta baten ondoren hartu zen, eta zehaztu den planaren helburua da bost urtean gradu bikoitza osatu ahal izatea.

Funtsezko berrikuntza horiekin batera, datorren urterako ikasketa eskaintza zabala aipatu dute euskal unibertsitateko ordezkariek, graduetan zein graduondokoetan, eta gradu bikoitzen eskaintza nabarmendu dute, bai eta prestakuntza dualen eskaintza ere, mota horretako ikasketak egiteko aukera zabaldu egin baita. Jakin badakizuenez, prestakuntza dualaren bidez ikasleak aukera dauka graduko ikasketen zati bat enpresa edo erakunde sozial batean egiteko, eta, beraz, arlo praktikoak garrantzia handia dauka.

Hauek dira, bada, Euskal Herriko Unibertsitateak datorren urtean eskainiko dituen gradu bikoitzak:

Bestetik, hauek dira prestakuntza duala eskainiko duten gradu berriak (oraindik onartu gabe):

Hortaz, UPV/EHUk guztira 15 titulazio eskainiko ditu prestakuntza dualeko eredu horretan.

UPV/EHUko graduko ikasketen eskaintza osoa izapide guztiak bukatu ondoren egongo da eskuragarri.

Nekane Balluerka errektoreak adierazi duenez, datorren urterako aurkeztutako eskaintza akademikoak oraina + etorkizuna binomioa dauka oinarri. Eskaintza akademikoa zabala da, asmo handikoa, eta etengabe aldatzen ari den gizarte baten erronkei erantzutea du helburu. Oraintxe bertan sortzen diren behar sozial eta ekonomikoei erantzun beharra dagoela, adierazi du Balluerkak, baina baita etorkizunean sortuko direnei ere. Ez dugu gaurko hezi nahi: gaurko eta biharko hezi nahi dugu, esan du errektoreak; horixe da egiten duten lanaren muina: gure unibertsitateak ez ditu berehalako premiak bakarrik asetzeko gai izango diren profesionalak prestatzen, beren lana testuinguru desberdinetara, premia desberdinetara, egokitzeko gai izango diren profesionalak prestatzen ditugu. Kalitatezko prestakuntza teoriko eta praktiko batean moldagarritasuna, malgutasuna eta zeharkako gaitasunetan trebatzea ezinbesteko osagarriak direla adierazi du.

Unibertsitate Orientaziorako Azokak

Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateak iragarri du Unibertsitate Orientaziorako Azokak egingo direla bihar, urtarrilak 25, Donostian; otsailaren 1ean, Gasteizen; eta otsailaren 8an, Bilbon. Guztietan, ordutegia 09: 00etatik 14: 30era izango da.

Azoken helburua da UPV/EHUren eskaintza akademikoari buruzko informazio guztia ikasleen eskura jartzea, ikasketak aukeratzen laguntzea eta gai garrantzitsu guztiei buruzko informazio zehatza ematea, bai modu pertsonalizatuan, bai taldeetarako antolatutako informazio saioen bidez. Unibertsitateko Orientaziorako Azokak Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen duen jarduera programa zabal baten parte dira, ikasleei ikasketak aukeratzean laguntza ematea izanik helburu nagusia. Horrela, azokez gain, jarduera praktikoak, ate irekien eguna eta orientatzaileen prestakuntza jardunaldiak egiten dira.

Azoketara bertaratzen direnek euskal unibertsitatearen hiru campusetan eskaintzen diren graduko ikasketei buruzko informazioa jaso ahal izango dute, baita unibertsitate bizitzan integratzeko prozesu guztiei buruzkoa ere: unibertsitaterako sarbidea, titulazioetan onartzea, tasak eta bekak, ostatua eta garraioa, kirol eta kultura jarduerak, atzerriko mugikortasun eta ikasketa programak, praktikak eta enplegua, eta abar.

Fakultate, eskola eta unibertsitateko zerbitzu guztiek dituzte standak, eta UPV/EHUko langileek banaka emango diete unibertsitateari buruzko informazioa ikasle eta senideei. Gainera, 55 hitzaldi edo informazio saio antolatzen dira, lehen aipatutako gaiei buruzko informazio garrantzitsuena aurkezteko. Bestalde, azokaren egunean bertan, kasuan kasuko campuseko unibertsitate egoitza bisitatzeko aukera izango da.

Donostian, standak jakintza adarren arabera egongo dira banatuta eta hiru eraikinetan egongo dira: Ignacio Maria Barriola Zentroan, Carlos Santamaria Zentroan eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan. Gasteizen, Farmazia Fakultatean eta Letren Fakultatean izango da azoka. Bilbon, bi eremutan egongo da azoka: Sarrikon, Ekonomia eta Enpresa Fakultatearen eraikinean egongo dira Arte eta Giza Zientzien, Gizarte eta Lege Zientzien, Zientzien, Ingeniaritzaren eta Arkitekturaren arloko ikasketak, baita unibertsitateko zerbitzuen standak ere; Bizkaia Aretoan, bestalde, Osasun Zientzien titulazioak egongo dira. Bi eraikinak bata bestearengandik urrun daudenez, goiz osoan doako autobus zerbitzua egongo da bisitarien eskura, batetik bestera joateko. Komenigarria da aldez aurretik unibertsitatearen webgunea bisitatzea, informazio saioetara joateko ordutegiak ondo programatzeko.

UPV/EHUko Unibertsitate Orientaziorako Azokak arrakasta handia izaten dute goi-mailako ikasketak egiteko gogoa daukaten ikasleen aldetik. 2018an 10.024 pertsona bertaratu ziren, eta 2019an, 10.860.

Nekane Balluerkaren iritziz, ikasleen orientazioa Euskal Herriko Unibertsitatearen lanaren ardatz estrategikoa da, eta haren esanetan, “gizartearen barruan egotea haren eragile eta kolektibo guztiekin lan egitea da, eta etorkizuneko ikasleek eskubidea dute zuzenean eta banan banako arretaren bidez ezagutzeko unibertsitatearen eskaintza akademikoa eta, harekin batera, unibertsitateko instalazio eta zerbitzuak ezagutzeko”. Balluerkak azaldu du hori guztia hainbat jardueraren bidez egiten dutela, baina “Orientaziorako Azokak intentsitate handikoak eta oso gertukoak izanik oso tresna garrantzitsua direla kalitatezko eskaintza hori bistaratzeko eta baloratzeko”.