euskaraespañol

UPV/EHU eta Tabakalera elkarlanean jardungo dira kultura garaikidearen inguruko sorkuntza eta ikerketaren sustapenean

Bi erakundeek oinarrizko lankidetza-hitzarmena sinatu dute lau urtetarako

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/09

Irudia
Nekane Balluerka eta Ane Rodriguez. Argazkia: Tabakalera

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren arteko oinarrizko lankidetza-hitzarmena sinatu eta aurkeztu da Tabakaleran. Ekitaldian parte hartu dute Nekane Balluerka Lasa unibertsitateko errektoreak eta Ane Rodríguez Armendariz Tabakalerako kultur zuzendariak.

Oinarrizko lankidetza-hitzarmenak lau urteko iraupena izango du, eta iragan urtetan bi erakundeen artean garatutako elkarlana sendotu eta egonkortzea du asmo. Aurrez burututako lankidetzen esperientzia onuragarria ikusirik, bi erakundeek elkarrekin lankidetzan jarduteko duten nahiari eutsiz, bi aldeek oinarrizko lankidetza-hitzarmen hau egiteko erabakia hartu dute.

Erakunde sinatzaileek jakin badakite elkarrekiko harreman adeitsu eta naturalak, eta elkarren artean sortutako sinergietatik erator daitezkeen lankidetza eraginkorrak oso onuragarriak direla euskal gizartearen kultura, arte, unibertsitate eta ikerkuntzarako gaitasuna sustatzeko eta areagotzeko.

Hitzarmenak lankidetzarako oinarriak ezartzen ditu UPV/EHUk eta Tabakalerak elkarrekin dibulgazio, trebakuntza eta ikerketara bideratutako jarduerak garatzeko. Akordio honen bitartez, bi erakundeek partekatzen dituzten helburuak lortzeko bidean, hau da, kultura garaikidearen inguruko sorkuntza eta ikerketa hedatu eta sustatzea, pauso bat ematen dute.

Hainbat dira hitzarmenak jasotzen dituen helburuetatik eratortzen diren ekintza ildoak, horien artean aipa daitezke, esaterako: bi erakundeen kultur programazioa koordinatu eta bateratzea; kultur sormenaren eremuan egindako lankidetza sustatzea diziplina ezberdinetan, hala nola arte plastikoak, ikus-entzunezkoak eta eszenikoak, edo arkitektura eta pentsamendua; lankidetza-programak sortzea ikasleek azterketa eta ikerketa lan akademikoak egin ditzaten eremu ezberdinetan, dela hezkuntzarako lankidetza-programa edo direla gradu amaierako lana, karrera amaierako proiektuak, master amaierako lanak eta doktorego tesiak; eta UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen lankidetza eta aholkularitza, baita ikasleena ere, hitzarmen honek barne hartzen dituen arlo ezberdinetan.