euskaraespañol

UPV/EHUko doktoregai Mikel Artetxek Facebook beketako bat jaso du

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/02/25

Irudia

Ingeniaritza Informatikoan gradudun Mikel Artetxek Facebookek doktorego tesia egiteko ematen dituen beketako bat jaso du. Mikel UPV/EHUn egiten ari da doktoregoa, Informatika Fakultateko IXA ikertaldearen baitan, Hizkuntzaren Azterketa eta Prozesamendua Masterra amaitu eta Facebookek Parisen duen Adimen Artifiziala Ikerketa sailean (Facebook Artificial Intelligence Research) zenbait hileko egonaldia egin ondoren. Ez da UPV/EHUko gradudun honen bikaintasuna saritzen den lehen aldia izan. Iaz, Hezkuntza Ministerioak urtero ematen duen karrera amaierako lehen sari nazionala eskuratu zuen.

“Facebook beka -azaldu du Mikel Artetxek- orain arte egindako lana aitortzera dator eta, halaber, babes garrantzitsua da nire ikerketa ibilbidean aurrera egiten jarraitzeko. Pertsonalki oso pozik nago, baina ez dut gure kolektiboak orokorrean pairatzen duen prekarizazioaren ikuspegia galdu nahi. Baldintza duinetan ikertzen jarraitzea ahalbidetuko didan erakundea atzerriko multinazional bat izateak berak hausnartzera bultzatu beharko gintuzke”.

Mikel Artetxeren lanak Hizkuntza Naturalaren Prozesamendua eta Ikaskuntza Automatikoa (Adimen Artifizial bezala ezagunak, orokorrean) aztertzea du xede. Zehazki, ikaskuntza eleaniztunerako gainbegiratzerik gabeko eta gainbegiratze urriko teknikak landu ditu. Esaterako, beren lanari esker adimen artifizial batek hizkuntza batetik beste batera itzultzen ikasi du, lehen aldiz, gizakiaren inolako esku hartzerik gabe, bi hizkuntza ezberdineko testu erabat independentetan oinarrituta soilik.

Doktorego tesia egiteko 21 beka eman ditu Facebookek aurten, munduko txoko guztietatik jaso dituen 900 eskarien artean. Facebook bekak bi urteko iraunaldia du eta 37.000 dolar estatubatuar ematen ditu urtean, gehi biltzarretara bertaratzea xede duen laguntza osagarri bat ere.