euskaraespañol

Itzultze-koefizientea esku pilotan

Esku pilotan erabilitako piloten arteko diferentziak kuantifikatzeko metodo bat proposatzen du bere Gradu Amaierako Lanean Sara Ruizek

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/10/19

Irudia
Sara Ruiz. Argazkia: Mitxi. UPV/EHU.

Sara Ruiz Gutiérrez-Solanak esku pilotan erabil daitezkeen arauzko hamabi pilota-kategorien arteko diferentziak kuantifikatzen ditu 'Euskal pilotan, esku pilotaren modalitatean, erabiltzen diren piloten boteak bereiztea "measure Dynamics softwarea erabilita"' izenburua duen Gradu Amaierako Lanean. "Erakargarria iruditu zitzaidan Fisika egunerokotasun handiko gai bati, kirolari, alegia, aplikatzea", azaldu du.

Euskal pilotan gaur egun, oraindik ere, eskuz egiten dira pilotak, eta artisau bakoitzak teknika ezberdina erabiltzen du. Horren ondorioz, ez dira beste kirol batzuetan bezain homogeneoak eta estandarizatuak; berez, esan daiteke ez daudela bi pilota berdin. Horregatik, berdin-berdinak ez badira ere antzeko ezaugarriak (masa, diametroa, edo nukleoaren diametroa) dituzten multzotan sailkatzen dira. Pilota bakoitzaren kalitatea ziurtatzeko eta bere multzoko ezaugarriak betetzen dituela ebaluatzeko, federazio bakoitzak erabakitako probak egiten dira.

Aukeraketa hori, orokorrean, pilotaren portaera aztertuta egiten da. Pilotari profesional batek pilota jaurtitzen du eta errebotean ze portaera duen begiratzen du, eta bere esperientziaz baliatuz erabakitzen du zein pilota den baliokoa eta zein ez; metodo "malgu eta subjektibo samarra" da.

GALa planteatzean, Sara Ruizen (Basauri, 1993) kezka izan zen ea diseinatu ote zitekeen talkaren elastikotasuna adierazten duen itzultze-koefizientea neurtzean oinarritutako sailkapen-metodo bat. Itzultze-koefizientea hainbat faktoreren mende dagoen arren (hala nola, abiadura, tenperatura, marruskadura, errotazioa edota baita pilotaren antzinatasuna ere), adierazle horri esker pilotaren boteari buruzko informazioa lor daiteke.


Pilotari profesionalak

Sara Ruizek bi esperimentu diseinatu zituen. Lehenengoan, pilota bertikalean jaurtitzen zen 10 metroko altuerara arte, erortzen zenean bote bakoitzaren altuera neurtzeko.  Bigarrenean, pilota horizontalean jaurtitzen zen frontoiko frontisaren kontra; pilotak sailkatzeko erabili ohi den jaurtiketa-mota da.

Probak Miribillako frontoian egin ziren, eta Sara Ruizek Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzako bi pilotari profesionalen laguntza izan zuen, Endika Basañezena eta Iker Gardokirena. Bi pilotariek egin zituzten neurketak behar bezala egin ahal izateko beharrezko ziren jaurtiketak, inolako efekturik eman gabe. "Benetan eskertzen diet, haien laguntzarik gabe ezin izango nituen eta jaurtiketa horiek egin, ez altuera horietan ez eta abiadura horietan ere, hain modu garbian eta efekturik eman gabe, ez baitut teknikarik", azaldu du Sara Ruizek.

Ikasleak bideoan grabatu zituen jaurtiketak, eta, ondoren, "measure Dynamics" programarekin aztertu zuen pilotaren portaera. Programa horren bidez bideoan egiten da mugimenduen analisi automatikoa eta, ondoren, Excel tauletan eta diagrametan irudikatzen dira. Software honen laguntzaz, beraz, jaurtiketaren unean pilota bakoitzak zuen posizioa, abiadura eta azelerazioa lortu zituen.

Probetan Sarak egiaztatu zuen jaurtiketa horizontaletan ez zegoela pilotak zuzen sailkatzen lagunduko duen diferentzia nabarmenik itzultze-koefizientean; izan ere, neurketen emaitza neurri handian zegoen frontisaren kontra botatako pilotaren jaurtiketaren hasierako abiaduraren mende. Hala ere, Sararen ustez metodo hori hobetu ahal izango litzateke, batetik, abiadura handiko kamera bat erabilita irudiak hartzeko eta, bestetik, pilotak jaurtitzeko makina automatiko bat erabilita jaurtiketaren angelua nahiz abiadura kontrolatu ahal izateko.

Jaurtiketa bertikalarekin lortutako emaitzak, aldiz, argigarriagoak izan ziren. Pilota 3 metroko altuera baino baxuagoan jaurtitzen zenean, itzultze-koefizientearen balioa ia berbera zen. Baina 10 metroko altuerako jaurtiketetan, diferentzia esanguratsuak zeuden.  "Itzultze-koefiziente guztiak alderatzean, adinaren arabera sailkatzeko modua aurkitu nuen pilota-mota bakoitzarentzat (Toke, Mista eta Goxua), eta arauek determinatutako gogortasunaren sailkapena ez zetorren arren bat lortutakoarekin, neurri batean doitzen da", laburbiltzen du Sara Ruizek.

Sararen ustez, baliagarria izango litzateke federazioen araudietan itzultze-koefizientearen balio numerikoa sartzea masaren, diametroaren eta nukleoaren balioekin batera. "Beste kirol batzuetan askoz ere zehatzagoa da materialari buruzko araudia, eta nire ustez itzultze-koefizientea ere har liteke kontuan esku pilotan", azpimarratu du.

Sara Ruiz Gutiérrez-Solanak Fisikako Gradua amaitu du. Bere GrALaren zuzendaria Isabel Ruiz-Larrea irakaslea izan da. Fisika eta Kimika espezialitateko Irakasleen Prestakuntza Masterra egitea erabaki du, "gogokoen ditudan bi gauza, zientzia eta irakaskuntza, uztartzeko aukera ematen baitit".