euskaraespañol

UPV/EHUk ‘La plata embustera' argitaratu du: XVIII. mendeko dibortzio baten istorioa

Iker Echeberriak senar-emazteen arteko gatazkak eta genero harremanak nolakoak ziren aztertu du Martin de Elgorriaga eta Manuela de Burgoari gertatutakoaren bidez

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/08

Irudia
Iker Echeberria. Foto: UPV/EHU.

1702ko abenduan, Martín de Elgorriaga, indiano aberatsa eta izen handiko negozio gizona, Manuela de Burgoarekin ezkondu zen, Donostiako hiribilduko gizon garrantzitsuenetako baten alabarekin. Ezkontzak porrot egin zuen berehala, ordea. Ezkondu eta bi hilabete eta erdira, Manuelak ezkontideen etxetik ihes egin zuen, eta ahizparen etxean hartu zuen babesa. Gertakari hark hunkitu egin zuen garai hartako Donostiako gizartea, eta hasiera eman zion zenbait urte iraun zuen auzi luze eta garesti bati.

Iker Echeberria Ayllón historialariak senar-emazte arteko gatazka haren sorrera berreraiki du UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak kaleraturiko "La plata embustera. Emociones y divorcio en la Guipúzcoa del siglo XVIII" liburuan. Liburuan, gainera, aztertu du nolakoak ziren sasoi hartako dibortzioa, senar-emazteen eta senideen arteko gatazkak eta genero harremanak. Egileak egindako eta Alberto Angulo Moralesek eta Charo Porres Marijuánek zuzendutako doktorego aurreko ikerketen emaitza da azterlana. Liburua azaroaren 8an aurkeztuko dute, asteazkena, 19:00etan, Donostiako Koldo Mitxelenan, eta aurkezpenean, egileak ez ezik, UPV/EHUko Erdi Aroaren, Aro Modernoaren eta Amerikaren Historia Saileko Álvaro Aragón Ruanok parte hartuko du.

Ikerketaren oinarria Irulegi-Larreta Etxearen familia artxiboa da (Euskadiko Artxibo Historikoa); hain zuzen ere, hantxe gordetzen da protagonistei buruzko dokumentazio guztia. "Honelako iturriekin lan eginda, denetariko dokumentazioa eskura dezakezu, hala nola notarioen protokoloak, auzi judizialak eta gutun epistolarrak, eta dokumentazio hori guztia behar-beharrezkoa da subjektu historikoa gertutik ikertzeko", azaldu du Iker Echeberriak. Gainera, auzi judiziala aztertu du, Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan gordeta dauden dokumentu luzeenetako bat (600 orrialde ditu).

"Horixe da, hain zuzen ere, obraren galdera handietako bat. Aurkitu dudan erantzun baliozko bakarra afektuetan dago. Protagonistak etxetik ihes egiten du emozioek eta sentimenduek bultzatuta; printzipioz, arrazoirik gabeko motibazio bat da, baina prozesu osoa azaltzen du horrexek, eta ondorioak ditu analisi historikoaz egin dezakegun interpretazioari dagokionez", esan du Echeberriak.

"Senarra ez zen sekula bueltatu lehengo negozioen mundu horretara, prestigio galerak itxi egin zizkiolako elite ekonomiko, politiko eta sozial hartako ateak (lehen irekita zeuzkanak). Eta parterik txarrena, nola ez, emaztearentzat izan zen: zoritxarrik latzenean erori zen, pobretuta, behartuta eta bakarrik", dio Echeberriak.

Historialariak, protagonisten auziari buruz dagoen dokumentazioaren eta gutun pertsonalen bidez, bi pertsonaien motibazioak ikertu ditu. Manuela de Burgoak zergatik utzi zuen senarra, genero rolak eta gizartean finkatutako eskemak auzitan jarriz eta komunitateak baztertzeko arriskua hartuz?

Echeberriak, Martín eta Manuelaren istorioan eta haien bizi esperientzietan oinarrituz, aztertu du gizartearen, familiaren, filosofiaren, erlijioaren eta legeriaren presiotik abiatuta nola sortu zen garai hartako emakume arketipoa. Gainera, Manuelaren esperientzia oinarri hartuta, kanon finkatuetatik ihes egiten zuten emakumeak kontrolatzeko tresnak deskribatu ditu: besteak beste, gizarteko eta familiako kontrola, estigmatizazioa eta desbalorizazioa.

Sentimenduen istorioa

Liburuak, hain zuzen ere, urte hauetan mundu osoko esparru akademikoa astindu duten alor historiografiko berritzaileenetako bat jorratzen du: emozioen historia delakoa. "Sentimena ere, uste izan edo ez, prozesu historiko bat da, eta haren inguruan hausnartu beharra dago", adierazi du egileak.

"Nire ikuspuntutik, gaur egungo esparru historiografiko errentagarrienetako bat da zientziari dagokionez. Esparru horrek ematen digun aukera mordoarekin konektatzeko lehen prozesuan gaude, eta, nire erantzunarekin, obrakoarekin, pertsona haiengana eta haien prozesu afektiboetara hurbildu nahi izan dut, erantzun zehatzak lortzeko eta prozesu historiko zabalagoak azaltzeko, ezagutzeko eta birpentsatzeko", adierazi du historialari gipuzkoarrak.

Iker Echeberria Ayllón (Donostia, 1987) Historian lizentziatua da UPV/EHUren eskutik, eta Historia Modernoaren Ikerketa Masterra du. Gaur egun doktorego tesia idazten ari da, XVIII. mendeko emakumeen historiari buruzkoa.