euskaraespañol

Klaustroak 2018-2021 UPV/EHUren Plangintza Estrategikorako oinarriak onartu ditu

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2017/11/23

Irudia

UPV/EHUko Klaustroak gaur, azaroak 23ko bileran, 2018-2021 Plangintza Estrategikorako oinarriak onartu ditu (aldeko 51 boto, ezezko 4, 32 abstentzio eta baliogabeko 1). Oinarri horiek abiapuntu hartuta, Plangintza Estrategikoa garatuko da datorren urtean, unibertsitateko kideek eta gizarteak proposamenak egiteko aukera emango dien prozesu partehartzaile baten bidez.

Plangintza Estrategikoak 2018-2021 eperako lehentasunak ezarriko ditu eta, irakaskuntza eta ikerketa bikainaren bitartez, gizartea hobetzen laguntzeko helburuan sakontzea ahalbidetuko du.

Nekane Balluerka errektorearen iritziz, “Plangintza Estrategiko berri honen oinarriek datozen urteetan egingo dugunaren mugarriak finkatzea ahalbidetuko dute, baita unibertsitate esparru berriak dakartzan erronkei aurre egitea ere, beti ere euskal gizarteari zerbitzu hobea emateko helburuz, gero eta konplexu eta aldakorrago den testuinguru batean”.

Bestalde, saio berean, Nekane Balluerkak aurkeztu ditu 2016-2017 ikasturteko Kudeaketa Txostena eta ikasturteon garatuko diren Eginkizunen Programa. Lehenengo dokumentu horren bidez, errektoretza honen lehenengo 11 hilabeteotan egin diren lanen berri eman du errektoreak, eta bigarrena dela medio, ikasturte honetarako lehentasunak ezarri ditu.

Errektorearen balorazioa egindako kudeaketaz oso baikorra izan da: “Epe labur honetan biziki lan egin dugu unibertsitateko kudeaketa arlo ezberdinetan hartutako konpromisoei erantzuna emateko. Zentzu horretan, pozik gaude, baina, jakina, oraindik asko dira agintaldi honetan garatu behar ditugun gauzak”.