euskaraespañol

‘Matita Naturae’ artelanak Azurmendiren nortasuna arte eta diseinuarekin lotzen ditu

UPV/EHUko Pintura Masterreko Lucía Fermin ikaslearen lana Eneko jatetxean eseki da

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/01

Irudia
Ezkerretik eskuinera: Txus Meléndez, Lucía Fermín, Lorea Uribarri eta José Antonio Morlesín (Tere Ormazabal. UPV/EHU)

‘Matita Naturae’ artelana Eneko jatetxeko hormetan eseki da. Euskal Herriko Unibertsitateko Pintura Masterreko Lucía Fermin ikasleak Azurmendiren filosofiaren esentzia islatu nahi izan du jatetxeko panel akustikoetan ezarritako formatu handiko hamar lanetan. Proiektu hori UPV/EHUk eta Basque Know How Fundazioak duten hitzarmenaren esparruan gauzatu da.

Formatu handiko hamar lanek ‘Matita Naturae’ osatzen dute; lan bakoitza oliozko tinduekin, olio pinturarekin, gouachearekin, argazkiekin eta ukitu digitalekin eginda dago. “Hasieratik, eskakizun teknikoak zirela-eta inprimaketa digitalak egingo zirela jakinik, garbi neukan pinturan oinarrituta sortu nahi nituela obrak, eta ondoren oso bestelako lengoaia grafikoen beste prozesu batzuen bidez aberastuko nituela; sortze-prozesuan analogikoa eta digitala konbinatuko nituela, alegia”, dio egileak.

Proiektuaren ardatz nagusia Azurmendiren nortasunean errotu da, bere ingurune naturalaren eta han egiten duten sukaldaritzaren arteko harremanean. Eneko Atxaren iritziz, eraikinaren eta inguru horretako lurrak ematen dituen lehengaien arteko lotura ezin da hautsi; eta Lucía Ferminek filosofia hori erakutsi nahi izan du. “Lan hauek leku berezi baterako sortu dira. Eta leku horretan lanok sentsazioekin lotuta egon daitezen nahi dut; zapore baten sentsazioarekin, naturako gaueko paisaia baten sentsazioarekin, non izar sabai bat ikusi eta ilargiaren argia nabaritu baitaiteke. Batez ere, paisaien obra hauek euren barnetik ibiltzeko gonbita egitea nahi dut, hau da, obrek Azurmendiren inguruko naturaren usaina izatea”, azaltzen du egileak.

“Han janariarekiko, zapore eta usainekiko eta zentzumenekiko lotura oso agerikoa da; horregatik, uste dut lan prozesuak zeharka ukitu dituela artea eta diseinua”, adierazi du Lucía Fermínek artelanaren aurkezpenean. Ekitaldira honako hauek joan dira: José Antonio Morlesín, Arte Ederren Fakultateko Unibertsitate Hedapeneko dekanordea; Lorea Uribarri, Basque Know How Fundaziaoren zuzendaria; eta Txus Meléndez, UPV/EHUko Pintura Masterreko zuzendaria.