euskaraespañol

Juan Ramon Alberdik eta Ekaitz Goikoetxeak ‘Oihenart’ Aforismoen VII. Lehiaketa ex aequo irabazi dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2017/12/15

Irudia

Juan Ramon Alberdik eta Ekaiz Goikoetxeak jaso dute UPV/EHUko ‘Oihenart’ Aforismoen VII. Lehiaketaren lehen saria ex aequo. Hauek banatu ditu J. Inazio Marko Juanikorena fakultateko dekanoak eta Edurne Otamendi Garmendia Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzu buruak. Sari banaketa UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateko areto nagusian ospatu da, aipatutako ikastegiaren festaren baitan.

Saria jasotzerakoan Juan Ramon Alberdik zera adierazi du “Kristalinoaren koloretik izenburua daramate aurten aurkeztu ditudan aforismoek. Esaten dute, begiratzen den kristalaren kolorearen araberako mundu ikuskera dugula, baina gure baitan ere badugu ikuskera propioa. Gure begiek duten kristalinoan irudikatu nahi izan dudana. Horri guztiari, euskaraz koloreek duten esanahi anbiguoa gehitzen badiogu, aforismoak eratzeko gai aproposa iruditu zait koloreen eremua eta batzuek bederen, ildo horretatik joan dira. Alabaina, aforismoaren, nolabaiteko definizioa ematerakoan, zerrendako lehenak dio: ‘Aforismoa, hitz-jokoekin eratutako pozoi linguistikoa dela’, ezen pozoiaren gisan, aforismoa ere flasko txikian kontzentratzen da. Ildo horretan, bi eratako pozoia bereiziko nuke. Batetik, eztenkada zorrotzak eragiten dituena, zeinarekin arazo kultural, sozial edo politikoak nabarmen daitezkeen. Bestetik, mozkor aldi modukoa eragiten duen pozoi xarmanta, zeinetan errealitatearen ifrentzuarekin jostatzen den. Bidenabar, aforismo denak zenbatu ditut, eta 112 aurkeztu ditudanez, azkenaren arabera: “Larrialdietan diotenez, aforismoen pozoiak ez du antidotorik”. Azkenik esan nahi dut, aurrez sari batzuk jaso baditut ere, inoiz ez dudala pentsatu lehen saria lortuko nuenik. Beti izan ditut izen handiko idazleak nire aurretik, zinez miresten ditudanak. Horregatik, aurtengoa ikaragarria da niretzat, sinets ezina. Ekaitz Goikoetxearekin partekatzea, aldiz, sari bikoitza”.

Halaber, Ekaitz Goikoetxeak aldiz, honakoa azaldu du “Ezer ez eta festa, izenburu horixe du aurtengo Oihenart aforismo lehiaketara aurkeztu eta saritua izan den sortak. Aurtengoan, gainera, aforismoa bera halaxe definitu dut, ezer ez eta festa. Nire irudiko horixe lortu behar du aforismo on batek ezereza festa, ospakizun, gozagai bihurtzea. Bigarren urtez Oihenart bezalako lehiaketa batean saritua izateak sekulako poza eragin dit, areago aforismoena berriki lantzen hasi naizen generoa dela jakinda. Aurten aurkeztu ditudan sortan ere orotariko aforismoak daude, baina guztietan saiatu naiz ahalik hitz gutxienekin ahalik gehien esaten, hitza isiltasuneraino bihurritzen. Hausnarketa eragiten duten aforismoak idazten ahalegindu naiz, baina umore zipriztin batzuekin, hitzei bestelako adiera bat emanez, egunerokoan oharkabean pasatzen zaizkigun ñabardurei garrantzia emanez... Egunerokoari nire begi-belarri-bihotzetatik ateratako argazkiak dira nire aforismoak, gai sozialak, hizkuntza, maitasuna oso presente dutenak. Muestrarako hona hiru adibide: Hor dena kaosa da; bat egiteko bi behar dira; goiari eusteko behean egon behar”.

Aurtengo edizioan lehiaketara aurkeztu diren lanak epaitu dituzte: Cristina Lasak (ikastegiko irakaslea), Juan Kruz Igerabidek (idazlea), Eider Rodriguezek (ikastegiko irakaslea), Antonio Casado (Gipuzkoako Campuseko Unibertsitate Hedakuntzako zuzendaria) idazkari moduan aritu delarik.

Lehiaketa UPV/EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultateak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzaz, abian jarri zuen 2010ean.