euskaraespañol

Non dago Txirlo? Ikasleen proiektu batetik graduatuen argitalpen batera

Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasle batek eta bi ikasle ohik haurrentzako liburua plazaratu dute ilustratzaile bat eta DenonArtean argitaletxearekin batera

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/05/18

Irudia
Ezkerretik eskuinera: Irene Fernández, Eneritz Sánchez eta Miriam Peña (Mikel Mtz. Trespuentes. UVP/EHU)

Non dago Txirlo? liburuak (DenonArtean, Berriozar, 2018. Gazteleraz ¿Dónde está bolo?) Bilboko Hezkuntza Fakultatean lehenengo urratsak egin zituen. Haur Hezkuntzako graduko ikasleek ikasgai batean, diziplinarteko eran, erronka hau hartu zuten: ipuin bat sortzea. Irudi kontzeptua abiapuntutzat hartuta, album ilustratu ugari osatu zuten. Haien artean, 2015eko ikasle Eneritz Sanchezek eta Irene Fernándezek; irakasle Miriam Peñak, eta Eider Eibar ilustratzaileak forma eman zioten horietariko lan bati eta, aurten, argitalpena jaio izan da.

‘Arte plastikoak eta Ikusizko Kultura Haur Hezkuntzan II’ ikasgaiaren baitan ipuinaren inguruko hausnarketa sakona egin ohi da. Orain dela hiru urte, 2015ean,  testuinguru horretan, Miriam Peña irakasleak eta ikasleek (haien artean, Eneritz Sanchez eta Irene Fernández gaur egungo graduatuak) diziplinarteko eran ilustrazioa eta ipuina landu zuten. Haur Hezkuntzako Graduaren 3. mailan dago ikasgaia eta haurtzaroko proposamen didaktiko berritzaileak aztertzen ditu.

Ipuina haur hezkuntzako etapa guztietan erabili daiteke

Horrela, arte plastikoetatik ardatza hartuz, ikasleek ‘ipuin’ gaia landu zuten, eta hausnartu ere. Lau hilabetean arte plastikoaren ezaugarri ezberdinak jorratu zituzten eta album ilustratu ugari sortu zuten ikasleek. Lan horretan oinarrituta, Eneritz Sanchez eta Irene Fernandez orduko ikasleek forma eman diote haietako lan bati, eta liburua argitaratu dute,  Miriam Peña  irakaslearekin eta Eider Eibar ilustratzailearekin. Biek UPV/EHUn Arte Ederrak ikasi zuten.

“Albuma ipuin interaktibo sailkapenaren barruan kokatuko litzateke —azaldu du Miriam Peñak, Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakasleak—. Ipuina haur hezkuntzako etapa guztietan erabil daiteke, eta umeak irakurtzen jakin ez arren, nagusi batek lagunduta ipuinak proposatzen dizkion ekintzak ulertu eta egin ahal izango ditu. Gainera, erabilitako letra larriek, testu kopuruak eta esaldi ulerterrazek irakurketa hastapenetarako material apropos bilakatzen dute liburua”.

Eta.. Non dago Txirlo?

Txirlo, ipuinaren protagonista, ohiko txirlo partida batean eta behin txirloak jauzita, zulo barrenera sartzen da. Zer gertatzen da jokaldi bat eta bestearen artean txirloak antolatzen direnean? Erantzunik gabeko galdera honen baitan  txirloek bidaia bat egiten dute, baina hara non ustekabean gure txirlo protagonista galdu egiten da. Irakurlearen laguntzarekin agian txirloak bere bidea aurkituko du.

“Istorioak mundu surrealista batean murgiltzen gaitu. Formak eraldatzen doaz eta irakurketaren plano desberdinak ahalbidetzen dituzte, ulermen adiera desberdinak posibleak direla ulertaraziz”, dio Peñak. Irakasleak plastikaren ezaugarriak argitzen ditu: “Kontraste kromatikoak zuri beltzetik kolore eztandara eramaten du bidaiaria. Forma geometriko sinpleek eta isiltasunezko hutsuneek narrazio gorabeheratsua osatzen dute, azkenean espero ez genuenean, agian izenburuko galdera erantzuteko aukera agertuko den arte”.