euskaraespañol

Ospitaleetako infekzioen eragile den bakterio baten biziraupen-estrategiak deskribatu dituzte

ZIUetako infekzio-agerraldi errepikakorren balizko eragile A. baumanniik askotariko azaleratan duen iraunkortasun handia aztertu du UPV/EHUk

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/07/18

Irudia
Maite Orruño, ikerketaren egilea.

UPV/EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko talde batek sakon aztertu du Acinetobacter baumannii bakterioaren biziraupen-gaitasun handia, baita zer estrategia erabiltzen dituen ere bizirik irauteko. Ospitaleetako zainketa intentsiboko unitateetan gertatu ohi diren infekzio-agerraldi, edo agerraldi nosokomial, asko eragiten ditu bakterioak. Gai da denbora luzez ingurune likido zein gainazal solidoetan bizirik irauteko, baita desinfektatzaileen eraginpean egonda ere.

Patogeno ezaguna da Acinetobacter baumannii: ospitaleetan behin eta berriz gertatzen diren infekzio-agerraldi, edo agerraldi nosokomial, larriak eragiten ditu, mundu osoan. Askotariko infekzioak —pneumonietatik hasi eta odoleko infekzioetaraino—  eragiten dizkie ospitaleratuta dauden pertsonei, eta, bereziki, zainketa intentsiboko unitateetan daudenei. UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Sailak ikerketa bat jarri zuen martxan, ikertu eta ebaluatzeko “zer iraunkortasun-gaitasun duen bakterio horrek ospitale-giroan dauden ingurune desberdinen moduko kondizioetan, zer biziraupen-estrategia ibiltzen dituen eta zer erresistentzia duen desinfektatzaileekiko“, azaldu du Maite Orruño Beltrán Biologian doktore eta ikerketaren egile nagusietako batek. Journal of Hospital Infection aldizkariak berriki argitaratu ditu ikerketaren emaitzak.

Ikerketarako, “A. baumanniiren lau andu erabili genituen, bai kultibo-bilduma estandarretakoak bai Valdecillako Ospitalean eskuratutako isolatu klinikoetakoak —deskribatu du Orruñok—. Biziraupen-azterketak egiteko, anduiak 30 egunez inkubatu genituen elikagairik gabe, tenperatura desberdinetan (20 eta 37 gradutan) eta ingurune desberdinetan (likidotan eta zenbait gainazal solidotan). Eta, beste alde batetik, ospitaleetan erabili ohi diren desinfektatzaileek zer eragin duten ere aztertu genuen. Aldian-aldian, laginak hartu genituen ikusteko zenbatek jarraitzen zuten izaten kultibagarri eta/edo bideragarri”.

Bizirik, baita 90 egunen buruan ere

Desinfektatzaileak alde batera utzita, ikusi ahal izan zuten bakterioen biziraupena tenperaturaren eta inguru edo gainazalaren arabera aldatzen zela. Ikertzaileak nabarmendu duenez, “frogatu dugu 20 gradutan eta gainazal solidoetan jarritako bakterioek kultibagarri izaten jarraitu zutela 30 eguneko aldia pasatuta ere, itxuraz batere aldatu gabe. Esperimentu batzuk 90 egunera luzatu genituen, eta populazioa artean ere kultibagarria zen”.

37 gradutan izandako bakterioek biziraupen txikiagoa izan zuten. “Tenperatura hori hazteko egokiena da, baina ez elikagairik ez dutenean bizirik irauteko. Kondizio horietan, bakterioak, oro har, hobeto eusten diote tenperatura baxuagoetan”, azaldu du Orruño doktoreak. Ikerketan frogatu ahal izan zutenez, 37 graduko tenperaturan bi biziraupen-estrategiari jarraitu zieten bakterioek: “Batzuk bideragarri ez kultibagarri deritzon egoerara pasatu ziren. Egoera horretan, hazteko gai ez badira ere, lozorroan gelditzen dira, eta berriz piztu daitezke aldeko kondizioetara itzultzen badira. Egoera horri garrantzi berezia eman beharko litzaioke agian, mikroorganismoak atzemateko teknika askok kultibagarritasuna dutelako oinarri, eta, hortaz, ez dituzte detektatzen oraindik ere patogenotasunari eusten dioten bakterio horiek”, azpimarratu du ikertzaileak.

Andui batzuetan behatu zuten bigarren estrategia izan zen zelula askok bideragarritasuna galdu zutela, eta ziur aski zelula hilak izango ziren, “baina zelula-populazioaren zati bat, batzuetan handiagoa eta besteetan txikiagoa, oraindik ere kultibagarria da, hildako zelulen elikagaien bizkar bizi baita“.

Desinfektatzaileen eraginari dagokionez, ikusi zuten zelula gehien-gehienek kultibagarritasuna galdu zutela, baina Acinetobacter baumannii ez zela desagertu aztertutako gainazaletatik; aitzitik, populazioaren zati handi bat bideragarria zen (zelulak ez zeuden hilda). Fenomeno hori arriskutsua izan daiteke, pentsa baikenezake desinfekzio-prozesua egokia izan dela, baina bakterio batzuek gainazaletan jarraitzen dute, eta gaixotasunak barreiatzen jarrai dezakete.

Erreferentzia bibliografikoa