euskaraespañol

Psikoterapia jokabide-arazoak tratatzeko erabilgarria dela berretsi du nerabeen iritziak

JTDaren bidez trebetasun psikosozialak landu dituzten nerabeen esperientzia subjektiboa aztertu dute Basurtuko Ospitaleak eta UPV/EHUk

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/08/08

Eva Sesma
Eva Sesma. Argazkia: UPV/EHU.

Jokabide-arazoak izan dituzten eta Jokabide Terapia Dialektikoaren arabera trebetasun psikosozialak landu dituzten nerabeen kontakizunak aztertuta, ikuspuntu kualitatibo batetik ebaluatu dute tresna psikoterapeutiko horren eraginkortasuna Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuaren eta UPV/EHUko Neurozientziak Sailaren ikerketa batean. Nerabeen mintzaldietan jasotzen da oso balorazio positiboa egiten dutela; are gehiago, tresna populazio osasuntsuarekin ere erabiltzea proposatzen dute.

Frogatuta geratu da jokabide-arazoak dituzten nerabeentzat tresna eraginkorra dela Jokabide Terapia Dialektikoaren (JTD) araberako trebetasun psikosozialetarako prestakuntza. Jokabide Terapia Dialektikoa Marsha Linehan psikologoak sortu zuen, mugako nortasunaren nahasmendua tratatzeko; desregulazio emozionala da gaitz horren ezaugarri nagusia. Osagai ugari ditu terapia horrek, hala nola paziente-talde bat trebetasun psikosozialetarako prestatzea (hori izan da ikerketako aztergaia), bakarkako psikoterapia, familiei bideratutako trebetasun psikosozialetarako talde-prestakuntza, telefono bidezko coachinga eta ikuskapen-taldea.

“Bibliografia ugari dago, ikuspuntu kuantitatibotik frogatzen duena terapiaren osagai jakin hori eraginkorra dela jokabide-arazoak dituzten nerabeen sintomatologia barneratzailea nahiz kanporatzailea murrizteko”, dio Eva Sesma Pardo Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko Haur eta Gazteen Psikiatria Unitateko mediku psikiatra eta ikerketaren egileetako batek. Alabaina, “orain arte, bibliografian ez zegoen ikerketarik, Jokabide Terapia Dialektikoaren trebetasun psikosozialetarako prestakuntzaren ebaluazio kualitatiboa egiten zuenik populazio nerabearekin, eta horixe izan zen gure ikerketaren abiapuntua. Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko Haur eta Gazteen Psikiatria Unitatean 2010eko urtarriletik ari dira esku-hartze psikoterapeutiko hori eskaintzen, eta osasun-laguntzako zentro publiko bakarra da Espainian JTD programa oso bat duena bai nerabeentzat bai helduentzat”, gaineratu du.

Ikerketarako, metodologia kualitatiboko foku-taldeen teknika aukeratu zuten, eta trebetasun psikosozialetarako prestakuntza (JTD) eginda zuten nerabeak, informatzaile onak, gonbidatu zituzten parte hartzera, JTD terapiaren osagai horretan izan zuten esperientzia subjektiboa ezagutzeko helburuarekin. Foku-taldeetan, zenbait alderditan izandako esperientziari buruz aritu ziren parte-hartzaileak: gaixotasunari lotutako bizipenak, terapian parte hartzeko motibazioa, terapiaren beraren esperientzia eta izandako emaitzak.

 

Esperientzia positiboa eta oso erabilgarria

Lortutako emaitzen artean, ikertzaileek nabarmendu dute trebetasun psikosozialetarako prestakuntzaren (JTD) oso balorazio positiboa egiten dutela parte-hartzaileek. Sesmak adierazi duenez, “gazteek aitortzen dute prestakuntza-taldetik pasatzean hobera egiten dutela jokabide-arazoek eta sintomatologia barneratzaileak. Ziurtatzen dute JTDaren beraren izaera motibatzaileak lagundu egiten diela aldatzeko eta tratamenduan inplikazio aktiboa izateko motibazioa pizten. Ezinbestekotzat jotzen dituzte faktore horiek terapia eraginkorra izateko. Izan ere, aldatzeko motibaziorik gabe, terapiak ez du eraginik”.

“Krisi-egoeratan ondoeza gobernatzeko gaitasuna eskuratzeaz gainera, gazteek adierazten dute taldeko esperientziari eta jasotako prestakuntzari esker aldaketa intrapsikikoak izaten dituztela, hala nola gogoeta-ahalmen handiagoa, eta horrek aukera ematen diela iraganean izan zituzten zailtasunei buruz teorizatzeko, bai eta orainaldia hobeto ulertzeko ere. Diotenez, aldaketa horiek taldeko terapia bukatu eta denbora batera ager daitezke”.

Taldeko esku-hartzea jokabide-arazoak dituzten nerabeentzat zer erabilgarri den aditzera emateaz harago, “parte hartu duen nerabe-taldeak berak gomendatzen du populazio osasuntsuan ere erabiltzea. Oso datu interesgarria da hori, berriki JTDaren egokitzapen bat egin baita, eskoletako curriculum sozioemozionalean txertatzeko. Une honetan, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzua buru da Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak diruz lagundutako proiektu pilotu batean. Proiektuaren helburua da Bizkaiko ikastetxe jakin batzuetako irakasleak curriculumaren egokitzapen horretan trebatzea, ondoren irakaskuntzan beste irakasgai bat bezala txertatzeko, eta, hala, ikasle nerabeei zenbait baliabide irakasteko, gai izan daitezen egunerokoan izan ditzaketen egoera zailetan edo askotariko arazoen aurrean era moldagarri batean jokatzeko. Hala, hobeto egongo lirateke, eta horrek eskola-emaitzak hobeak izatea eragin lezake”, dio bukatzeko.

 

Informazio osagarria

Eva Sesma Pardo (Barakaldo, 1980) mediku psikiatra da Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko Haur eta Gazteen Psikiatria Unitatean, eta UPV/EHUn aurkeztutako doktore-tesiaren barruan egin du ikerketa. Tesiaren zuzendari izan ditu Miguel Ángel González Torres, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Psikiatriako zerbitzuburua eta UPV/EHUko Neurozientziak Saileko irakasle titularra, eta Aránzazu Fernández Rivas, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko Haur eta Gazteen Psikiatriako atalburua eta UPV/EHUko Neurozientziak Saileko irakasle elkartua.