euskaraespañol

Ramón Pelliterok Best Paper Awards 2016 saria lortu du

UPV/EHUko irakaslearen artikulua Computers and Geosciences aldizkarian argitaratu zen

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/01/17

Irudia

Ramón Pellitero Ondicol Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasle atxikia da, eta Best Paper Awards 2016 saria lortu du informatikaren kategorian, hain zuzen ere Computers and Geosciences aldizkarian (hots, International Association for Mathematical Geosciences erakundearen aldizkari ofizialean) argitaratutako artikulu batengatik. Aldizkaria mundu osoko erreferentzia bihurtu da IKTen (eta, batez ere, ordenagailuen) erabileran, Lurraren Zientzien espezialitatearen barruan. Artikulua Europako sei unibertsitateko 10 egilek sinatu zuten, eta Pellitero irakaslea zen egile nagusia. Une horretan, Aberdeengo (Eskozia) Unibertsitatean ari zen lanean.

Artikuluaren izenburua ‘GlaRe, a GIS tool to reconstruct the 3D surface of palaeoglaciers’ da, eta 2016ko argitalpenik onenaren saria lortu du orain. Mundu osoan gehien erabiltzen den ArcGIS informazio geografikoko sisteman kargatzen den tresna bati buruzkoa da. Tresna horren bidez, gaur egun desagertuta dauden glaziarren (hala nola Gorbeia mendian –iparraldera ematen duen aldean– eta Pirinioetako ia gailur guztietan zeudenen) azaleraren eta lodieraren errekonstrukzioa egin daiteke. Horretarako, izotzaren fluxua haren ezaugarri fisikoen arabera modelizatzen duten hainbat formula eta glaziarrak zeharkatzen zuen topografia ezagutzeko aukera ematen duen lurraren eredu digital bat erabiltzen ditu tresnak. UPV/EHUko irakasleak azaldu duenez, “alde batetik, aurrekoak baino errekonstrukzio fidagarriagoak egiteko aukera ematen du, izotzaren fisikan oinarrituta dagoelako, eta, bestetik, errekonstrukzioak askoz bizkorrago egiteko aukera ematen du, prozesua automatizatu egiten delako; hortaz, glaziarren errekonstrukzioa eskualde mailan egin daiteke”.

Paleoglaziarren errekonstrukzioa garrantzitsua da, glaziarrak klimaren “estazio meteorologikoak” bezalakoak baitira. Hau da, “iraganeko glaziar baten azalera ezagutzen badugu, zer tenperatura eta prezipitazio mailatan garatu zen zehatz dezakegu. Glaziar horietako asko duela milaka urtekoak direnez gero, garai haietan klima nolakoa zen jakiteko erabil ditzakegu”, adierazi du Ramón Pelliterok.

Gaur egun, UPV/EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasle hau GlaRe erabiltzen ari da Europak Younger Dryas aroan (duela 12.000 urte inguru) zuen klima deskribatzeko. Halaber, errekonstrukzio paleoanbientalak egiteko erabiltzen ari da Iranen, Indian, Peruko Andeetan, Alpeetan eta Groenlandian. Bertatik, beste ikertzaile batzuek galderak egiten dizkiote.

Erreferentzia bibliografikoa

  • Ramón Pellitero, Brice R. Rea, Matteo Spagnolo, Jostein Bakke, Susan Ivy-Ochs, Craig R. Frew, Philip Hughes, Adriano Ribolini, Sven Lukas, Hans Renssen
  • GlaRe, a GIS tool to reconstruct the 3D surface of palaeoglaciers
  • Computers & Geosciences, Volume 94, September 2016, Pages 77-85
  • DOI: doi.org/10.1016/j.cageo.2016.06.008