euskaraespañol

Antibiotikoekiko erresistentzia medikuntza intentsiboko zerbitzu batean

UPV/EHUk koordinatu duen azterlan batean ez da hauteman hazkunderik antimikrobiarrekiko sentiberatasunean gaikako deskontaminazio digestiboaren (GDD) protokoloa aplikatu ostean

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/02

Irudia
Ezkerretik eskuinera, Andres Canut, AUOko Mikrobiologia Klinikoko Zerbitzuburua, Yanire Llorens doktoregaia eta Alicia Rodriguez. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU.

Azterlana Arabako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologiako Zerbitzuarekin eta Medikuntza Intentsiboko Zerbitzuarekin (gaikako deskontaminazio digestiboaren protokolo bat ezarri zen bertan 2002an) elkarlanean egin da, eta ez da hauteman hazkunderik antibiotikoekiko erresistentziaren eskuratze tasan, eta balio hori ez zen izan protokolo hori erabiltzen ez duten Espainiako gainerako medikuntza intentsiboko zerbitzuetakoak baino handiagoa.

Alicia Rodríguez Gascón ikerlaria, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen Farmazia eta Farmazia Teknologikoko Laborategikoa, izan da azterlanaren koordinatzailea. Azterlan horretan, Medikuntza Intentsiboko Zerbitzu baten antimikrobiarrekiko sentiberatasun tasak neurtu dira gaikako deskontaminazio digestiboa ezarri aurretik eta ondoren, eta konparatu. Halaber, aipatu datuak gaikako deskontaminazio digestiboa egiten ez duten Espainiako gainerako medikuntza intentsiboko zerbitzuen sentiberatasun datuekin erkatu dira. Ikerlana, «Antibiotic susceptibility trend before and after long-term use of selective digestive decontamination: a 16 year ecological study», Journal of Antimicrobial Chemotherapy aldizkariak eman du argitara, eta Gaixotasun Infekziosoen eta Mikrobiologia Klinikoaren Espainiako Sozietateak urriko buletinean goraipatu du. Lan hori Yanire Llorens Villar UPV/EHUren doktoregaiaren doktorego tesiaren barnean dago.

Gaikako deskontaminazio digestiboan, orofaringean eta hestean xurgatu ezin daitezkeen antimikrobiarrak azalean ematen dira, eta hori medikuntza intentsiboko zerbitzuetan paziente kritikoek pronostiko hobea izatearekin lotuta egon daiteke. Gaikako deskontaminazio digestiboaren abantailei buruz ebidentzia asko dagoen arren, ez da erabilera orokortu jardunbide klinikoan, antimikrobiarrekiko mikroorganismo erresistenteak garatzea bultzatzen duela uste delako. Alabaina, meta-analisian oinarritutako orain gutxiko azterlan batean, ez da hauteman erlaziorik gaikako deskontaminazio digestiboaren eta erresistentzien garapenaren artean.

Arabako Unibertsitate Ospitaleko Mikrobiologia Klinikoko Zerbitzuko, Medikuntza Intentsiboko Zerbitzuko eta Ospitale Farmaziako Zerbitzuko kideez eta UPV/EHUren Ekonomia Aplikatuko Sailekoez osatutako talde diziplina anitzeko batek egindako lanean, Arabako Unibertsitateko Ospitaleko Medikuntza Intentsiboko Zerbitzuko bakterio sentiberatasunaren joera aztertu nahi zen, gaikako deskontaminazio digestiboa ezarri aurreko eta osteko datuak konparatuta. «Gaikako deskontaminazio digestiboaren protokoloa aplikatzen zaie aireztapen mekanikoa jarriko zaien pazienteei, eta gentamizina, kolistina eta B anfoterizinaren % 2ko nahastea aplikatzen zaie ahoko mukosan, eta antibiotiko horien beraien suspentsio bat digestio hodian sei orduan behin. Gainera, aireztapen mekanikoa jarrita duten lehen hiru egunetan, zeftriaxona ematen zaie zain barnetik», diosku Rodríguez Gascón irakasleak. Esan behar da 2002aren hirugarren hiruhilekoan ezarri zela Arabako Unibertsitate Ospitalean gaikako deskontaminazio digestiboa.

Hainbat aldagai kontuan hartu ondoren, denbora serie etenez osatutako estatistika eredu bat garatu zen. Eredu horretan, esku hartzea gaikako deskontaminazio digestiboa zen, eta sentiberatasun tasa antibiotikoen kontsumoaren eta gaikako deskontaminazio digestiboaren ezarpenaren mende adierazi zitekeen. Emaitzek agerian utzi zutenaren arabera, aztertutako 48 agente antimikrobiar/mikroorganismo konbinazioetatik hirutan bakarrik izan zen nabarmena gaikako deskontaminazio digestiboa ezarri aurreko eta ondorengo sentiberatasunen arteko desberdintasuna. Hiru hauetan, zehazki: Escherichia coli eta Proteus mirabilis  amoxizilina/azido klabulanikoaren aurrean, eta Enterococcus faecalis gentamizina dosi handien aurrean; sentiberatasuna jaitsi egin zen gaikako deskontaminazio digestiboa ezarri ondoren (% 20ko eta % 27ko murrizketak E. coli eta P. mirabilis kasuetan, hurrenez hurren, eta % 32koa, E. faecalis bakterioan, gentamizina dosi handien aurrean). Zehaztu behar da kasu bakan horiek gehiago izan daitezkeela Espainian eta Europan gertatu den antibiotikoekiko erresistentziaren hazkundearen ondorio (antibiotikoen kontsumoaren hazkundearen ondorioz), medikuntza intentsiboko zerbitzuan gaikako deskontaminazio digestiboaren erabileraren ondorio baino gehiago. Gainera, ez zen hauteman hazkunderik erresistentzien eskuratze tasan gaikako deskontaminazio digestiboa ezarri ondoren.

Ondorioz, azterlanak ez zuen hauteman aldaketa esanguratsurik sentiberatasun tasa orokorrean gaikako deskontaminazio digestiboa ezarri ondoren. Gainera, aipatu tasa ez zen izan gaikako deskontaminazio digestiboa ezarrita ez duten Espainiako medikuntza intentsiboko zerbitzuetakoak baino txikiagoa.

Erreferentzia bibliografikoa