euskaraespañol

Ioana Osa Etxebestek irabazi du ‘Izaskun Heras Prado’ II sariketa

Garuneko lesioa duten haurrekin bizi diren familien erronkak, hizpide

  • Kronika

Lehenengo argitaratze data: 2018/01/11

Irudia

Ioana Osa Etxebeste izan da irabazlea ‘Izaskun Heras Prado’ sariaren II. deialdian desgaitasun, hezkuntza inklusibo eta hezkuntza premia berezien esparruan egindako master amaierako lanetan. Sari hori Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegarritasunaren arloko Errektoreordetzak antolatzen du urtero Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuaren bitartez. Ioana UPV/EHUko ‘Ikasketa Feministak eta Generokoak’ masterreko ikaslea da. Txelo Ruiz Vazquez Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak eta Montse Maritxalar ikasleen zuzendariak entregatu zuten saria Arabako Campuseko pabiloian egindako ekitaldian.

Lanak, ‘La vida con Paul. Re-construyendo la experiencia con un/a hijo/hija con lesión cerebral’ (Paulekin bizitzea. Garuneko lesioa duen seme/alaba batekin izandako esperientzia berrosatzen) izenburukoak, gurasoen bizipen, oztopo eta erronkak jasotzen ditu garuneko lesioa duen seme edo alaba bat jaiotzen denean, eta haur hori sortuz geroztik zabaldutako prozesua, betiere genero eta eskubideen ikuspegitik hartuta. Hau dio sariaren irabazleak: “Ikerlan hau egin da garuneko lesioa duten 6 urtetik beherako haurrak dituzten gurasoek bizitutako esperientziak partekatu beharra dagoelako egoera edo arazo hori hobeto uler dadin, eta helburu nagusia du zaintzaile zein zaindutakoekiko eskuhartzeetan hobekuntzak proposatzea. Horretarako, ikerketa kualitatibo bat egin da oztopo eta erronka horiek bizitzen dituzten pertsonen testigantzetan oinarrituta, eta neu naiz pertsona horietako bat, garuneko lesioa duen 5 urteko haur baten ama bainaiz”.

Ioana Osak ibilbide azkar bat egin du garuneko lesioa duten bi haurren familiek izandako etapetan barrena, harik eta “egonkortasuna” deituko litzatekeen etapara iritsi arte".  Hau da, desgaitasun larria duen haur baten gurasoak dira, hori jakin ez ezik, onartu ere egiten dute. Esanak esan, puntu horretara iristeko, familiek prozesu luzea eta mingarria jasan dute, irregulartasunak sortu dituena, eta are larriago bilakatzen direnak egoeraren berezitasuna dela eta. Lanak irregulartasun horietako batzuk izan ditu aztergai, horiek salatzeko nolabait, baina batez ere erakusteko amen bizitzarekin eta, zehazki, amen proiektu eta bizi kalitatearekin duten erlazio zuzena, azken finean haiek baitira haur horien zaintzaile nagusiak.

UPV/EHUko ikasleak hau esanez amaitzen du: "Hauek genituzke lanaren ondorio azpimagarrienak: ez dago zerbitzu integralik, ezta protokolo argi bat ere haurren garuneko lesio kasuen aurrean euskal administrazioen aldetik (osasun eta gizarte zerbitzuen aldetik), ez dugu haur horiek zaintzeko behar adinako zerbitzu publiko koordinaturik, hortaz, estatuak familiaren esku uzten du edo, bestela esanda, familiak bere burua behartuta ikusten du zaintza hori bere gain hartzera, zaintza horrek gainezkatuta eta menperatuta gelditzeko arriskua du senitarteak, senideen eta batez ere amen proiektuetan eta bizi kalitatean eragin ditzakeen ondorioak kontuan hartuta”.

 

Izaskun Heras Prado

Sari hau inklusioa bultzatzeko sortu da, inklusioa eraldaketa prozesu gisa ulertuta, gure inguruak pertsona guztien eskubideak eta premiak izan ditzan kontuan, eta hartara gure unibertsitatea guztiontzako gune izan dadin. Sari honen bidez, Izaskun Heras Prado izan nahi dugu gogoan, UPV/EHUko ikasle izan zena, emakume aparta, aitzindaria desgaitasunak dituzten pertsonen inklusioa lortzeko eta pertsona horiek unibertsitatean ikasketak egiteko dituzten eskubideen borrokan; Heras andrea ez ezik, sari honek gogoan ditu ere desgaitasunak dituzten pertsona horien alde edo hezkuntzarako premia bereziak dituztenen alde egunero lanean ari diren guztiak, benetako inklusioa lortzeko zeregin horretan ari diren guztiak.