euskaraespañol

Saiakuntzak egiteko ibai artifizialen instalazioa inauguratu da

Instalazio horren bidez, zenbait kontu aztertu ahalko dira, besteak beste, biodibertsitatean tenperaturaren igoerak eragiten dituen ondorioak

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/11/16

Irudia
Gaur goizean, Leioan, saiakuntzak egiteko 30 ibai artifizialen multzoa inauguratu da. UPV/EHU

Gaur goizean, Leioan, saiakuntzak egiteko 30 ibai artifizialen multzoa inauguratu da; horien bidez, biodibertsitatean eta ibaien funtzionamendu prozesuetan tenperaturaren igoerak duen eragina aztertuko da, bai eta uretan mantenugaien mailekiko elkarreragina ere.

“Antzeko beste sistema batzuen aldean, abantaila nagusiak malgutasuna eta moldakortasuna dira; horiek aukera ematen dute aldagai ugari kontrolatu eta manipulatzeko; halaber, abantaila nagusietako bat erreplikazio maila altua da, izan ere, horren bidez, saiakuntza konplexuak egin daitezke, eraginak antzemateko gaitasuna arriskuan jarri gabe. Moldakortasun horren bitartez, gainera, erabilera denboran luzatuko da, eta edozein ikertaldera zabaldu ahalko da, nazionala edo atzerrikoa izan, erabiltzeko interesa duen edozein ikertaldera. Horrela, kalitateko ikerketa zientifiko-teknikoa egiteko bide emango da”, esan du Jesús Pozo Ekologiako katedradunak eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Ibai Ekologiako Taldeko ikertzaile nagusiak.

Jesús Pozo buru duen ikertaldeak elkarlanean dihardu zenbait administraziorekin, ekosistemen egoera ebaluatzeko teknika berriak garatzen edo ibaiak kudeatzeko, kontserbatzeko eta lehengoratzeko proposamenetan parte hartzen.

“Proiektu horietarako guztietarako Ibai Artifizialen Sistemak abantaila ugari ditu.  Alde batetik, fluxu jarraitua eta erregulagarria duen sistema batekin lan egiteak ematen duen errealismoa eta, bestetik, zenbait faktoreren kontrol zehatza, besteak beste, tenperatura edo zenbait mantenugairen kontzentrazioak, kontuan hartuta horiek ezinbestekoak direla ikerketa batzuetarako eta, normalean, laborategiko saiakuntzetarako erronka bat izaten direla.

Ibai artifizial bakoitza metakrilatozko kanala da, gardena, 20 m zabalekoa, 15 cm sakonekoa eta 2 m luzekoa. Ibai Artifizialen Sistema UPV/EHUren Leioako Campuseko Biofisikako antzinako eraikinean jarri da, Arte Ederren Fakultatearen atzean (Sarriena auzoa, zk.g.). Azpiegitura Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak finantzatu dute, beste erakunde batzuen artean, eta 180.000 €-ko inbertsioa behar izan du.

Ibai Ekologiako Taldea

UPV/EHUko Ibai Ekologiako Taldea, gaur egun, bost ikertzaile nagusik (Jesús Pozo, Arturo Elosegi, Ana Basaguren, Luz Boyero eta Aitor Larrañaga), doktoratu ondoko lau kontratatuk eta doktoratu aurreko sei ikaslek eratzen dute.  Taldea hasieran Pozo, Elosegi eta Basaguren doktoreek eratzen zuten. 30 urteko ibilbidea du, ibai ekosistemen ikerketari eskainia. Taldearen ikerketa ibai sistemen ekologiari buruzko hainbat gaitan oinarritzen da, bai oinarrizko alderdietan, bai zientzia aplikatuan. Ekosistema horien egitura eta funtzionamendu naturala ezagutzeko eta ingurumen aldaketak horien gainean duen eragina ebaluatzeko, zenbait hurbilketa konbinatzen dituzte, dela eredu naturalak bilatzea, dela zenbait eskalatan eginiko manipulazio saiakuntzak, dela mikrokosmoak, dela ekosistema osoen manipulazioa.