euskaraespañol

Marta Macho-Stadler

Selma Huxley, euskal baleazaleak Kanadara iritsi zirela aurkitu zuen ikertzailea

Matematikako Saileko irakaslea

  • Cathedra

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/13

Marta Macho-Stadler
Marta Macho-Stadler. Argazkia: Mikel Mtz. de Trespuentes. UPV/EHU.
Artikulu hau jatorriz The Conversation plataforman argitaratu zen.

Baleontzietan pentsatuz gero, ziurrenik burura etorriko zaigu Pequod ontzia, Herman Melvilleren «Moby Dick» eleberri entzutetsuan ozeanoak zeharkatzen zituena, balea zuria ehizatzeko obsesioz.

Selma Huxley ez zaie inoiz baleei jazarri, baina hainbat urtez aztertu du beste baleontzi batzuen historia: euskal portuetatik atera, eta XVI. mendetik Ternuako itsasertz urrunetan arrantza egiten zuten ontzien historia.

 

Britainia Handitik Oñatira

Londresen jaio zen Selma Huxley 1927. urtean, intelektual eta zientzialarien familia batean. Aldous Huxley idazle eta filosofoaren, Julian Huxley biologo ebolutiboaren eta Andrew Huxley biofisikariaren (1963ko Fisiologia edo Medikuntzako Nobel sariduna) lehengusua zen Selmaren aita, Michael Huxley. Guztiak ziren Thomas Henry Huxley naturalistaren bilobak; Darwinen bulldoga ezizenez izan zen ezaguna zientzialari hori, eboluzioaren teoria sutsuki aldezten baitzuen.

Parisen eta Londresen egin zituen ikasketak Selmak. 1950. urtean, Kanadara joan zen familia arrazoiak zirela medio, eta irakasle eta liburuzain egin zuen lan McGill Unibertsitatean (Montreal). 1954. urtean, Brian Barkham arkitektoarekin ezkondu, eta Ottawara joan ziren; han, arkitekturako estudio bat ireki zuen senarrak. Lotura estua zuen Brianek Euskal Herriarekin, bere tesia zela-eta euskal lurretara joan baitzen Britainia Handitik, baserriak aztertzera.

1956an, bikoteak Euskal Herrira egindako bidaia batean, euskaldunek Kanadako kostaldera egindako joan-etorrien berri eman zien Pío Montoya Arizmendi apaizak.

Selmaren bizitza aldatu zuen historia hark, Brianen heriotza goiztiarraren ostean (1964). Alargun eta lau seme-alaba adingabe bere kargura zituela, Kanadako Gobernuarentzat hasi zen lanean, interes historikoa zeukaten guneak aztertzen eta leheneratzen. Kostaldeak aztertu zituen, eta XVI. eta XVII. mendeetako europar bisitarietan jarri zuen arreta, bereziki euskal jatorria zutenetan.

Espainiako eta Frantziako artxibo historikoak aztertu ahal izateko, bidaia luze baten ostean Bilbon ezarri zen 1972an bere lau seme-alabekin. Goizez ingeles klaseak ematen zituen soldata bat ateratzeko, eta, gauez, espainiar paleografia ikasten zuen Deustuko Unibertsitatean –Mexikon ikasi zuen gaztelania–. Kanadako emaile anonimo baten eskuzabaltasunari esker, bere ikerketa egiten hasi zen. Lehen lana argitaratu ostean, lehen laguntza ofiziala jaso zuen.

Oñatira joan zen bizitzera 1973an, han baitzegoen Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa, eta dokumentuak –parrokia agiriak, udal agiriak nahiz notario agiriak, besteak beste– aztertzen jarraitu zuen Tolosan, Bilbon, Burgosen, Valladoliden, Madrilen, Sevillan edota Lisboan. XVI. eta XVII. mendeetako hainbat arlotako milaka eskuizkribu zeuden erregistro horietan –aseguru polizak, auziak, gutunak, kontratuak, tresneria eta hornigai zerrendak–, Ternuan euskaldunek izandako presentziarekin lotuak.

Agiri horiek aztertuz, Selma Huxleyk aurkitu zuen arrantzaleek ez zutela bakailaoa soilik harrapatu Kanadako kosta atlantikoan, baizik eta baleak maila industrialean ehizatzen jardun zutela XVI. mendean.

Xehe-xehe aztertu zituen historialariak euskal arrantzaleku horiek: antolaketari dagozkion alderdiak landu zituen –finantzazioa, arrantza denboraldiak, ibilbideak–, bai eta arrantzaleekin lotutako alderdiak ere, hala nola bizitza, lana, gaixotasunak, janaria, jantziak eta bisitatzen zituzten herrialdeetako biztanleekin zituzten harremanak.

 

Ontzi aztarnek alderdi dokumentala berretsi zuten

Azterketa erabat dokumental hori egin ostean, froga arkeologikoak bilatzeari ekin zion Selma Huxleyk, euskal baleazaleek Ternuan izandako presentzia frogatu nahi baitzuen. 1977an, James Tuck arkeologoarekin batera eta Kanadako Errege Elkarte Geografikoaren laguntzaz, lehen espedizio bat antolatu zuen Labradorren hegoaldera, eta Europako artxiboetan aurkitutako datu guztiak berresten zituzten aztarnak atzeman zituen.

Gerora egindako kanpainetan, Selma Huxleyk, James Tuckek eta urpeko arkeologo Robert Grenierrek –haren espezialista taldeekin batera– euskal baleontzien hainbat aztarna aurkitu zituzten Ternuan.

2013ko ekainaren 22an, Unescoren Gizateriaren Ondarearen Batzordeak Gizateriaren Ondare izendatu zuen Red Bay-ko (Labrador, Kanada) aztarnategia. Selma Huxleyren lanak frogatu zuen arrantzaleen herri hori euskal baleazaleen estazioa izan zela XVI. mendean, eta, gainera, kostalde horretako garrantzitsuenetakoa, baleen migrazio ibilbidean kokatuta baitzegoen.

Red Bay herrixkan dagoen museoan, hain urrundik iritsitako baleazale horien hainbat aztarna daude erakusgai: badiaren hondoan aurkitutako zenbait ontzi aztarna, balea gantza erauzteko labeen aztarnak, askotariko tresnak, giza eskeletoak edota balea bizarrak. Zenbait euskal galeoik itsas hondoan jarraitzen dute.

Selma Huxleyk hainbat sari jaso ditu, eta horien artean daude Eusko Jaurlaritzaren Lagun Onari Saria (2014) –Kanadako eta Euskal Herriko historiako gertakari nabarmenak argitara ateratzeagatik– eta Espainiako Elkarte Geografikoaren Nazioarteko Saria (2018).

Honela zioen Iñaki Zumalde historialariak 1987an: «Hemendik aurrera, euskal baleazaleen Kanadako historia jorratzen den bakoitzean, nahitaezkoa izango da bereizketa hau egitea: Selma Huxleyk egindako ekarpena baino lehen eta ondoren».

2018. urtetik aurrera, Oñatiko Udalak Selma Huxley Barkham ikerketa beka ematen du, Oñatiko emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko. Gipuzkoako udalerri horrek bertan bizi izan ikerlariari eginiko omenaldi ederra, zeinak ahalegin eta denbora asko eskaini baitzion Kanadako itsasoetan ezkutatuko euskal historiaren zati hori berreskuratzeari.

 

Eduardo Angulok UPV/EHUren Kultura Zientifikoko Katedraren Mujeres con ciencia blogean idatzi zuen El caso de Selma Huxley idatzia da artikulu honen erreferentzia nagusia.

The Conversation