euskaraespañol

Kontrol-sistema bat, olatu-energiaren bihurgailuak eraginkorragoak izateko

Bihurgailuen turbinaren abiadura doitzeko sistema bat proposatu du UPV/EHUko ikerketa batek, ahalik eta energia gehien atera dezaten

  • Ikerketa

Lehenengo argitaratze data: 2018/09/18

Irudia
Oscar Barambones, ikerketan parte hartu duen ikertzaileetako bat. Argazkia: Nuria González. UPV/EHU

Olatu-energia gero eta interes handiagoa hartzen ari da azken urteetan, eta berariaz diseinatutako sorgailu elektrikoak garatzen ari dira energia-iturri berriztagarri horretatik elektrizitatea sortzeko. UPV/EHUko Kontrol Aurreratua ikerketa-taldeak kontrol-sistema sendo bat proposatu du halako sorgailuetarako, zeinak, egindako probetan, erakutsi baituen sorgailuen eraginkortasuna nabarmen hobetzen duela.

UPV/EHUko Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako (VGIE) eta Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolako (Eibar) Kontrol Aurreratua ikerketa-taldeak, makina elektrikoen kontrolean espezializatutakoak, kontrol-sistema sendo bat proposatu du olatu-energiaren bihurgailu erabilienetako baterako, elikadura bikoitzeko indukzio-sorgailu batekin batera ur-zutabe oszilatzailea (OWC) darabilen bihurgailurako, alegia. “Halako sorgailu elektrikoak egokiak dira abiadura aldakorretan lan egiteko, eta, aldi berean, guk proposatutako kontrol-sistemarekin, turbinaren errotazio-abiadura kontrolatuz lortzen da sorgailuen eraginkortasuna hobetzea, abiadura horrek eragina baitu olatuen energia zinetikoa erauzteko prozesuaren efizientzian”, azaldu du Oscar Barambonesek,  Ocean Energy aldizkariak berriki argitaratu duen ikerketan parte hartu duen ikertzaileetako batek.

Olatu-energiatik eratorritako energia sortzeko, oso egokitzat jotzen dira elikadura bikoitzeko indukzio-sorgailuak (DFIG siglak ingelesez), bereziki diseinatuta baitaude kondizio aldakor eta aurresan ezinetan lan egiteko; “inoiz ezingo da ezagutu zer aire-fluxu sortuko duten olatuek eta erabili beharko duen sorgailuak, baina halako bihurgailuetan, elektrizitate-sorgailua gai da lan-abiadura kontrolatzeko, sistemak abiadura optimoan jardun dezan, turbinak jasotzen duen aire-fluxuaren abiadura edozein dela ere”, zehaztu du ikertzaileak.

Egindako ikerketan, ikusi nahi izan zuten bihurgailuaren errendimendua hobetzen ote zen kontrol-sistema lerrakor bat gehituta; sistema horren bereizgarria da behar bezala ibiltzen dela baita dinamika aldaberetan, parametro aldakorretan eta kanpo-asalduren eraginpean ere. “Kontrol-sistema hori gehitzeak zer eragin zuen probatu genuen, lehenik, simulazio bidez, eta, ondoren, proba esperimentalen bidez, ikerketa-taldeak Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan (Eibarren) diseinatu eta eraiki duen plataforma esperimental batean. Plataforma esperimental horrek elikadura bikoitzeko sorgailu komertzial bat du, benetakoa, zeina motor batera konektatu dugun, eta motorraren bidez simulatu dugu olatu-energia sortzeko planta batean olatuek eragingo luketen aire-fluxuak sortuko lukeen energia mekanikoaren profila”.

Emaitza onak

Barambonesek adierazi duenez, egindako probetan frogatu ahal izan dute olatu-energiaren bihurgailuen eraginkortasuna “nabarmen handitzen dela: kontrol-sistemak olatuen energiaren erauzketa maximizatzen du, turbinaren abiadura doitzen duelako sistema efizientzia handienarekin aritu dadin. Sistema horien errendimendua optimoa izan ohi da sorgailuak erreferentzia bati jarraitzea lortzen denean, eta erreferentzia hori fluxuaren abiaduraren menpekoa da, horren arabera aritu ahal izango baita turbina efizientzia handieneko puntuan”. Eta bihurgailu komertzial batekin egin dituztenez probak, “kontrol-sistema hori berehala ezarri ahal izango litzateke gailuetan”.

Baina ikertzailea jakitun da zailtasunen bat ager daitekeela kontrol-sistema hori kondizio errealetan ezartzeko orduan. Aurreikusten duen arazo nagusiena turbinen inertziarekin lotuta dago: “guk ez dugu inertzia handiekin lan egin, baina espero daiteke turbina erreal batek masa askoz handiagoa izatea, eta, horrenbestez, baita inertzia handiagoa ere. Eta ikusi dugunez, zenbat eta handiagoa izan inertzia, orduan eta zailagoa izango da sistemak erreferentzia optimoari doitasun handiz jarraitzea. Hala ere, turbinaren abiadura kontrolatuta, beti lortuko da sistemaren eraginkortasuna hobetzea. Aurrera jarraituko dugu gai horretan ikertzen”, dio bukatzeko.

Erreferentzia bibliografikoa