euskaraespañol

Unibertsitatearen eta ingurune produktibo eta sozialaren arteko harremanak sendotuz

UPV/EHUko ikerketa taldeek 125 proiektu landu dituzte elkarlanean Euskal Herriko erakunde eta enpresekin azken 10 urteetan

Lehenengo argitaratze data: 2018/02/05

Irudia

Iragan astean Gobernu Kontseiluan 2.000.000 euroren ikerketarako laguntzei buruzko zenbait hitzarmen onartu ziren. Besteak beste, Unibertsitatea-Gizartea proiektua deialdia onetsi zen, zeinaren bidez UPV/EHUk aldi berean finantzatuko dituen unibertsitateko taldeek ikerketak abian jarriko dituzten, dela enpresekin lankidetzan, dela irabazi asmorik gabeko elkarteekin talde-lanean.

“Hamar urte hauetan, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek 125 proiektu egin dituzte Unibertsitatea-Gizartea Programaren barruan Euskal Herriko eragile ekonomiko eta sozialekin, hala nola enpresekin, fundazioekin eta irabazi asmorik gabeko elkarteekin”, azaldu du José Luis Martín Ikerketaren arloko errektoreordeak.

Euskal Herriko sare sozioekonomikoarekiko lankidetza horren harira, Unibertsitateko ikerketa taldeek berrikuntza sustatzen duten proiektuak proposatzen dizkiete enpresei edota erakunde sozialei, lehiakortasuna handitzeko elementu gisa eta gizarte ongizatea hobetzeko helburuz. Joan den ekitaldian, 2017an, kasurako, 16 proiektu gauzatu zituzten hainbat gai jorratzeko: makina eta erremintari buruzko ikerkuntzaren azken aurrerapenak; gizarte inklusiboekin eta bakearen kulturarekin lotutako kontuak; zeliakoen elikadura eta gizarte ingurunearen hobekuntza; eta ezaugarri geologiko eta kulturalen bidezko paisaia interpretazioa, besteak beste.

Erakunde ekonomiko edo sozialek proiektuaren aurrekontuaren % 20 finantzatu beharko dute gutxienez. Dena dela, erakunde laguntzailea GKE bat edo irabazi asmorik gabeko bestelako erakunde sozial bat bada (adibidez, fundazioak, elkarte kulturalak, aisialdirako elkarteak...), ez da beharrezkoa izango diruz laguntzea; horren ordez, ikertzaileek edo teknikariek ikerketan aktiboki parte hartu ahal izango dute.  2018ko Unibertsitatea-Gizartea proiektuko deialdirako urteko 300.000 euro inguru zuzenduko dira.

Martínek ñabartu du deialdi hori ez dela UPV/EHUko ikerketa taldeen eta Euskal Herriko sare sozioekonomikoaren arteko “lankidetza formula bakarra”. “2017an zehar gure ikerketa taldeek 1.000 hitzarmen baino gehiagotan hartu dute parte, non talde horiek sortutako ezagutzak eragile ekonomiko eta sozialek planteatuko beharrizanei eta galderei laguntza eta erantzuna eman dien”, adierazi du errektoreordeak.

Ikerketarako deialdiak

Halaber, Gobernu Kontseiluak 2018rako ikerketa bultzatzeko beste laguntza batzuk ere onartu zituen, hala nola doktore berriak doktorego ondoko prestakuntza programetan sartu arte kontratatzeko laguntza (Dokberri 2018-I); ekipamendu zientifikoaren eta funts bibliografikoen erosketa eta berritzea finantzatzeko laguntzen deialdia; mugikortasuna sustatzeko eta ikerketaren emaitzak dibulgatzeko laguntza; eta biltzar zientifikoetan parte hartzeko laguntzen deialdia. Orotara, 2.000.000 €.