euskaraespañol

UPV/EHUk 2020ko Aurrekontu Proiektua onartu du

AZPren hainbat lanpostu sartuko dira Pertsonalaren Lanpostuen Zerrendan eta Medikuntza eta Erizaintza Fakultateari bultzada emango zaio

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/12/13

Irudia

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gobernu Kontseiluak, abenduaren 12ko bileran, 2020rako aurrekontu proiektua onartu du: aldeko 29 boto, kontrako 1 eta 7 abstentzio egon dira.

Proiektu honen bi berritasun nagusiak dira, batetik, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen ataleko 50 plaza eta 35 kontratu, orain arte programa kontratuen bidez finantzatuak izatetik ekarpen arruntarekin finantzatzera pasatuko direnak; bestetik, Eusko Jaurlaritzak Basurtuko eremuan Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen eraikin berria eraikitzeko konpromiso irmoarekin jarraitzen du, eta 1.843.00 €-ko partida eman du 2020ko ekitaldirako.

2020rako aurrekontu proiektua egitean, azken urteetan bezala, austeritate-helburuak izan dira nagusi gastuak gauzatzean, eraginkortasuna baliabideen kontsumoan eta iraunkortasuna erabaki ekonomikoak hartzean.

Aurreproiektua azaroaren 5ean aurkeztu zitzaion organo honi. Ez zen zuzenketarik aurkeztu horiek aurkezteko epean (azaroaren 20tik 29ra), baina gerentziak zuzenketa tekniko batzuk egin zituen aurreproiektua egin ondoren antzemandakoak zuzentzeko. Aurrekontuaren zenbatekoa 428.221.395 eurokoa da; 2019ko aurrekontua 422.055.108 eurokoa izan zen, eta, beraz,% 1,46ko igoera izan da aurreko urtearekin alderatuta.

Diru kopuru horretatik, 326.142.395,00 euro Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretatik datoz, hau da: guztizkoaren % 76,16. Aurrekontu orokorretatik datorren kopuruaz gain, badira beste sarrera batzuk eskubide publiko edo pribatuetatik datozenak (tasa akademikoak eta administrazio tasak, administrazio emakidak, beste erakunde edo pertsona fisiko batzuekin egindako kontratuak eta abar.); horiek, guztira, 101.635.300 € izanik. Diru sarrera horiek proiektuaren % 23,73 dira. Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateak 450.000 € jasotzen ditu Gizarte Kontseilurako, proiektuaren% 0,11.

Gastuei dagokienez, langileen arlokoak 328.874.999 € dira (guztizkoaren % 76,80); beste % 23,20 ikerketara bideratutako gainerako gastu kapituluetan, funtzionamendu orokorrean, errektoreordeen, zentroen eta sailen jardueran eta ekipamendu inbertsioetan.

Aurrekontuaren proiektua Unibertsitateko Gizarte Kontseilura eramango dute orain, behin betiko onar dezaten.