euskaraespañol

UPV/EHUk proiektu bat aurkeztu du CESen, munduko elektronika azoka handienean

AEBko Merkataritza Sailak 1.260.000 dolar eman zizkion ikerlan horri 2017an

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/01/10

Irudia
Fidel Liberal eta Mikel Ramos Las Vegaseko azoka entzutetsuan. UPV/EHU.

Fidel Liberal buru duen UPV/EHUko ikerketa talde batek munduko elektronika azoka handienean, Las Vegaseko CESen, aurkeztu du garatzen ari diren belaunaldi berriko larrialdietako komunikazio sistema.

Tradizionalki, larrialdietako taldeek, hau da, suhiltzaileek, poliziek, medikuek eta anbulantziek, walkie-talkie ezagunak erabili izan dituzte segurtasunez hitz egiteko. Alabaina, teknologia horrek ez ditu edozein sakelako telefonok gaur egun izan ohi dituen gaitasunak, hala nola abiadura handiko Interneterako sarbidea eta argazkiak edo bideoak bidaltzeko gaitasuna. Eta elementu horiek guztiak ezinbestekoak izan daitezke larrialdietan lehen erantzuna emateko. Desabantaila horri aurre egiteko, duela gutxi erabaki dute komunikazio sistema horiek aldatzea eta lehentasuna ematea sakelako telefonoen sareak erabiltzeko.

AEBko Merkataritza Sailak 1.260.000 $ eman zizkion proiektu hori garatzeko  2017an UPV/EHUko Komunikazioen Ingeniaritza saileko NQaS (Networking Quality and Security) ikerketa taldeari.  “Gure ekimenak Mission Critical Open Platform- MCOP AEBko Merkataritza Sailaren eta horren berrikuntza bizkortzeko programaren partetik babes oso garrantzitsua jaso zuen 2017an. Orain, erakunde horrekin batera MCOP ekimenak izandako aurrerapenak erakutsiko ditugu CES azokan. Hala, komunikazio sistema horiek egoera kritiko batean eraginkorrak direla ikusi ahal izango da”, azaldu du Fidel Liberalek, UPV/EHUko Komunikazioen Ingeniaritza saileko irakasle eta ikerlariak.

“Honelako sistema bat izatea benetako jauzi kualitatiboa izango da larrialdietako taldeentzat. Izan ere, teknologia hobetzeaz gain, kostuak ere murriztu egingo dira, sistema hasiera-hasieratik irekia eta estandarra izango delako: ez da hornitzaile bakar baten mende egongo, eta ziurtatuko da larrialdietako taldeak berehala konektatu ahal izango direla beste leku edo herrialde batzuetara joandako edozein polizia, suhiltzaile edo medikurekin”, adierazi du  Liberalek.

“Gure proposamenari esker, aurrera egingo dugu izaera ireki horretan, eta komunitate osoaren eskura jarri ditugu MCPTT sistema erabiltzen duten aplikazio berritzaileak garatzeko tresnak. Horrela, fabrikatzaile handiek ez ezik, enpresa txikiek eta larrialdietako taldeek berek ere beren kasa diseinatu ahal izango dituzte buruan dituzten eta behar dituzten komunikazio tresnak. Gainera, gero, tresna horiek probatzean ziur egongo dira komunikazioek behar bezala funtzionatuko dutela egoera larrietan. CES 2019 erakusleiho paregabea da gure plataforma ezagutarazteko, baita sortu dugun babesleen programan agente berrien atxikimendua bultzatzeko ere”.

Azken batean, UPV/EHUren proposamenaren helburua da gaur egun merkataritzako eta larrialdietako komunikazioen artean dagoen arrakala murriztea eta, horri esker, honako hauek izango dituzten multimedia terminalak izatea: Interneterako sarbidea, larrialdien argazkiak eta bideoak egiteko kamera, lokalizazio sistema…

Esperientzia zabala

NQaS ikerketa taldeak esperientzia zabala du larrialdietako komunikazioen arloan. Berez, duela zenbait urte hasi zen GERYON proiektuaren bitartez (UPV/EHU da horren burua ere), Europako Batzordeak emandako 2,5 milioi euroko finantzaketari esker. “Garai hartan, erabat disruptiboa zen larrialdietako zerbitzuak emateko merkataritzako teknologia mugikorrak erabiltzea. Zortzi urte geroago, ikuspegi hau errealitate bihurtu da; estandar bat badago, eta UPV/EHU munduko abangoardian dago berriro ere, eta ez ikerketan soilik, baita larrialdietako komunikazio sistemen garapenean ere”.