euskaraespañol

UPV/EHUko saiakuntza batek lehen saria lortu du Oviedoko Unibertsitateko periodontzia jardunaldietan

Saiakuntza klinikoa Miren Vilor Fernándezek, Elena Ruiz de Gopeguik, Ana María García de la Fuentek eta Luis Antonio Aguirre Zorzanok egin dute

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/04/04

Irudia
Miren Vilor saria jasotzen.

UPV/EHUko Periodontzia eta Osteointegrazioko Graduondokoaren ordezkaritza batek Oviedoko Unibertsitateko XVII. Periodontziako eta Osteointegrazioko Ikerketa Metodologiaren Ikastaroan parte hartu du. Ikastaro hori bi urtean behin egiten da aipatutako unibertsitatean, 1988az geroztik. Edizio honetan, UPV/EHUk hamahiru ikerketa protokolo aurkeztu ditu eta horietatik hiru finalista izan dira.

Azkenean, UPV/EHUko Periodontzia eta Osteointegrazioko Graduondokoaren irakasle Miren Vilor Fernándezek aurkeztutako proiektuak irabazi du edizio honetako lehenengo saria. Proiektuak hauxe du izenburu: “Ensayo clínico controlado randomizado comparando implantes de zirconia monobloque, frente a implantes de zirconia en dos fases en la reposición de dientes individuales”.

Aurten, orotara 63 proiektu aurkeztu dira jardunaldi horietan, poster formatuan, eta horien artean sei finalista aukeratu zituzten, auditorium nagusiaren aurrean aurkezpena egiteko. Fase horretarako, Valentziako Unibertsitateko ikerketa bat, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko bi eta UPV/EHUko hiru aukeratu zituzten.