euskaraespañol

UPV/EHUren Zientzia Asteak 17.000 bisita jaso ditu

Gainera, ‘Ilusioa eta Zientzia UPV/EHUn’ ekitaldiak 9.000 bisita izan ditu

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2019/11/13

UPV/EHUren Zientzia Asteak 17.000 bisita jaso ditu. Argazkia: M ikel Mtz de Trespuentes. UPV/EHU
UPV/EHUren Zientzia Asteak 17.000 bisita jaso ditu

Oso harrera ona egin diote, beste behin ere, adin guztietako herritarrek UPV/EHUren Zientzia Asteari; azaroaren 6tik 10ra izan da hemeretzigarren edizioa Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Barakaldon. 17.000 lagun baino gehiago bertaratu dira Zientzia Astea hartu duten lau egoitzetara, ikastetxeetako eta partikularren bisitak kontuan hartuta: 6.340 bisitari baino gehiago izan ditu Bizkaia Aretoak, 3.500 inguru hurbildu dira Bibat museora, 3.500 Tabakalerara eta beste 3.560 Barakaldoko Clara Campoamor Kultur etxera.

UPV/EHUren Zientzia Astearen edizio honetan 200 jarduera inguru antolatu dira. Zehazki, 49 txoko zientifiko egon dira ikusgai (22 Bilbon, 15 Donostian eta 12 Gasteizen) eta bestelako 150 jarduera baino gehiago antolatu dira horrela banaturik: tailerrak (70 guztira), bisita gidatuak (30 baino gehiago), hitzaldiak, erakusketak eta lau ikuskizun zientifiko txikienei zuzenduta, bakoitza egoitza batean. Aurten, “Jakinduriek mundue erreko dau” UPV/EHUko Kultura Ziektifikoko Katedrak antolatutako Bertsozientzia saioa programatu da Zientzia Astean barruan, eta Zientzia Asteari esker iritsi da Donostiara eta Arabara lehen aldiz. Noski, Zientzia Club bakarrizketa zientifikoen programa arrakastatsua izan dugu aurten ere, zeina UPV/EHUren Zientzia Astea antolatutako lau hirietan ikusgai egon baita: azaroaren 7an, osteguna, Barakaldon eta 8ean Vitoria-Gasteizen eta larunbatean Bilbon eta Donostian.

Beste alde batetik, lau lehiaketa antolatu dira, eta irabazleak jakinarazi dituzte dagoeneko. XI. Argazki Geologikoen lehiaketan lehenengo sariak Laura de los Ríos  (IES Mungia BHI, Mungia) eta Naroa Saez de Heredi  (IES Hernani BHI, Hernani)  ikasleek irabazi dituzte. Lipogramak Matematikoak lehiaketan, berriz, Esteban Jacob izan da irabazlea.  Donostiako Kimika fakultateko argazki lehiaketako irabazlea da Irene Toledo, taula periodikoaren nazioarteko urtearen harira antolatuta, eta Naturaren zaintzaileak taldeak (CEIP BASURTO HLHI) lehen saria lortu du Aztik eta UPV/EHUko Ikerkuntza Gizartera Zabaltzeko zuzendaritzak elkarlanean antolatutako arte plastikoen lehiaketa zientifikoan.

 

9.000  lagun baino gehiago “Ilusioa eta Zientzia UPV/EHUn” ekitaldian

Zientzia Astearen aurretiko hiru asteetan, urriaren 15tik azaroaren 3ra arte hain zuzen ere, “Ilusioa eta Zientzia UPV/EHUn” ekitaldia ospatu zen Bilboko Bizkaia Aretoan.  UPV/EHUk ere antolatu zuen ekitaldi tematiko hau ere, ilusio optikoen eta entzumen-ilusioen mundu liluragarria oso modu interaktibo, dibertigarri eta bisualean deskubritzen laguntzeko. Erakusketaz gain, harrera bikaina izan zuen antolatu zen hitzaldi zikloak. Gauza bera gertatu zen programatutako haurrentzako ikuskizunekin.

Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleei zuzenduta zegoen batez ere jarduera, eta, ikastetxeetako 70 taldek bisitatu zuten, guztira 3.000 ikaslek izan zuten parte hartzeko aukera. 6.000 lagun inguruk bisitatu dute erakusketa asteburuetan, 776 lagun joan dira antolatutako hiru hitzaldietara eta 1.200 lagun joan ziren haurrentzako ikuskizunetara.

Zientzia Astearen eta “Ilusioa eta Zientzia UPV/EHUn” jardueraren azken zifrak batuz, UPV/EHUk zientzia eta jakituria 26.000 laguni hurbiltzea lortu du, hiru euskal probintzietan.

Fernando Tapia Zientzia Garapeneko eta Transferentziako errektoreordearen iritziz, "Zientzia Astea lehen mailako gertaera gisa finkatu da Euskadin zientziaren eta teknologiaren dibulgazioaren esparruan. 26.000 pertsonak baino gehiagok, gehienak nerabeak, aurten antolatutako jardueretan parte hartu izanak Zientzia Asteak kultura zientifikoa zabaltzeko tresna gisa duen balio handia erakusten du, belaunaldi gazteenen artean bokazio zientifiko-teknologiko berriak sustatzen lagun dezakeena. Horregatik guztiagatik, UPV/EHUk jarduera hau modu erabakigarrian babesten jarraituko du ".