euskaraespañol

Zein da euskarazko esaldien intonazioa?

  • Albisteak

Lehenengo argitaratze data: 2018/03/21

Irudia
Eskerretik eskuinera: Aintzane Etxebarria, Jon Zarate, Asier Romero eta Gurutze Eskurdia. (Laura del Campo. UPV/EHU)

UPV/EHUko EUDIA ikerketa taldeak zazpi probintzietako 138 gazteren intonazioa aztertu du euskarazko oinarrizko esaldietan, eta mapa geo-linguistikoa osatu

Euskal Herriko Unibertsitateko EUDIA- Euskararen bariazioa aztertzeko ikerketa taldeak ”Bariazioa Esaldien Intonazioan” ikerketa argitaratu du, non zazpi probintzietako 138 gazteren oinarrizko esaldien intonazioa aztertzen duen. Ikertzaileek 18-27 urte bitarteko emakume eta gizonen esaldiak grabatu zituzten, eta esaldi guztiak (944) transkribatu, etiketatu, aztertu,  eta mapa geo-linguistikoa ere egin zuten. Gaur, lan hori honako hauek aurkeztu dute: Jon Zarate, UPV/EHUko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea, Gurutze Ezkurdia, Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekanoa, eta Aintzane Etxebarria, eta Asier Romero, EUDIA ikerketa-taldekideak.

Ikertzaileek Euskal Herriko zazpi probintzietako 138 gazteri (74 neska eta 56 mutil)  “Lagunak sagarra saldu du”  bezalako esaldi jakinak gaztelaniaz edo frantsesez aurkezten zitzaien, haiek euskaratzeko. Grabazioan bi aldiz esan behar zuten. Mintzatzaileen artean EUDIA taldekideek bi multzo bereizi zituzten: bata, euskara etxean jaso dutenak (81 neska-mutil), eta bestea (47), txikitan eskolan. Gazte guztiek D ereduan ikasi zuten, eta gehienak unibertsitateko ikasleak ziren inkesta burutzean.

Ikerketa taldeak “Lagunak sagarra saldu du” bezalako oinarrizko esaldiak  erabili zuen intonazioaren ezaugarriak aztertzeko. Hain zuzen ere, sei esaldi mota aztertu zituzten: adierazpen esaldia, bai-ez galderak, nor/zer galderak, hautazko galderak,  oihartzun galderak  eta zalantzazko galderak. Kasu bakoitzean, esaldiaren hasierako oinarrizko maiztasunaren (f0) mugimenduak, sintagmen gailurren kokapenak, esaldiaren gailurren kokapena eta muga-tonuak ikertu zituzten.

Hiru urte baino gehiago iraun du ikerketak, eta, esaldien intonazioa aztertzeaz gain, egituraketa geolinguistikoa ere ikertu dute, gazteen datuak erabiliz lehen aldiz. 62 herritan bildutako 29 esaldien intonazioa aztertuz, mapak egin dituzte eta bertan azter-eremuko hizkerak bi multzotan bereiziko balira, bi eremu dialektal kohesionatu lortuko lirateke: batetik, Hegoaldeko herriak bilduko lirateke eta, bestetik, Iparraldeko guztiak, salbu Maule, zein gainerako herriekin ondo uztartzen ez den.

EUDIA

UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultateko EUDIA taldekideak,  Aintzane Etxebarria eta Naia Eguskiza, Bariazioa esaldien intonazioan liburuaren editoreak izan dira. EUDIA ikerketa-taldea euskararen bariazioa ikertzeko sortu zen, bariazio diatopikoa, diastratikoa nahiz diafasikoa. Egun, ikerketa ildo hau  bazterrean utzi gabe, beste zenbait aztergune ere baditu, besteak beste,  prosodia gaitasuna  testu irakurrietan nahiz bat-batekoetan eta hizkuntzaren jabekuntza.