Eduki publikatzailea

Ehun espezie baino gehiagotako landare exotikoek inbaditzen dituzte kantauriar ibaiak

Giza jarduera flora exotikoaren inbasio handiagoekin lotuta dago, UPV/EHUren ikerketa baten arabera

Lehenengo argitaratze data: 2017/09/22

Irudia

Diego Liendo UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileak Kantauriko erlaitzeko ibaietan aurkitzen diren espezie exotikoak aztertu ditu, eta flora exotikoko 156 espezie aurkitu ditu, gehienak amerikar eta asiar jatorrikoak.

Inbasio biologikoen fenomenoa, hau da, gizakiak espezieak beren banaketa-eremu naturaletatik kanpora mugitzea eta eremu horietan ezartzea, ingurumen-arazo nagusietako bat da mundu mailan. Fenomeno hori areagotu egin da, azken hamarkadetan bereziki, kontinente arteko garraio-sareetan izan diren hobekuntzen eta nazioarteko merkataritzaren gorakadaren ondorioz. Munduko edozein lurraldetako ia edozein ekosistematan daude kanpotik sartutako espezie exotikoak, eta espezie horiek gai dira leku horretan ezarri eta arazo ekologiko eta ekonomikoak eragiteko. "Jatorriz bertakoak ez diren espezie batzuek alboratu egin dezakete bertako landaredia, portaera inbaditzailea baitute. Beste batzuek, berriz, gaur egun ez dute halako portaera inbaditzailerik, baina aurrerago izan dezakete, inbasio biologikoen fenomenoa denbora luzea hartzen duen prozesu bat baita", azaldu du Diego Liendok, ikerketaren egileak.

Egindako azterketak flora aloktonoko (ez-jatorrizko) espezieak bilatu ditu Nansa (Kantabria) eta Bidasoa (Gipuzkoa-Nafarroa) ibaien arroen artean. Ikerketa horrek plazaratu dituen datuek azaltzen dute Kantauriko ibaiak zer egoeratan dauden landare exotikoei dagokienez. Informazio garrantzitsua izan liteke ekosistema horien kudeaketarako. Izan ere, Liendok dioenez, ekosistema guztiek ez dute zaurgarritasun bera espezie exotikoen inbasioa jasateko; ibai-ekosistemak bereziki zaurgarriak dira ibaien beren ezaugarriengatik, ibai-ingurunea oso dinamikoa baita. Tartean behin izaten diren uholdeek eraman egiten dute landarediaren parte bat, eta, hala, beste espezie horiek sartzea errazten da. Gainera, nahiko ingurune egokia da, nutriente ugari baititu, eta ura eskuragarri baitu.

Ikerketak zehaztu duenez, zenbait aldagairen araberakoa da inbasio-gradua: "aldagai klimatikoak (tenperatura), inguruneari dagozkionak (ibilguaren batezbesteko zabalera eta landare-komunitateen kopurua) eta antropikoak (ibai-zatiaren inguruko hiri-lurraren proportzioa eta hurbilen dagoen hirigunerako distantzia). Halaber, ikusi da inbasio-maila askoz handiagoa dela ibai-arro industrializatuetan", hau da, jatorriz bertakoak ez diren landareen inbasio handiagoa dago ibaiaren luzeraren % 50ean edo gehiagoan hiri- edo industria-lurra duten arroetan.

Horrez gainera, Kantauriko ibaietako bi habitat nagusietan oinarritutako ikerketa bat egin da: "ibaiertzeko basoak, hau da, ibaiertzean hazten diren baso naturalak, eta ibai-hondartzak, ibaian zehar sortzen diren metakinak (harrizkoak, hareazkoak edo lohizkoak izan daitezke), aztertu dira", argitu du Liendok. Bi habitat horiei dagokienez, ikusi da ibai-hondartzetan "espezie aloktonoen kopurua basoetakoa baino askoz handiagoa dela".

Espezie inbaditzaile berria Urumea ibaian

Ikerketan, flora exotikoko 156 espezie detektatu dira guztira, gehienak amerikar eta asiar jatorrikoak. "Azpimarragarria da espezie horien % 40 behin baino ez dela agertu", adierazi du Liendok. Gainera, detektatu diren zenbait espezie, hala nola ‘Fallopia japonica', oso maiz agertu ez arren, zati handiak estaltzera iristen dira. Beste batzuk, ‘Paspalum distichum' kasu, ibai-hondartza batzuk ia osorik estaltzera irits daitezke.

Beste alde batetik, Ipar Amerikatik datorren ‘Muhlenbergia schreberi' graminearen populazio naturalizatuak aurkitu dira Urumea ibaian. Espezie horren Iberiar penintsulako bigarren erreferentzia da. "Orain arte, Kataluniako leku jakin batean soilik zegoen aipatuta. Emaitza deigarria da, arro horretan maiztasun handiarekin aurkitu baitugu. Espero zen baino askoz zabalduago dago", gehitu du Diego Liendok. Eskuratutako emaitzak ikusirik, ikertzaileak azpimarratu du segimendua egin behar zaiola espezie horren populazioari, "haren inbasio-potentziala ebaluatu ahal izateko".

Informazio osagarria

Ikerketa hau Diego Liendo Pérez (Castro Urdiales, 1986) ikertzailearen doktoretza-tesiaren barruan egin da. ‘Plant Invasion in Cantabrian rivers: drivers and effects on plant diversity and riparian habitats' izenburua du tesiak, eta Idoia Biurrun Galarraga eta Itziar García Mijangos UPV/EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko irakasle titularrak izan ditu zuzendari.