Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Shakespeareren sonetoak Juan Garziaren ahotsean

108. Zer hausnargai da, tintak biltzekorik

Zer hausnargai da, tintak biltzekorik,

gogo zintzoz ez dudanik zuretu?

Zer hizpide berri duket jada nik,

guztizkotzat baitzaitut maite-gurtu?

 

Deus ez, ene ttipi; baina otoizle

zuhur gisa nabil lelo beraren

—«zu ene, ni zure»— berriemaile,

lehen aiputik baiteritzut guren.

 

Maitasun eternal fresko hiztuak

ez ditu nozitzen adinaren hauts

eta ajea, ez zimur gaiztoak,

baizik antzina du oraintzen arauz;

 

aldiro baitu hor maitasun berri

itxuraz aspaldi zendu zen hori.

Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus