A1
- daiçu ecusi
- ‘dagizu ikusi, ikusiko duzu’; geroaldi zaharra da. Bizkaierazko testu zaharrenetan “partizipioa + egin” perifrasia askotan agertzen da geroaldia adierazteko, baina ez genuen erabilera horren lekukotasunik Arabako euskaran: çagoquez exilic ta ençun eztayçu guextoric (RS 18), Echoçu, eta iaquin daguiçũ (Kap 140), Edandaysu ostera (Mik 25), Baçaquioz virtuteari beti jarraitu / santuçat Iaungoicoa ecussi daiçu (Egiaren Kanta 190-91). Halere, Lazarragak lau aldiz baizik ez du egitura horretara jotzen testu osoan: gugaz etorri nai badoçu / erraz daiçu ecusi (A1: 1-2), Jaun Cerucoa, nic errazoaz / beti çaidaz loadu (A6: 11-12), isasoorrec horve guztiaz / beti çaguie laudatu (A6: 15-16), Alfer ifini naiçu purgaetan / ozpin-baracacetan seculaco: / ez deraustae besteric ateraco, / salvo bay çaitudala amaetan (B22: 69-72).
- linda damaric
- Gaztelaniazko XVI. mendeko literaturan askotan erabili da linda dama epitetoa (ikusi CORDE); euskaraz, ordea, ez da hain arrunta, baina behin baino gehiagotan agertzen da Neska ontziratua baladaren Foruko (ik. Lakarra et al. 1983: II, 135-136) eta Derioko (ik. Arejita et al. 1985: 45-46) aldaeretan. Lazarragaren eskuizkribuan, zortzi aldiz aurkitu dugu: AL: 1143r, AL: 1144r, A1: 3, A4: 13, A5: 1, A16: 35, A23: 27, A23: 73.
- da
- ‘eta’.
- asco donzella galantic
- ‘dontzeila galant asko’.
- oyta
- ‘Eskuizkribuko poemetan maiz erabiltzen dira oy eta oyta betegarriak (bakanka oy eta), bertso-lerroen neurri egokia lortze aldera.
- conciertu concertaduaz / oyta guztiac jarriric
- ‘adostu edo hitzartu bezala, behar bezala guztiak jarririk, apaindurik’; justak bezalako ekitaldiek protokolo zehatza zuten; dirudienez, testu honetan adierazpide honek esan nahi du dama guztiak behar bezala jarrita daudela. Ikusi baita A20: 35: Bivid, por vida vuestra, con concierto. Cf. OEH, s.v. kontzierto: “Concierto, pacto, acuerdo. “Concierto” Lcc. “Desconvenir, konziertorean irten” Ib.”, eta s.v. kontzertatu: “Concertar. “Concertarse”, “concordar uno con otro, bata besteakin konzertadu” Lcc”. Ikusi El Romance de Calisto y Melibea, 309. bertso-lerroa: “El concierto concertado ordena de lo tomar” (Carlos Mota, “La Celestina, de la comedia humanística al pliego suelto. Sobre el Romance de Calisto y Melibea”, Criticón 87-89, 2003, 519-535). Ikusi, orobat, Diego de San Pedroren Tractado de amores de Arnalte y Lucenda (c. 1480): “Pero después que el tal concierto concertado fuese, del rey sobre mi quedada muy importunado fui”. Ikusi, azkenik, Alonso de Santa Cruz-en Crónica del Emperador Carlos V (c. 1550): “Y asi mismo no dejan de su parte y de sus allegados yendo contra sus promesas y juramentos y homenajes, y no tan solamente contra los puntos y pactos y conciertos concertados para nos menospreciar”.
- Retulo
- ‘errotulu’; justetan parte hartzen zuten zaldunek testu labur bat agertu ohi zuten, gaztelaniaz “rótulo” izenekoa, justa egiteko beren asmo edo helburua laburbiltzen zuena; ziurrenik, hemengo errotuluak halako bati erreferentzia egiten dio.
- canpuaen
- ‘jokalekuaren, justa-zelaiaren, justa egiten zen tokiaren’; cf. DAut, s.v. campo: “El sitio que se destina y escoge para salir a reñir algún desafío entre dos o más personas”. Eskuizkribuan beti dago canpu forma, Landuccirenean eta Gamizenean bezala (eta ez kanpo, beste autore guztiek erabiltzen duten bezala, OEHk dioenaren arabera). Esanahiari dagokionean, behin bakarrik esan nahi du ‘kanpo’ (vs ‘barru’, A26: 82), eta, ñabardurekin bada ere, bost aldiz dauka Landucciren erabilerara hurbiltzen den ‘landa’ adiera: bitan ‘landa’ (vs ‘hiria’, AL: 1145v eta B17: 67), beste bitan ‘landa zabala’ (vs ‘leku txikia, leku jakin bat, erreferentziako lekua’, AL: 1152v, AL: 1153v), eta behin, hemen, ‘zelaia, jokalekua’ (zehazkiago ‘justetako zelaia’, A1: 10).
- baçugaz
- Badirudi eskuizkribuan batzu dela oinarrizko gisa erabiltzen den forma. Absolutibozkoetan batzu forma bakarrik darabil (AL: 1139v, AL: 1141v, AL: 1146v, AL: 1154v), Hegoaldeko testu zaharretan agertzen ez dena; ikusi OEHk zer dioen (s.v. batzu): “Los autores septentrionales de los ss. XVI-XVII distinguen formalmente los casos absoluto y ergativo; hay dos sistemas: batzu / batzuk es el de Leiçarraga (Dechepare usa batzu para el caso absoluto, pero no hay ejs. de ergativo), y batzuk / batzuek el de Axular y Etcheberri de Ziburu; Pouvreau utiliza ambos: batzu, batzuk / batzuk, batzuek. [...] Al Sur no hay diferenciación formal: en los textos guipuzcoanos, desde el s. XVIII, se encuentra batzuek para ambos casos, y en los vizcaínos —ya desde Capanaga— batzuk”. Soziatibozko forma (baçugaz) horren gainean eraikia dela dirudi, -gaz gehituta; genitiboari dagokionez, baçuen da darabilen forma bakarra. Hauxe dakar OEHk: “Batzuen es casi la única forma para el genitivo: batzuren sólo se encuentra en Leiçarraga (junto a batzuen), Oihenart y unos pocos autores meridionales del s. XX”.
- Eocen
- ‘(ba)egozen, (ba)zeuden’.
- nungo
- Eskuizkribuko beste leku batzuetan ere aurkitu dugu predikatiboa artikulurik gabe (cf. B17: 67-69).
- direan
- Mendebaldeko testu zaharretan, deklinabide mugatuan bezala, a + a > -ea disimilazioa gertatzen da adizki jokatuetan ere, -an / -ala atzizkiak gehitzean: doa + -an > doean (RS), daroa + -an > daroeanean (VJ) (cf. FHV 115). Hona Lazarragaren eskuizkribuan bildu ditugun adibideak: joean (AL: 1138r), cirean (AL: 1142v, AL: 1144r, AL: 1146v, AL: 1152r, AL: 1153v, A11: 13, A11: 17, A26: 120, A28: 100), direan (AL: 1147v, AL: 1152r, A1: 15, B17: 62), çarean (AL: 1152v, A12: 16, A17: 111, B18: 31, B18: 44), guinean (A7: 8, B18: 86), cinean (A26: 94, A26: 156), neroean (B18: 14), cireala (AL: 1145r), joeala (AL: 1147r), çareala (AL: 1151r), direala (AL: 1152r), neroeala (B18: 16). Ohar gaitezen Landuccik ez duela aldaketa horren arrastorik aditzean (“antecedente, aurrera doana”).
- iguzquiaren aldean
- Beharbada erreferentzia egin liezaioke justa-kanpoaren alderdi bati, eguzkiaren aldean zegoen alderdiari alegia; izan ere, justetan abantaila izaten zuen eguzkia atzean zuenak, egungo partida askotan bezalatsu. Canpuaen hitzari eman zaion adierarekin lotuta dago hau.
- iguzquiaren… gure onrea jarriric
- Ozetako damek adierazten dute beren alde borrokatuko duten zaldunak justa-kanpoan eguzkiaren aldean jarrita daudela.
- catigaturic
- ‘gatibaturik’; Landuccik catibadu dakar.
- Goitixeago
- ‘piska bat gorago’; Lazarragaren eskuizkribuan, -txo atzizkia beti erabiltzen da txikigarri moduan; -xe atzizkiak, berriz, hiru balio hartzen ditu: 1) Txikigarria (-xe = -txo), kutsu afektiboarekin (mespretxua, trufa...) nahiz gabe: bervaxe (A7: 117), daquidancheau (A10: 21), gauçaxe (A10: 23), presentexeac (A14: 69), çuzpirioxe (A14: 73), esecoxeoc (A19: 14), urtexe (A19: 16), dozenaxe (A24: 116), erreguxeau (A26: 31), bobedaxeoc (A28: 59). 2) Izenondo eta aditzondoen intentsitate-markatzailea: gueldixe (AL: 1140v), goitixeago (A1: 23), claruxeago (A7: 49), gueixeago (A10: 59). 3) Indartzailea (izenordain indartuekin, eta eben / arean-ekin): bercheac (A7: 77), gueurcheoc (A7: 88), neurcheau (A10: 46), ebenche (B3: 42), areanche (A27a: 33). Kasu batean (urteje A14: 6), ez dakigu zehazki zein den balioa.
- flordelisaric
- Eskuizkribuan bost bider agertzen da, flordelisa hitz eder gisa dama edo dontzeilei egokitua: AL: 1143r, AL: 1144r, A1: 25, A7: 61, B15: 2. Euskaraz ez dugu beste inon aurkitu flor de lis hala erabilia, baina bai gaztelaniaz (apud CORDE): “sagrada María, blanca flor de lis, clara como el día” (Izengabea, 1420-1520, Cancionero de Juan Fernández de Íxar), “de los vientos tramuntana, / de flores la flor de lis, / de las colores la grana, / de las damas Beatriz” (Juan de Simoneda, 1561, Cancionero llamado Sarao de amor), “diamantes no son tales, ni rubís, floresta de flor de lis” (Fray Ambrosio Montesino, 1508, Cancionero), “más lindas que flor de lis” (ibidem). Gogoan izan, bestalde, Orlando Furioson (Lazarragak Jerónimo de Urrearen 1549ko itzulpena ezagutu bide zuen) Brandimarteren maitearen izena dela Flordelís.
- Gaztelu Guebaracoan gara / gu bici defendiduric
- ‘Gebarako gazteluan babesturik bizi gara gu’.
- justaric
‘zaldunen arteko borrokarik’; cf. Lcc “justa, justea”. Cf., orobat, DAut, s.v. justa: “Se llama también el juego o exercicio festivo de caballeros, armados de punta en blanco, en que a modo de alarde executan las acciones del combate con lanzas”.
- Amoriozco erregue jauna
- Ziurrenik Kupidoz ari da, eskuizkribuko beste leku batean amorezco erregue jauna (AL: 1151r) deitzen duenaz.
- bertati
- ‘berehala’.
- baçuen
- baçu, baçuen, baçugaz formei buruz, ikusi A1: 11 bertso-lerroko oharra.
- ecinic
- ‘etzinik, etzanik’; eskuizkribuan lau aldiz dago etzin aditza forma jokatugabean (ecin AL: 1152v, ecinic A1: 36, ecingo A14: 85, ezin A24: 53) eta bi aldiz forma trinkoan (naç AL: 1152r, çaucidenean A16: 86).
- ecarten
- ‘zekarten’; Lazarraga eskuizkribuan, -te- morfema iragangaitzetako NORI eta iragankorretako NORK argumentuen pluralgile bezala agertzen da: ecarten (AL: 1153r, AL: 1154v, A1: 37), liçatela (AL: 1154v), egotela (AL: 1154v), darabilte- (A1: 47, A24: 87), deustet (A17: 9), jate (B3: 77), eusten (‘zien’ nahiz ‘zioten’, passim); -de- morfema, ordea, iragangaitzetako NOR argumentuaren pluralgile bezala erabiltzen du. Bost aldiz aurkitu dugu eskuizkribuan: çarade (AL: 1144v, B18: 91), dirade (A1: 52), çagode (A5: 2), çaucidenean (A16: 86), gabilçaden (A17: 93), çabilçade- (B18: 147).
- bada, nic
- Hasieran zalantza egin genuen batera idatzi behar ote zen (badanic), baina erabaki genuen ezetz, gainerako badanic guztiek bere ondoren baitakarte (A6: 43, A10: 61, A24: 51, A26: 13, A27a: 7, B5: 27 eta B14: 51).
- galea
- ‘bikainena, gorena’; cf. Lcc “gala, galea”. Cf., orobat, OEH, s.v. gala: “GALAREN GALAKO. Excelente, soberbio”. Cf., azkenik, DAut, s.v. gala: “Se toma assímismo por lo más esmerado, exquisito y selecto de alguna cosa: y assí se dice que uno es la gala del pueblo, lugar, ciudad, etc.”
- ainbat
- ‘hainbat, hain’; eskuizkribuan dakarren ain bayt horren ordez ainbat zuzendu dugu, eskuizkribu osoan ez dagoelako beste bait- bat ere, eta artzain-liburuan usu agertzen delako ainbat ... ece ... egitura (artzain-liburuan bakarrik, ordea): Ainbat sentidu eben ... ece ... (AL: 1142r), Aynbat çan ... ece ... (ibid.), etab.
- utra
- ‘oso’; gutxienez Kapanagari eta Oihenarten atsotitzei esker ezagutzen genuen (cf. OEH, s.v.).
- librea
- ‘zaldun taldeek jendaurreko ospakizunetan erabiltzen zuten uniformea’; cf. Lcc “librea, librea, jançia”. Cf., orobat, OEH: “libraia (SP, Urt II 39), librea (Lcc, Lar), libreia. Librea”. Cf., azkenik, DAut, s.v. librea: “se llama el vestido uniforme que sacan las quadrillas de caballeros en los festejos públicos como cañas [‘justak’], máscaras, etc.”
- gacha
- ‘txarra’; irudi luke hori kolorearen sinbologiagatik dela txarra, eta horregatik dagoela “desesperantzaz beterik”. Hala ere, horia traizioarekin eta zorotasunarekin lotu ohi da, eta ez dugu aurkitu horia eta etsipena garbi lotzen dituen erreferentziarik.
- desesperançaz
- Eskuizkribuan desesperanças (A1: 46) eta esperanças (A17: 31) aurkitu ditugu, instrumentalaren markatzat <-s> txistukari apikaria dutela; apikari/bizkarkari neutralizazioa hitz berean bi aldiz gertatzea bitxia bada ere, ez dugu aurkitu hori azalduko duen ezer, eta testuan <-z> bizkarkariarekin ematea erabaki dugu.
- darabilte
- Librea horia darabilte, alegia; -te- pluralgileari buruz, ikusi A1: 37 lerroko oharra.
- piedaderic
- Eskuizkribuan hiru aldiz agertzen da piedade forma (A1: 50, A16: 6, A16: 33) eta bi aldiz piadade (A17: 41 eta A28: 80). Landuccik ere piadade (gaztelaniazko “clemençia” eta “piadad”); gaztelaniaz ugari agertzen da CORDEn 1600 arte, eta gero nekez (azkena 1646koa da).
- dirade
- ‘dira’; -de- pluralgileari buruz, ikusi A1: 37 lerroko oharra.
- iregui
- ‘ireki, zabaldu’.