A7
- Jandoneanez vezpera
- ‘San Joan bezpera’; Jandoneanez da izena forma absolutiboan; hala agertzen da eskuizkribuko hiru lekutan: Jandoneanez vezpera (A7: 2), Jandoneanez calteric (A28: 56), Jandoneanez Bautistea (B25: 13). Azkoitian ere bada Jandonianiz toponimoa.
- Iruraizco hermandadean
- Iruraizko ermandadea 18 herrik osatzen zuten: Alaitza, Arrieta, Azilu, Erentxun, Ezkerekotxa, Gazeo, Gauna, Gereñu, Jauregi, Langarika, Trokoniz (hamaika hauek egungo Iruraitz-Gauna udalerria osatzen dute), Dulantzi (ermandadeko herriburua), Egileta, Luskando, Burgu, Arbulu, Argomaiz, Gazeta eta Añua. Lehenengo ermandadeak XIII. mendean sortu ziren, herriak gaizkileetatik eta nobleziaren bidegabekerietatik defendatzeko. XVI. mendearen lehen erdian Arabako lurraldea 53 ermandadetan antolatu zen, sei kuadrilatan bilduta (eraketa horrek 1840 arte iraun zuen, Gasteizko kuadrila bitan banatu baitzen).
- lindea parebagaric
- Hiru aldiz dago lindea parebag- eskuizkribuan: Dama bategaz t[o]padu ninçan, / lindea parebagaric (A7: 5-6), Donzellacho bat ecusi neben, / lindea parebagaric (A14: 21-22) eta Orain dama bat servietan dot, / lindea parebaguea (A24: 131-132). Hirugarrenean errimak eskatu du bukaera aldatzea. Gaztelaniaz, 1543ko lan anonimo batean aurkitu dugu ondokoa: “Pues una reina excelente / linda sin comparación / viene y trae a la serpiente” (apud CORDE). Eskuizkribuan, beste behin ere badago parebagaric erabilera adberbialean: Oy jente asco / egoan parebagaric (A28: 73-74).
- ninçacan
- ‘nintzaion’.
- guinean
- Mendebaldeko testu zaharretan, deklinabide mugatuan bezala, a + a > -ea disimilazioa gertatzen da adizki jokatuetan ere, -an / -ala atzizkiak gehitzean : doa + -an > doean (RS), daroa + -an > daroeanean (VJ) (cf. FHV 115). Hona Lazarragaren eskuizkribuan bildu ditugun adibideak: joean (AL: 1138r), cirean (AL: 1142v, AL: 1144r, AL: 1146v, AL: 1152r, AL: 1153v, A11: 13, A11: 17, A26: 120, A28: 100), direan (AL: 1147v, AL: 1152r, A1: 15, B17: 62), çarean (AL: 1152v, A12: 16, A17: 111, B18: 31, B18: 44), guinean (A7: 8, B18: 86), cinean (A26: 94, A26: 156), neroean (B18: 14), cireala (AL: 1145r), joeala (AL: 1147r), çareala (AL: 1151r), direala (AL: 1152r), neroeala (B18: 16). Ohar gaitezen Landuccik ez duela aldaketa horren arrastorik aditzean (“antecedente, aurrera doana”).
- abisaduric
- ‘zuhurrik’; cf. DAut, s.v. avisado: “Vale también advertido, discreto, sabio y capaz”.
- berva neguion
- ‘berba egin nion’.
- ancitu
- ‘ahantzi, ahaztu’; ancitu- (AL: 1146v, AL: 1151r, AL: 1152r, AL: 1152v bis, A7: 12, A17: 23, B3: 59), anci jaquinic (AL: 1142v, AL: 1145v) eta ancietea (A24: 134, A24: 144) formak agertzen dira eskuizkribuan. OEHn ez dago forma hauen lekukotasunik mendebaldean, ez bada Azkuerenetik harturiko “antzitu V-al”. Cf. OEH,s.v. ahaztu: “El participio en V ant parece ser aztu con a nasal, escrita normalmente aztu y una vez (RS 156) anztu. Respecto al sust. vbal. ines., Lcc azketan erreza s.v. “olvidadizo” y Mic ta aztuten badozu / eztozu ondo eiten (TAV 3.1.27)”.
- bide dodana eguinic
- ‘bidezkoa dudana eginik’; cf. OEH, s.v. bide: “BIDE IZAN [...] (Aux. intrans. unipersonal y bipersonal con sujeto de 3.a persona). Ser (lo) justo, debido, lícito; (aux. trans.) tener obligación, deber en justicia”. Beste modu batez uler liteke, beheko lerroko naben laguntzailearen subjektutzat zein hartzen den: Jauna izan beharrean, subjektua bidea izanez gero, ‘eginik dudan bidea’ esanahia izan lezake; nolanahi ere den, bigarren ulerkera honek arazo gramatikalak planteatzen ditu.
- çuregaz
- Soziatiboaren -gaz kasu-markarekin, hala genitiboarekin (-regaz) nola gabe (-gaz) erabiltzen dira pertsona-izenordainak eskuizkribuan: neuregaz (A14: 25) / nigaz (passim) / neurgaz (A16: 19), aregaz (A16: 15, A19: 24) / agaz (passim), beregaz (AL: 1143v, AL: 1144v) / beragaz (B22: 61), çuregaz (AL: 1144v, A2: 2oh, A7: 15, A16: 20, A17: 95) / çugaz (AL: 1141r, A2: 2, A7: 26, A16: 9, A26: 134, B18: 143), gugaz (A1: 1).
- eben
- ‘hemen’.
- leen
- Leen hitzak beti agertzen du bokal bikoitza eskuizkribuan: leen (AL: 1139v, AL: 1143v, AL: 1144v, AL: 1145v; AL: 1151r, A7: 17), leengo (AL: 1154r), baina astelen (B32: 8). Landuccik ez dakar bokal bikoitzik: “antes que, len”. Cf. OEH, s.v.: “Len es la variante meridional hasta el s. XX excepto para gran parte de los autores vizcaínos; hay leen en Capanaga (103), Acto (267), J.J. Mogel (BasEsc 34), Astarloa (II 117), fray Bartolomé (Ic III 270), Añibarro (EL2 145), CatLlo (75), Uriarte (MarIl 73), Iturzaeta (Azald 128) y Erkiaga (Arran 162)”.
- oy
- Eskuizkribuko poemetan maiz erabiltzen dira oy eta oyta betegarriak (bakanka oy eta), bertso-lerroen neurri egokia lortze aldera.
- cidan
- Cidan forma ez da hain bakana eskuizkribuan (cf. cidan 9 aldiz eta eustan 3 aldiz).
- utra
- ‘oso’; gutxienez Kapanagari eta Oihenarten atsotitzei esker ezagutzen genuen (cf. OEH, s.v.).
- cortesdo
- ‘korteski, adeitsuki’.
- erraz daidit / nic dichosaçat edugui
- ‘erraz eduki nezake ditxosatzat’; *-idi- erroko adizkia da, balio potentzialarekin.
*-idi- aditza egin aditzaren erro supletibotzat jo ohi da (Lafon 1944 eta geroztikako lanak). Izan ere, testu arkaikoenetan, egin-ek ez du potentzialeko forma trinkorik erakusten, eta haren ordez *-idi- erabiltzen da. Mendebalde zein ekialdeko testuetan aurkitzen da.
*-idi- aditza trinkoki (Arbore gaichtoac fructu onic ecin daidi, Leiz Mat. VII, 18), zein “partizipioa + *-idi-” gisako perifrasiaren laguntzaile gisa agertzen zaigu. Azken erabilera hau mendebaldeko testuetan baizik ez da lekukotzen; eta hori da, hain zuzen ere, espero duguna, egin eta *-idi- banaketa osagarrian badira, eta “partizipioa + egin” perifrasia mendebaldekoa bada: Mayacean berarra luce da eta sendo, eguitayaren orçac ebagui leydi ondo (RS 268), Esan senguida beste gatic / esneydysula trucadu (Mik TAV 3.1.27).
Lazarragaren eskuizkribuan, bost aldiz agertzen zaigu trinkoki jokaturik, eta gehienetan aditz-lokuzio bateko aditza da: Ecin faltaric neydio / nic on derechadanari (A3: 9-10), apa bat baneydiçu ao goçoan; / bacusu ene fedea firmea dana (A17: 19-20), Baneidio bati berba, / palagadu al banegui (A19: 63-64), beronec bere ezteidio falta gueiago damari (B27), Mendi altuan erurra daydi, / aran baxuan eguzqui (B31: 1-2). Gainerateko kasuetan, perifrastikoki erabilia da, partizipioa aditz nagusitzat harturik.
Balioari dagokionez, lau baliorekin agertzen zaigu. Gehienetan potentziala adierazten du (zortzi aldiz), baina geroaldiaren balioa ere har dezake (bi aldiz). Behin baldintza irreal bateko apodosian agertzen zaigu, baina hori ez zaigu harrigarria iduritzen, kontuan harturik apodosiak potentzialeko formetarik erator daitezkeela. Azkenik, orain arte ezagutzen ez genuen erabilera batean aurkitu dugu bi aldiz: aginteraren balioarekin; bizkitartean, ez dira agintera “normalak”: orainaldiko forma iragankorren d- aurrizkia daramate, baina horrekin batera aginterazko formetan erabili ohi den ezeztapenaren partikula: ze. Pentsa daiteke geroaldiko formak direla aginteraren balioarekin erabiliak (oroit Leizarragaren mandamentuko ez duk hilen tipoko formak).
- cegaiti naxan / eguin ni çugaz topadiz
- ‘bestela bezala topo egin dudalako zurekin’; cf. DAut, s.v. topadizo, za: “Lo mismo que encontradizo. Tiene mucho menos uso”. Hain zuzen ere, CORDEn birritan bakarrik dokumentatzen da, eta bietan testu honetakoaren antzeko adierazpide batean: “Al tercero día que hobo este hecho pasado, hízose topadizo” (Fray Bartolomé de las Casas, 1527-1550, Apologética historia sumaria) eta “Resuelto a todo, el pérfido se hizo / Con aquellos pastores topadizo” (Miguel Antonio Caro, 1873-1876, Traducción de Eneida de Virgilio).
- osteangoan
- ‘hurrengoan’.
- ce beguit
- ‘ez biezat egin, ez diezadala egin (berorrek)’; dama berorika ari zaio gizonari, nahiz eta lehentxoago çugaz esan duen. Hurrengo lerroetan antzera jarraitzen du, zuka eta berorika nahasian erabiliz, eta poemako azken lerroetan (119-120) gizonezkoak ere berorika egiten dio damari.
- sepultaduric
- ‘ehortzirik’; hemen erabilera metonimikoa du eta ‘hilik’ esan nahi du; ikusi beheraxeago neskaren erantzuna. Cf. enterraduric (A10: 74), itxuraz adiera bertsua duena.
- ce besat
- ‘ez biezat esan, ez diezadala esan’; esan aditzaren NOR-NORI-NORK agintera trinkoa.
erayteco: ‘hiltzeko’; ero aditzaren aditz-izena da.
- ni[c]
- Ergatibo-faltari dagokionean, cf. inor[c] (AL: 1145r, A28: 147), ni[c] (A7: 38, A17: 107, B3: 34), neur[c] (A9: 19), eta ar[c] Sasiolakoarenean (B30: 86).
- ecusizquero
- ‘ikusten ditudan momentutik’; gero adberbioa oinarri duen hainbat egitura erabiltzen du autoreak, perpaus kausal eta denborazkoak osatzeko nagusiki. Denborazkoak adierazteko, nagusiki “erakuslea + instrumentala + -quero”eta“partizipio + azquero”egiturak erabiltzen dira. Hemen “partizipioa + -zquero” dugu. Perpaus honetan baldintzazko ñabardura ere antzeman daiteke, beharbada.
- catigaturic
- ‘gatibaturik’; garai hartako maitasun-poesietan “begiek gatibatzea” topiko arrunta izan zitekeen; cf. “Zure begi ederrok, / ene lastana, / katibaturik nabe / librea ninzana” (1615; TAV, 3.1.23). Landuccik “catiuar a otro, catiuadu” dakar.
- Pensamentuoc altuan ditut
- ‘helburuak oso goian ditut’; bi lerro berak aurkitu ditugu beste poema batean: Pensamentuoc altuan ditut / arc ala meresciduric (A10: 77-78).
- adietaco
- ‘aditzeko, ulertzeko’.
- claruxeago
- ‘piska bat klaruago, argiago’; Lazarragaren eskuizkribuan, -txo atzizkia beti erabiltzen da txikigarri moduan; -xe atzizkiak, berriz, hiru balio hartzen ditu: 1) Txikigarria (-xe = -txo), kutsu afektiboarekin (mespretxua, trufa...) nahiz gabe: bervaxe (A7: 117), daquidancheau (A10: 21), gauçaxe (A10: 23), presentexeac (A14: 69), çuzpirioxe (A14: 73), esecoxeoc (A19: 14), urtexe (A19: 16), dozenaxe (A24: 116), erreguxeau (A26: 31), bobedaxeoc (A28: 59). 2) Izenondo eta aditzondoen intentsitate markatzailea: gueldixe (AL: 1140v), goitixeago (A1: 23), claruxeago (A7: 49), gueixeago (A10: 59). 3) Indartzailea (izenordain indartuekin, eta eben / arean-ekin): bercheac (A7: 77), gueurcheoc (A7: 88), neurcheau (A10: 46), ebenche (B3: 42), areanche (A27a: 33). Kasu batean (urteje A14: 6), ez dakigu zehazki zein den balioa.
- çaoza
- ‘zaude, egon zaitez’, agintera; çaoz eta çaoça, bietara erabiltzen du.
- banesaqueçu
- ‘esango nizuke, esan niezazuke’; esan aditzaren NOR-NORI-NORK hipotetiko trinkoa.
- neongue
- ‘nengoke’.
- neure peneau esan bear dot, / ezin neongue ixilic
- Esaldi bera dago eskuizkribuko bi lekutan: neure peneau esan bear dot / ezin neongue exilic (A7: 57-58) eta doncellachoac, esan bear dot / ezin neongue exilic (A10: 25-26).
- çure lecura
- ‘zure herrixkara’; cf. Lcc “aldea, lequa, aldea”. Eskuizkribuan gutxienez zortzi aldiz aurkitu dugu lecu esanahi horrekin (AL: 1145v, A7: 61, A17: 52, A23: 69, A23: 75, A23: 82, A23: 84, B25: 23). Beste askotan, jakina, ‘toki’ esanahiarekin.
- flordelisea
- Eskuizkribuan bost bider agertzen da flordelisea hitz eder gisa dama edo dontzeilei egokitua: AL: 1143r, AL: 1144r, A1: 25, A7: 61, B15: 2. Euskaraz ez dugu beste inon aurkitu flor de lis hala erabilia, baina bai gaztelaniaz (apud CORDE): “sagrada María, blanca flor de lis, clara como el día” (Izengabea, 1420-1520, Cancionero de Juan Fernández de Íxar), “de los vientos tramuntana, / de flores la flor de lis, / de las colores la grana, / de las damas Beatriz” (Juan de Simoneda, 1561, Cancionero llamado Sarao de amor), “diamantes no son tales, ni rubís, floresta de flor de lis” (Fray Ambrosio Montesino, 1508, Cancionero), “más lindas que flor de lis” (ibidem). Gogoan izan, bestalde, Orlando Furioson (Lazarragak Jerónimo de Urrearen 1549ko itzulpena ezagutu bide zuen) Brandimarteren maitearen izena dela Flordelís.
- ceoncen
- ‘zeunden’.
- ez neben pensamenturic
- ‘ez nuen esperantzarik, ez nuen uste, ez nuen espero’.
- Atrevimentuz usadu
- ‘ausardia hartu’; ez dugu aurkitu gaztelaniaz “usar de atrevimiento” edo euskal kalkoaren jatorria izan zitekeenaren antzeko lokuziorik, ez DRAEn ezta CORDEn ere.
- banago gaztigaturic
- ‘jakinaren gainean nago’; dirudienez, Lazarragaren eskuizkribuan gaztigatu aditzak beti ‘abisatu’ esan nahi du (cf. A7: 70, A10: 70, A16: 60, A28: 24 eta gaztigu A28: 146), eta castigua ‘zigorra’ da (AL: 1154r). Cf. OEH, s.v.: “Al Sur se da la distribución de variantes gaztigatu ‘avisar’ / kastigatu ‘castigar’; hay pocas excepciones -Refranes de Garibay, Beriayn, Iturriaga e Iza- en que gaztigatu se emplee para ‘castigar’.”
- nagon
- ‘nion’.
- poridadean
- ‘sekretuki, isilpean’; gaztelaniaz poridad / puridad hitzak bi adiera ditu: ‘sekretuki, isilpean’ eta ‘argi eta garbi, itzulingururik gabe’; ez daude kontrajarrita, baina badirudi testu honetan lehenengoari dagokiola.
- nola ereiçun
- ‘nola zeritzun, zein izen zenuen’; aditzaren formari dagokionean, badira honen kide gehiago testuan zehar: on dereiçut (AL: 1144r), ereiçan (AL: 1145r), nola ereiçun (A7: 73), ereyçan (A11: 3), aditzaren bi adieretan (‘maitatu’ eta ‘izena izan’), baina ugariago dira palatalizaturiko adizkiak: derechana, derechula, derechadan, derechudan, derecho...
- arrezquero
- ‘geroztik’; gero adberbioa oinarri duten egiturez, ikusi A7: 41 lerroko oharra. Hemen erakuslean oinarritutako forma dugu.
- bercheac
- berberak’; berak-en forma indartua da; -xe atzizkiaz, ikusi A7: 49 lerroko oharra.
- amoreminez
- ‘maiteminez’; Berpizkundeko poesian topiko ezaguna da “amorez minduta” egotea (Petrarca, Garcilaso...): maitalea “amoreminez” dago, ezin duelako lortu maitatuaren amodioa (arrazoiak askotarikoak izan daitezke). Testuan hitz honek dituen agerraldi batzuetan esanahia hurbil bide dago etimologiatik (AL: 1145r, A7: 78, A16: 47, B10: 12, B21: 2 eta B23: 118); aldiz, A11: 8 lerrokoa egun maiteminak duen adiera arruntari dagokio.
- baxe
- baizen, baizik’; eskuizkribuan baxe eta baize formak agertzen dira (bakoitza zazpi aldiz, eta behin baje). Formari buruz, cf. OEH, s.v. baizen: “La variante baxen (<-ix-> a veces en fray Bartolomé) es propia de la tradición vizcaína; no se encuentra baizen en textos de este dialecto hasta el s. XX. Las formas sin -n se documentan en textos meridionales antiguos: baize en un texto alavés del s. XV, en una carta de Azpeitia del XVII y en el Catecismo de Cegama; baxe y baxin en Micoleta; baizin en BBizk.”
- ezin liquet
- ‘ezin eman liezadake’.
- apeadu
- ‘zalditik jaitsi’; poeman lehenago aipatu ez bada ere, mutila zaldi gainean doa.
- solas daigun
- ‘solas egin dezagun’.
- gueurcheoc
- ‘guk geuk’, izenordainaren forma indartua da; -xe atzizkiaz, ikusi A7: 49 lerroko oharra.
- amorearren
- ‘amoreagatik’; -arren atzizkia lau bider aurkitu dugu eskuizkribuan, izenari gehituta, -gatik atzizkiaren baliokide: amorearren (AL: 1143v, A7: 89, B22: 14) eta dirurren (B17: 60). Aditz-izenari gehituta ere agertzen da, -tearren, -etarren eta -t(z)erren aldaeretan.
- çaoça
- ‘egon zaitez’, agintera; çaoz eta çaoça, bietara erabiltzen du.
- ce beguit
- ‘ez biezat egin, ez diezadala egin (berorrek)’.
- ezin neyque
- ‘ezin egin nezake’.
- eçarri leydae
- ‘ezarriko lidakete, ezar liezadakete’.
- eyça galdu banegui
- Ehiza neska da, dudarik gabe. Izan ere, neskak erantzuten dionagatik, argi dago mutila gehiegi hurbiltzen ausartu zaiola, agian heldu ere heldu diola. Mutilaren azken hitzak ere alde honetatik datoz: berori defendidu jat eta / ni gueratu nax galduric (A7: 119-120).
- ez neyqueçu
- ‘ez nizuke egingo’.
- bardin
- ‘baldin’; Lazarragaren eskuizkribuan 11 aldiz aurkitu dugu bardin. Horietako batean bakarrik (AL: 1145v) du zalantzarik gabe gaurko ‘berdin’ esanahia, ‘berdintasuna’ adierazten duena; hiru aldiz (AL: 1151r, A25: 8, A27b: 7) ‘dena den, nonbait, beharbada, seguru aski’ adierazten du, gure ustez (cf. OEH, s.v., “de todas maneras, en cualquier caso” eta “probablemente, quizás”); behin (A12: 11) zalantza dugu bi adiera horietako zein ote duen; eta, azkenik, sei bider adierazten du baldintza (AL: 1172r, A24: 5, B17: 82, B18: 93, B18: 98, B23: 101).
- ezpaceeguit / oy orain ichi
- ‘orain utzi ez bazeniezat, orain utziko ez bazenit’; eskuizkribuan aditz bat baino gehiago dira cee- < cene-. Cf. baceequi (AL: 1151v), ezpaceeguit (A7: 99), ceeguidan (A26: 59) eta, bilakabidea aurrerago eramanda (ce- <cee- < cene-), cebela ‘zenuela’ (AL: 1151v), ceben ‘zenuen’ (AL: 1153r), ceguian ‘zenegian, zenezan’ (AL: 1153v), ceucala ‘zeneukala’ (A26: 96, 98) eta ceucan ‘zeneukan’ (A26: 106).
Bestalde, ichi aditzaren argumentu-egituraz, ikusi poema honetako 117. lerroari dagokion oharra.
- ebeti
- ‘hemendik’.
- gura doçun azquero
- ‘nahi baituzu, nahi duzunez’; gero adberbioa oinarri duten egiturez, ikusi A7: 41 lerroko oharra.
- ezin neyque
- ‘ezin egin nezake’.
- Domecaan
- Mendebaldeko zenbait testu zaharretan (Kapanagarena eta Frai Bartolomerenak, kasurako) inesibo singularreko eta absolutibo pluraleko markak (-an eta -ak) izenari erabat asimilatu gabe geratzen dira. Lazarragaren eskuizkribuan ere hala gertatzen da, -a amaiera duten hitzek agerian uzten dutenez, bokal bikoitz grafikoak agertzen baitituzte. Aurkitu ditugun salbuespen bakarrak ezpatac (AL: 1153v) eta bervac (AL: 1154v) dira; canpaac (A28: 57) salbuespen den ala ez ezin da ziur baieztatu, ez baitakigu oinarrizko forma canpa ala canpaa den (Landuccik campae dakar: “badajo de campana, campae mia”).
- Ascotan ondo gueratu çatez, / ene lindea, bacarric
- ‘Ondo geratu zaitez bakarrik, ene lindea, askotan’.
- lagun deyçut
- ‘lagunduko dizut’; geroaldi zaharra. Mendebaldeko testu arkaikoetan egin trinkoaren orainaldiko forma biluziak (atzizki edo aurrizkirik gabeak) beti geroaldiaren balioa du (cf. Eztay eseric eztauenac aur[r]ic (RS 463) “Casa no hará quien hijos no ha”; Astoagaz adi quirolan, ta deyc buztanaz biçarrean (RS 116) “Regozíjate con el asno, darte ha en la barba con el rabo”). Lazarragarenean egin biluziaren bi adibide aurkitu ditugu, eta bietan adierazten da geroaldia: Doncellacho atrevidea, / ez çabilç ene gogoan, ez, / bestela ondo deiçut, baña / ezcondu baxinbatean ez (A4: 5-8) eta Oy eseguino lagun deyçut / badoçu borondateric (A7: 111-112).
- ez dot ardura lagunic
- ‘ez dut nahi lagunik, ez zait interesatzen inork lagun egitea’ adiera bide du. Esaldi bera dago beste poema batean ere: eztot ardura lagunic (A23: 64).
- gaacustenac
- ‘ikusten gaituztenek’; bokal bikoitzari dagokionean, esan behar da ikusi aditzaren NORK-NOR adizki trinkoek eskuizkribuan askotan dutela a bakuna: dacus- (passim), nacusunean (A16: 88), nacusu (B23: 47), sacusquedan (B30: 40). Baina, bestalde, eskuizkribuko lau adizkitan aurkitu dugu bokal bikoitza absolutiboaren markaren ondotik: çaatean (AL: 1147v), çaaquit (A6: 2), gaacustenac (A7: 115) eta ezpanaagui (A19: 56).
- Ichi neusan
- ‘utzi nuen’; eskuizkribuan, ichi ‘utzi, abandonatu’ aditzak beti hartzen du osagarria datiboan: bigueleari ichita (AL: 1141v), destenpleac ichi eguion (AL: 1143r), ai ichita (AL: 1144v), erriari ichiric (AL: 1147v), Clariani bacarric ichita (AL: 1151r), niri bacarric ichiric (AL: 1151v), ecin ichi neidiçu (AL: 1151v), nic ichico eçteuçut (AL: 1151v), ichi eguioçu orreyn cureldo trataetan çabenorri (AL: 1152r), ez alcarri ichi jaguiteco (AL: 1153r), Sirenari eta Silviari ichiric (AL: 1154v), ichi neusan (A7: 117).
- bervaxe oec
- ‘berbatxo hauek’; -xe atzizkiaz, ikusi A7: 49 lerroko oharra.
- laztanaz
- ‘laztanagaz, laztanarekin’; hemen -az bukaerak soziatiboaren balioa du.
- Berori
- Lazarragaren eskuizkribukoak berori-ren lehen agerraldiak bide dira (A7: 119, A23: 95), eta bietan erabili da errespetuzko tratamendu gisa. OEHren arabera, XVII. mendearen erdialdetik dokumentatzen da, bai 3. pertsonako erakusle bezala (1622), baita errespetuzko tratamendu bezala ere (1653). Bestalde, aipatu behar da zutik berorira aldatu dela, solaskidea aldatu gabe; gauza bera egiten du hiru poematan: A7: 119, A16: 35 eta A23: 37.
- defendidu
- ‘kontra egin’; cf. DAut, s.v. defender: “Suele usarse por resistir el conceder o franquear lo que se pretende o solicita”.