A14
- oyta
- Eskuizkribuko poemetan maiz erabiltzen dira oy eta oyta betegarriak (bakanka oy eta), bertso-lerroen neurri egokia lortze aldera.
- urteje
- ‘urtexe, urtetxo’; <j> grafia bost aldiz aurkitu dugu eskuizkribuan txistukari sabaikariaren balioarekin: najala (AL: 1147v), baje (AL: 1153r), bijeac (A11: 35), urteje (A14: 6) eta beajaco (A16: 46).
-xe atzizkiari dagokionean, hemen ez dakigu zehazki zein balio duen, baina, izenari erantsia denez, ziur aski nolabait txikigarria izan behar du. Izan ere, Lazarragaren eskuizkribuan, -xe atzizkiak, hiru balio hartzen ditu: 1) Txikigarria (-xe = -txo), kutsu afektiboarekin (mespretxua, trufa...) nahiz gabe: bervaxe (A7: 117), daquidancheau (A10: 21), gauçaxe (A10: 23), presentexeac (A14: 69), çuzpirioxe (A14: 73), esecoxeoc (A19: 14), urtexe (A19: 16), dozenaxe (A24: 116), erreguxeau (A26: 31), bobedaxeoc (A28: 59). 2) Izenondo eta aditzondoen intentsitate markatzailea: gueldixe (AL: 1140v), goitixeago (A1: 23), claruxeago (A7: 49), gueixeago (A10: 59). 3) Indartzailea (izenordain indartuekin, eta eben / arean-ekin): bercheac (A7: 77), gueurcheoc (A7: 88), neurcheau (A10: 46), ebenche (B3: 42), areanche (A27a: 33). Bestalde, eskuizkribu honetan -txo atzizkia beti erabiltzen da txikigarri moduan.
- onau
- -au erakusle garbi gisa interpretatzeko argudioak (eta ondorioz izen sintagmatik bereizita idazteko) ez dira kasu honetan argiak; ondorioz, nahiago izan dugu lotuta utzi.
- çazpigarren ilabetean… oy setienbrec emunic
- ‘irailaren 3an’; iraila zazpigarren hilabetea zen erromatar egutegian (egutegi hori K. a. 46. urtera arte izan zen indarrean), eta Lazarragaren setienbre (latinez septembris) etimologikoki loturik dago septem “zazpi” zenbakiarekin. Ez dakigu horregatik aipatzen den çazpigarren ilabetea, ala akats baten ondorio den, iraila bederatzigarren hilabetea baita hala juliotar egutegian (zeina 1582ra arte izan baitzen indarrean) nola gregoriar egutegian (1582az geroztik gaur arte dugun egutegian). Eskuizkribuan bada antzeko esapide bat: abuztu ilac / egun bat cunpliçacaric (A28: 47-48).

- ene laztanac guraric / ene laztanac guraric eta / neurc ala trabajaduric
- Ahozko literaturan sarri agertzen da anadiplosia: testu-zati baten azken zatia hurrengoaren hasieran errepikatzea eta kateatzea; bihurkia deitu zion Manuel Lekuonak ahozko euskal literatura aztertzean. Testuan behin baino gehiagotan agertzen da baliabide hori: ene laztanac guraric, / ene laztanac guraric eta / neurc ala trabajaduric (A14: 10-12), Erregue baleu enojadu, / enojadu ta / asco maneraz afrontadu (A26: 2-4), Amea baleu ayn onradu, / onrada eta / bere semeaz concertaedu (A26: 14-16), cerren ecusten / even guztia galduric, / galduric eta / suorrec abrasaduric (A28: 91-94), Aurquitu eta / dey eguin deuso umilic, / umilic eta / lisonja ascoz beteric (B29: 41-44).

- neurc
- ‘neuk’, izenordainaren forma zaharrean.
- trabajaduric
- ‘ahaleginak eginik’; cf. DAut, s.v. trabajar: “Vale assimismo solicitar, procurar o intentar alguna cosa con eficacia, actividad y cuidado; [...] Vale también aplicarse con desvelo y cuidado a la execución de alguna cosa”.

- asco deusut esquerric
- ‘eskerrik asko ematen dizut’; bi aldiz aurkitu dugu eskuizkribuan *edutsi aditza ‘eman’ adieran: asco deusut esquerric (A14: 14) eta Linda damea, asco deusut / nic aregaiti esquerric (A23: 27-28), baina, funtsean, esapide bakarraren aldaerak dira. Lazarragarenetik kanpo, beste behin baizik ez dugu aurkitu lekukotua esanahi horrekin, Zumarragaren gutunean (1537) hain zuzen: esquerric asco devstet (Contr. 99, 40.l.). Adiera bera zuen *eradun-ek ere antzina; cf. Ceren hala daraucate emaztiari hoguenic (Etx III, 34), jatean drauco viçia (M. Aldaz, Iruñea, 1609) edo bere arimak derauka egiteko (Ax 58), besteak beste.
- fortiz
- ‘bortitz, sendo’; OEHren arabera Gerriko dateke aldaera honen lehen agerraldia. Orain arte G eta GN-n zegoen dokumentaturik, eta ekialderago ere bai. Lazarragaren eskuizkribuan sei aldiz dago (A14: 18, A16: 81, A24: 153, A28: 50, B17: 97, B18: 9).
- banago
- ‘nago’; ba-, Lazarragaren eskuizkribuan, aditz aurreko hutsa da batzuetan, eta ez du nahitaez galdegaia markatzen.

- lindea parebagaric
- Hiru aldiz dago lindea parebag- eskuizkribuan: Dama bategaz t[o]padu ninçan, / lindea parebagaric (A7: 5-6), Donzellacho bat ecusi neben, / lindea parebagaric (A14: 21-22) eta Orain dama bat servietan dot, / lindea parebaguea (A24: 131-132). Hirugarrenean errimak eskatu du bukaera aldatzea. Gaztelaniaz, 1543ko lan anonimo batean aurkitu dugu ondokoa: “Pues una reina excelente / linda sin comparación / viene y trae a la serpiente” (apud CORDE). Eskuizkribuko beste bi lekutan ere badago parebagaric erabilera adberbialean: Dama bategaz t[o]padu ninçan, / lindea parebagaric (A7: 5-6), Oy jente asco / egoan parebagaric (A28: 73-74).

- idogui
- ‘idoki, erauzi, kendu’; eskuizkribuan bost aldiz aurkitu dugu aditz hau, forma desberdinetan: oy neure bioz amorosoau / idogui cidan bertati (A14: 24) eta nidocaçu nagoan penarean (B3: 66), bai eta guri bicioc edetera (AL: 1153r), buruac edetera (AL: 1153v), donzella batec edegui cidan / oy neure bioz coytadua (A21: 3).
- cidan
- Cidan forma ez da hain bakana eskuizkribuan (cf. cidan 9 aldiz eta eustan 3 aldiz).

- bertati
- ‘berehala’.
- Neuregaz
- Soziatiboaren -gaz kasu-markarekin, hala genitiboarekin (-regaz) nola gabe (-gaz) erabiltzen dira pertsona-izenordainak eskuizkribuan: neuregaz (A14: 25) / nigaz (passim) / neurgaz (A16: 19); aregaz (A16: 15, A19: 24) / agaz (passim); beregaz (AL: 1143v, AL: 1144v) / beragaz (B22: 61); çuregaz (AL: 1144v, A2: 2oh, A7: 15, A16: 20, A17: 95) / çugaz (AL: 1141r, A2: 2, A7: 26, A16: 9, A26: 134, B18: 143); gugaz (A1: 1).
- berequin
- ‘berekin, berarekin’; eskuizkribuan bitan dago beregaz (AL: 1143v, AL: 1144v) eta bitan berequin (AL: 1141v, A14: 26); guztietan da singularra.
- aren minez
- ‘haren irrikaz, hura biziki desiratuz’.
- ilte
- -n galdu du, testuinguru fonetikoarengatik (n- hurrengo silaban).
- da
- ‘eta’.
- aregayti
- ‘harengatik’; testuan hiru lekutan agertzen da: aregayti (A14: 29) eta aregaiti (A23: 28 eta B7: 23). Ez dugu Lazarragarenez beste adibiderik aurkitu, ez OEHn, ez OEHren corpusean, ezta Klasikoen Gordailuan ere; badira aregaitik batzuk, baina denak XIX-XX.ekoak.
- iragaro
- ‘igaro, sufritu, jasan’; berez igaro-ren kausatiboa da. OEHk ez dakar.
- oraingaño
- ‘oraindaino, orain arte, oraindik’; cf. Lcc “hasta aquí, onino, orayngano”. Eskuizkribuan hiru grafiarekin (<nn>, <ñ>, <ññ>) adierazita aurkitu dugu hitz honetako sudurkari palatala: orainganno (A14: 31), oraingaño (A19: 15) eta oraingañño (A24: 41).
- ansiric
- ‘ardurarik, desirarik’; hemengo testu zuzenduan bezala, anse (eta ez ansi) argia da beste agerraldi batean (B20: 3); hortaz, ziurtzat jo dezakegu bigarren bokalaren tinbrean zalantzak zituztela; anse / ansi.
- bada bere
- ‘gutxienez, bederen’.
- asco dot borondateric
- ‘borondate asko dut, maitasun handia dut’; -rik asko egitura da.
Borondate hitzaren esanahiari dagokionean, ohar bedi poema honetako 16. eta 44. lerroetan ere borondate hitza agertzen dela, baina horietan ‘borondate’ ohiko adiera arrunta duela; hemen, ordea, ‘maitasuna’ esan nahi du. Cf. DAut, s.v. voluntad: “Significa también amor, cariño, afición, benevolencia, u afecto”.
- Ez daquiçunoc jaquin eguiçu
- ‘ez dakizuenok jakin ezazue’; poeman gehiagotan agertzen da zu-ri dagokion aditz-morfema bere jatorrizko plural balioarekin.
- ce çaoz
- ‘ez zaitez(te) egon’, agintera; çaoz eta çaoça, bietara erabiltzen du.
- asco bear da gauçaric
- Adierazpide berbera agertzen da beste poema batean: Donzella eder juzgaetaco / asco bear da gauçaric (A23: 77-78).

- ençuçu ta jaquin daguiçun
- ‘entzun ezazu(e) eta jakingo duzu(e)’; hasiera batean, formaz subjuntibokoa den adizkiari balio finala egotzi genion, baina iduri luke zuzenena dela pentsatzea geroaldia adierazten duela. Mitxelenak (1954a) erakutsi zuen RS testuan subjuntiboko adizkiak erabiltzen zirela geroaldia adierazteko, beste hizkuntza askotan ohikoa den bezala (greziera zaharrean, besteak beste): Ax adinhon ta axa hon “Sé acomodado y serás bueno” (RS 31); Yquedac ta diqueada “Darásme y darte he” (RS 233). Erabilera horren hiru adibide bildu ditugu Lazarragaren testuan: ençuçu ta jaquin daguiçun (A14: 43), Belarrioc irecaçu eta dançuçun (A17: 8) eta Ençuçu eta diracasudan / ezconduaren dotea (A24: 47-48). Hiruretan, irakurketa berriak eta juntagailuak hasierako interpretazioan ekartzen zuen traba konpontzen du..
- badoçu borondateric
- ‘baldin baduzue borondaterik’.
- egon oi da
- Amoradua egon ohi da tristerik, alegia.
- Iracasterren
- ‘irakastearren, irakasteagatik, irakastearen truke’; -arren atzizkiak hiru aldaera ditu eskuizkribuan, -gatik atzizkiaren baliokide gisa aditz-izenari gehituta, mendebaldeko tradizioaren arabera: -tearren, -etarren eta -t(z)erren. Ikusi etortearren (A3: 13); probaetarren (AL: 1139r), castaetarren (A14: 77), contaetarren (B3: 47); eta ecusterren (AL: 1142r, AL: 1145r, AL: 1147v), iragaiterren (AL: 1146r), alabacerren (A6: 41), iracasterren (A14: 47), servicerren (A14: 115), ebilterren (B18: 120). Izenari gehituta ere aurkitu dugu, -gatik atzizkiaren baliokide, lau bider: amorearren (AL: 1143v, A7: 89, B22: 14), dirurren (B17: 60).
- Iracasterren ez nago esque / bapere intereseric
- ‘irakastearren ez dut eskatuko batere interesik’; aholkuak musutruk emango dituela adierazi nahi du.
- intereseric
- ‘interesik’; intereseric forma agertzen daberriz A23: 30 lerroan ere. Euskaraz ez dugu aurkitu forma horren beste lekukotasunik, baina gaztelaniaz interese hitza interés ezagunagoaren baliokidea da. Cf. DAut, s.v. interese: “Lo mismo que interés”.
- abantajea
- ‘abantaila, bikaintasuna’.

- dasadan
- ‘esan dezadan’; esan aditzaren subjuntibo trinkoa.
- oy lenaengo abantajea / dasadan, çaoz exilic
- Antzeko formula aurkitu dugu eskuizkribuko lau lekutan, ondoren datorren solasari adi izateko arreta eskatzen duen funtzio kataforikoan: nançuçu, çaoz gueldiric (A10: 4), oy lenaengo abantajea / dasadan, çaoz exilic (A14: 49-50), Asi gura dot; / nançuçu, çaoz exilic (A28: 39-40), Arren, nançuçu, / Jaun Cerucoaen amorez, / conta deçadan / Pasio Santua dolorez (B29: 17-20).

- Jentil honbre oyta bear dau, / içango badau dicharic
- ‘jentil honbre (izan) behar du, ditxaren bat izateko’; XVI. mendeko testuetan, “-tuko + izan / *edun”perifrasia oso gutxitan agertzen zaigu baldintza errealeko protasian. Lazarragarenean eta RSen aurkitzen dugu geroko prozesu baten adierazteko, apodosiak agindu bat adierazten duela: Laztanagana joango bada ce beroaque lagunic (A14: 90); zu]re minez ilgo banaiz, / laudatu Jaun Cerucoa (B30: 55-56), Emongo badeustaçu luçatu çe eguidaçu (RS 490). Bestalde, gaur egun bezala, behar izan aditz-lokuzioaren osagarri bezala erabiltzen da helburuaren adierazteko. Erabilera hori bera dugu pasarte honetan. Ohar gaitezen Lazarraga eta Zalgize erabilera horren berri ematen duten lehen autoreak direla: Jentil honbre oyta bear dau, / içango badau dicharic (A14: 51-52), Iñor içango bada avisadu, / bear dau forçoso enamoradu (B2: 8-9); hitzez berceric behar da / haurrac haciren badira (Zalg 66).
- utra galanto ebili bidi, / oy badau potestaderic
- ‘oso dotore ibil bedi, ahalmenik badu’; potestade hitza dela-eta, zalantza izan dugu ea kargu bati dagokion (hots, ‘korregidore’), ‘botere’ esan nahi duen, ala ‘ahalmen, gaitasun’ adiera duen; azkenean, hirugarren aukera delakoan gaude.
- ce beucaique
- ‘ez beza eduki’; eduki aditzaren jusiboko geroaldi trinkoa da. Zati honetan, b- aurrizkidun jusibozko adizki gehienek -ke atzizkia daramate. Gisa horretan, aginduaren betetzea geroan kokatzen da, solas unetik kanpo. Lazarragaren testua agertu aitzin ez genuen geroaldiko jusiboaren lekukotasunik (cf. Lafon [1970] 1999: 488). Sail honetako bi adizki aurkitu ditugu eskuizkribuan: ce beucaique (A14: 57), ce eucaiqueçu A27a: 24, A28: 155.
Bestalde, ematen du halakoak eukaite- formaren analogiaz eratutako adizkiak direla. Cf. Lazarragaren eskuizkribuan, goian aipaturikoez gain, eucaiteco (A28: 119) eta baneucaique (B22: 15). Ikusi, orobat, Lcc “fiesta de guardar, eguçari euchayteco”.
- cunpliduco
- ‘promesa kunplitu’ ulertu behar da.
- ce begui alfer promesic
- ‘ez beza egin alferrik promesik’; alfer aditzondoa bide da; cf. Alfer ifini naiçu purgaetan (B22: 69).
- baderacuso
- ‘erakusten badio’; erakutsi aditzaren NOR-NORI-NORK forma trinkoa da.
- beoque
- ‘bego, egon bedi’; egon aditzaren jusiboko geroaldi trinkoa da.
- ce beyqueo berbaric
- ‘ez biezaio hitzik egin’; beiqueo adizkia, egin aditzaren jusiboko geroaldi trinkoa da.
- presentexeac
- ‘oparitxoak’; Lazarragaren eskuizkribuan, -txo atzizkia beti erabiltzen da txikigarri moduan; -xe atzizkiak, berriz, hiru balio hartzen ditu: 1) Txikigarria (-xe = -txo), kutsu afektiboarekin (mespretxua, trufa...) nahiz gabe: bervaxe (A7: 117), daquidancheau (A10: 21), gauçaxe (A10: 23), presentexeac (A14: 69), çuzpirioxe (A14: 73), esecoxeoc (A19: 14), urtexe (A19: 16), dozenaxe (A24: 116), erreguxeau (A26: 31), bobedaxeoc (A28: 59). 2) Izenondo eta aditzondoen intentsitate markatzailea: gueldixe (AL: 1140v), goitixeago (A1: 23), claruxeago (A7: 49), gueixeago (A10: 59). 3) Indartzailea (izenordain indartuekin, eta eben / arean-ekin): bercheac (A7: 77), gueurcheoc (A7: 88), neurcheau (A10: 46), ebenche (B3: 42), areanche (A27a: 33). Kasu batean (urteje A14: 6), ez dakigu zehazki zein den balioa.
- gauça usaiz beteric
- Esapide berbera agertzen da beste toki batean (A23: 56). Haren esanahiaz ez gaude seguru, baina baliteke ‘gustu oneko gauza baita, dotoretzat hartzen baita’ bezalako zerbait izatea. Usai izena ‘usain’ dela interpretatu dugu (cf. Lcc “olor, usaia” eta Bet usai egitea, etab.), ‘usaia, ohitura’ adiera baztertu ondoren; izan ere, usaia Iparraldeko tradizioko hitza izateaz gain, ez genuke espero berezko -a gabe agertzea.
- çuzpirioxe
- ‘zuzpirotxo, hasperentxo’; OEHn oso berriki dokumentatu da zuzpiro (FBar), eta are berrikiago zuzpirio (Tx. Agirre), baina gogoratu latinezko forma suspirium dela. Gaztelaniaz lekukotasun bakar bat aurkitu dugu CORDEn: 1490ko Crónica troyana (BNM 1733), Lazarragak ondo ezagutzen zuen liburua, bere Relación histórica idazteko erabili baitzuen.
Bestalde, -xe atzizkiari buruz ikusi 69. lerroko oharra.
- garrazpi
- ‘garratz bi’; cf. aberaspatequin eta aberaspategaz (AL: 1446v).
- ifini esporçaduric
- ‘ipini adoreturik, eman adorea’; ifini nagui / oy arren esporçaduric esamoldea dago A28: 33-34 bertso-lerroetan. Cf. DAut, s.v. esforzado: “Significa también valiente, animoso, de grande brío, corazón y espíritu, valeroso y denodado”.
- berabilque
- ‘erabil beza’; erabili aditzaren jusiboko geroaldi trinkoa da.
- erreal
- Erreala txanpon mota bat da, garaien arabera balio desberdina izan duena.

- ori
- Erakusle gisa interpretatzea zaila badirudi ere, badirudi autoreak ori grafikoki bereizi nahi izan duela izenetik; halaxe eman dugu guk, bereizita, erreal ori sintagma.
- castaetarren
- ‘gastatzearren, gastatzeagatik’; -arren atzizkiari buruz, ikusi A14: 47 lerroko oharra.
- graberic
- ‘seriorik, zintzorik’; cf. DAut, s.v. grave: “Significa también circunspecto, que tiene entereza y causa respeto y veneración”.
- ce besaqueo
- ‘ez biezaio esan’; esan aditzaren jusiboko geroaldi trinkoa da.

- denporeorrec emun badagui
- ‘denborak eman badeza, aukera izanez gero’; cf. DAut, s.v. tiempo: “Vale assimismo oportunidad, ocasión o coyuntura de hacer algo”.
- tentaçacaric
- ‘saiatzekerik, saiatu gaberik’; cf. DAut, s.v. tentar: “Vale assimismo intentar o procurar”.
- ecingo
- ‘etzingo, etzango’; eskuizkribuan lau aldiz dago etzin aditza forma jokatugabean (ecin AL: 1152v, ecinic A1: 36, ecingo A14: 85, ezin A24: 53) eta behin forma trinkoan (çaucidenean A16: 86).

- ce beracusque
- ‘ez beza erakuts’; erakutsi aditzaren jusiboko geroaldi trinkoa da.

- laztanagana joango bada
- ‘laztanagana joateko’; XVI. mendeko testuetan “-tuko + izan / *edun”perifrasiak hartzen zuen balioaz, ikusi A14: 52 lerroko oharra.
- ce beroaque
- ‘ez beza eroan, ez beza eraman’; eroan aditzaren jusiboko geroaldi trinkoa da.

- berabilque
- ‘erabil bitza’; erabili aditzaren jusiboko geroaldi trinkoa da.
- gauça guchiagaiti
- ‘gauza txikiagatik’; testuan beste behin agertzen da gutxi izenondo moduan: Ainbat sentidu eben, bada, Silveroc Sirenac agaz eguin eben caso guchia, ece etorri çan erioçaco puntura (AL: 1142r). Bietan pentsa daiteke gaztelaniaren kalkoak direla (“por poca cosa”, “el poco caso”). Cf. OEH, s.v. gutxi: “3. (V-gip), guti (SP, Dv, H), gitxi (V-gip; Lar). Ref.: Iz ArOñ; Etxba Eib (gitxixa). (Con art.). Poco, pequeño”; ondoko adibideetan gutxienak dira izen bati lotuta daudenak: “Ansikabe direnék kontu gutia hunez eginen dutela. Lç ABC A 2v” eta “Hazia ongi eraitea ez da gauza gutia. Dv Lab 65 (v. tbn. Mat 166, EZ Man II 205, Harb 172, Gç 118, Ch III 10, 3, Monho 126, Lg I 200, Brtc 98, Dh 115, Jaur 204, Hb Egia 41, Jnn SBi 153 gauza gutia; CrIc 142 gauza gitxia)”.
- ce begui sentimenturic
- ‘ez bedi atsekabetu, ez bedi kexatu’; cf. DAut, s.v. sentimiento: “Se toma también por pena o dolor que immuta gravemente” eta “Significa assimismo quexa que se tiene contra algún sugeto, que ha dado motivo de sentir”. CORDEn hacer sentimiento adierazpidearen hainbat adibide daude eta ez dago beti garbi zein den adiera zehatza, biak hain hurbil egonik; erakusgarri bezala, hona Garibairen hau (Memorias, c. 1594): “ni de las lanzetadas hizo sentimiento, ni se quexó de nada”.
- beaçatu badagui bere
- ‘mehatxatu badeza ere’; ikusi, zalantzazkoa bada ere, beajaco bervaric (A16: 46), eta Lcc “amenazar, beaça eguina”.
- irago ce bequiqueo
- ‘ez bekio igaro’; jusiboko geroaldia da. Irago partizipioa bi aldiz dago eskuizkribuan (AL: 1153r eta A14: 97); aditz-izena beti (lau aldiz) da iragaite-: iragaiterren (AL: 1146r), iragaiten (A2: 19, A17: 70, B17: 44); baina testuko aditz trinko bakarrak kontsonanteen metatesia dauka: naygaran (B30: 37). OEHko sarrera (s.v. igaro) interesgarria da, hala igaro / irago alternantziari dagokionean, nola aditz trinkoari dagokionean: “La forma igaro es casi general en guipuzcoano, y en vizcaíno es prácticamente la única documentada hasta finales del s. XVII y frecuente desde entonces. Irago (documentado ya en Landuccio y Nicolás de Zubia), es la única variante que encontramos en el s. XVIII (msOñ (235r), Arzadun, Barrutia, Urquizu, Gamiz (206)); en el XIX es bastante frecuente: Moguel (tbn. igaro), fray Bartolomé, Astarloa, Arrese Beitia (tbn. un ej. de iragotu (AmaE 449)), Iturzaeta; en el s. XX sólo se encuentra en Lauaxeta (AB 58); pero cf. infra IGAROKO. Fuera del vizcaíno, emplean irago Larramendi (Cor 300), Xenpelar (191), F. Goñi y E. Arrese. Se encuentran formas fuertes en los Refranes de Garibay y Bertso Bizkaitarrak (en ambos aigara), y en Refranes y Sentencias (digaran (231), con suf. de relativo); en el s. XX algunos autores (Lauxeta (BBa 76), L. Jauregi (Biozk 4), Gaztelu (MusIx 83)) recrean formas fuertes como digaro. El sust. vbal. igaraite- lo emplea Capanaga (part. igaro), e iragaite- Urquizu (tbn. iragote- (57); part. irago); hay igaroite- en CatLlo (96) y CatBus (57), siendo en ambos igaro el part. En DFrec hay 156 ejs. de igaro”.
- bisitaçaca
- ‘bisitatzeke, bisitatu gabe’.

- cegaiti artu ez daiquean
- ‘geroan har ez dezan’; geroaldiko subjuntiboa. Cf. orobat gura deusut aguindu / gure errico abantajaoc / daiqueçula cantadu (A6: 6-8), Conjuraetan oy eta çaitut, / oean çaucidenean, / gogaberatu çaquezquedala / beguioz nacusunean (A16: 85-88), Conjuraetan oyta diçut, / gorpuceango araguioc, / nigana manso dacarqueçula / ceure beguicho lindo bioc (A16: 97-100), Arren aguir çaytes[que] / sacusquedan leyotic (B30: 39-40). Lazarragaren testutik kanpo, beste behin baizik ez da lekukotzen geroaldiko subjuntiboaren erabilera, beste arabar baten testuan, Perutxoren kantan hain zuzen: Esso[c] amor[e]ari / gajo nachala / y penas naçala / jatorquedala (TAV 102-104).
Bestalde, “cegaiti + subjuntiboa” egiturak helburuzko perpausa adierazi ohi du Lazarragarenean: cegaiti obato alcar aditu daigun (AL: 1147v), cegaiti artu ez daiquean (A14: 99), Beguioc irecaçu guchi baten, / eta inca eçaçu orrerean / ceure sierbo onen biocean, / cegaiti dacusun nola dagoan / ya bici onegaz aspertua, minez mila lecutan çulatua, / cegaiti daquiçun, ceurc ecusita, / ez naxana min baga quexaetan (B3: 79-86).

- servidoreric
- ‘adiskiderik, gorte-egilerik’; hau da, dama gorteatuko duen beste gizonik. Cf. DAut, s.v. servidor: “Se toma también por el que corteja o festeja alguna dama”.

- alcançadu daiqueano
- ‘erdietsi arte’; daiqueano aditz laguntzaileari dagokionean, testu zaharrenetan (Leizarraga, Lazarraga, Oihenart), -no atzizkiak denbora-tartearen azken muga adierazten du eta trinkoei eta “aditzoina + *edin, *ezan”,“aditzoina + *iro” (ekialdean) eta “partizipioa + egin” (mendebaldean) perifrasietako laguntzaileei gehitzen zaie. Azken bi perifrasietan izan ezik, beste egituretan -ke atzizkia beti agertzen da menderatzailea aitzin. Lazarragaren testuan, “aditzoina / partizipioa + *edin / egin” egitura perifrastikoak baliatzen dira -no menderatzailearekin, orainaldian zein iraganaldian. -ke atzizkiari dagokionez, nahitaezkoa da *edin-ekin, baina hautuzkoa egin-ekin. Askotan, idazle arabarrak arean da preposizioa erabiltzen du denborazko perpaus horren hastapenean, segur aski denbora-tartearen zedarritzeko: arean da Silvero egoan lecuan el citezqueano (AL: 1152r); arean da Doridoc burua goratuta, ecusi eyano salbaje terrible bien figurea (AL: 1153r).
Alcançadu aditzaren esanahiari dagokionean, cf. DAut, s.v. alcanzar: “Significa assimismo conseguir, lograr, obtener lo que se desea, solicíta o pretende por fuerza, armas o ruegos”.

- ez artu jaguin
- ‘ez hari hartu egin, ez hari hartu’; jagui- hainbat aldiz agertzen zaigu eskuizkribuan. Askotan aditz trinkoa edo beregaina da, baina laguntzaile gisa ere agertzen zaigu, partizipioa aditz nagusitzat harturik. Bestalde, gehienetan aditz jokatugabea iduri du: ]ri remedio emun jagui[ (AL: 1138r), Nachaçu suplicaetan nay daquiçula, ene peneau oneyn andia dan azquero, remedioa emun jaguiten (AL: 1152r), eta prometidu even biac ez alcarri ichi jaguiteco, arean da Sirena ta Silvia idoro artean (AL: 1152v), cegaiti artu ez daiquean / oy beste servidoreric; / oy alcançadu daiqueano / ez artu jaguin celoric (A14: 99-102), Orain dama bat servietan dot, / lindea parebaguea; / oy eztauco meresciduric / niganic ancietea / eguin deustan mesedeac / servidu jaguin artean (A24: 131-136), Jaun Cerucoac / çuri bidaldu jaguinic; / adietaco / badeçu miramenturic, / ez consentidu / ceure lurrean gaxtoric (A28: 165-170), Aren aoti berba oa / neguianean aditu, / reberencia jaguiteco / belaunoc neben incadu (B14: 13-16), Apea nindin çaldirean / guchi bat apartaduric; / berba neguion lurrerean, / neurau nengoan lecurean / reberencia jaguinic (B18: 66-70), Beti nabil casoau dala / trabajadua azquero, / inox dicharic eztudala / bencedoreçat atabala / jo jaguiteco sendoro (B18: 111-115), guztiay berba jaguinic (B29: 50), modu onetan / oyta berba jaguinic (B29: 79-80). Edozein kasutan, beti agertzen da iragankor gisa eta datibozko argumentu batekin. Uste dugu aditz ezezagun horren azpian egin aditzaren forma hirupertsonala (NOR-NORI-NORK) ezkutatzen dela.

- asperçacaric
- ‘nekatzekerik, nekatu gaberik’; cf. Lcc “cansar, aspertu”. Cf. orobat, OEH, s.v. aspertu: “2. [...] Cansar(se); desanimar(se);aburrir(se)”.
- firmeric
- ‘firmeagorik’; eskuizkribuan hiru lekutan aurkitu dugu “baño + adjektiboa gradu positiboan” egitura: au baño guiçon firmeric (A11: 12), Mundu guztian ni baño ezta / oy amoradu firmeric (A14: 111-112) eta nic uste baño luce içann da (B7: 19).
- servicerren
- ‘zerbitzatzearren, zerbitzatzeagatik’; -arren atzizkiari buruz, ikusi A14: 47 lerroko oharra.
- aspertu
- ‘nekatu’.

- Artalastoa aguin eguiçu, / ... obligacioz beteric
- Poemaren bukaera ilun samarra da, eta ez dugu uste erabateko interpretazio sendoa lortu dugunik. Lehenengo bi lerroak honela uler litezke: ‘Arto-lastoa enkarga ezazu, nik (egin) ahal dezadan gauzarik’; poetak arto-lastoa enkargatzen du ohea prestatzeko eta bertan sexuarekin lotutako gauzak egiteko. Azken bi lerroetan, asteazkenean neskarekin hitzordua duela adierazi nahi du seguruenik, baina eguaztena hitzak hurrengo arazo gramatikal hauek sortzen ditu, eta horien arabera interpretazioa aldarazten du: (a) eguaztena absolutibotzat hartuz gero, ifini nauçu NOR-NORK adizkia NOR-NORI-NORK baten ordez egongo litzateke —gaur egun ere batik bat kostaldean aurkitzen dugunaren antzera—, baina testuan adibide bakarra litzateke eta ez dirudi garai hartan solezismo hori gertatzen zenik; (b) bokatibotzat har liteke (‘asteazkena, ipini nauzu obligazioz beterik’), baina zer dela-eta hitz egiten dio poetak asteazkenari?; (c) azkenik, pentsa liteke eguaztena absolutiboa eguaztenean inesiboaren ordez dagoela, “noiz” adierazteko, gaztelaniazko “nos vemos el miércoles” bezalako esaldietan legez (‘asteazkenean ipini nauzu obligazioz beterik’); honen antzeko beste bat aurkitu dugu eskuizkribuan: ecin ancitu neydi aynbat denpora on derechadan gaucea (AL: 1152r).