A17

Cegaiti
Galdetzaile gisa ulertzea ez da aukera bakarra, beharbada (cegaiti kausazkoa ere -n gabe joan baitaiteke), baina onena iruditzen zaigu, beste galdera zuzen batzuk ere badirelako poema honetan (A17: 39-40koa inolako zalantzarik gabea).
gora
cantaetaz
Lazarragaren testuan aditz-izena hiru aldiz baizik ez da agertzen kasu instrumentalean, hiruretan kantadu aditzarekin: aditu even cantaetaz etorrela odeietati figura eder bat (AL: 1153r), ençun even aen alderuç cantaetaz etocela guiçon baçu (AL: 1154v), Cegaiti beguiratu gura ez doçu / çugaiti nola nagoan cantaetaz? (A17: 1-2). Gaur egun, gisa horretako moduzko perpaus jokatugabeak zubereraz baizik ez dira erabiltzen.
gora
anech
‘anitz’; OEHk ez dakar aldaera hau; eskuizkribuan hemen bakarrik agertzen da. Bokal-ahultze honen beste adibide bat ere bada testuan: çaquezquedala (A16: 87).
gora
nuen
‘noren’; galdetzailearen forma hau bitan agertzen da testuan: nuen agintez (AL: 1153r) eta nuen contra ta nola (A17: 6). OEHren arabera (s.v. nor), hau bezalako formak ez dira lekukotzen oso berandu arte: noen (Añibarro eta Astarloa).
gora
oyta
Eskuizkribuko poemetan maiz erabiltzen dira oy eta oyta betegarriak (bakanka oy eta), bertso-lerroen neurri egokia lortze aldera.
gora
Belarrioc irecaçu eta dançuçun
‘belarriok ireki itzazu eta entzungo duzu’; hasiera batean, formaz subjuntibokoa den adizkiari balio finala egotzi genion, baina irudi luke zuzenena dela pentsatzea geroaldia adierazten duela. Mitxelenak (1954a) erakutsi zuen RS testuan subjuntiboko adizkiak erabiltzen zirela geroaldia adierazteko, beste hizkuntza askotan ohikoa den bezala (greziera zaharrean, besteak beste): Ax adinhon ta axa hon “Sé acomodado y serás bueno” (RS 31); Yquedac ta diqueada “Darásme y darte he” (RS 233). Erabilera horren hiru adibide bildu ditugu Lazarragaren testuan: ençuçu ta jaquin daguiçun (A14: 43), Belarrioc irecaçu eta dançuçun (A17: 8) eta Ençuçu eta diracasudan / ezconduaren dotea (A24: 47-48). Hiruretan, irakurketa berriak eta juntagailuak hasierako interpretazioan ekartzen zuen traba konpontzen du.
gora
deustet aguinquetan
‘agintzen diet’; Lazarragaren eskuizkribuan, -te- morfema iragangaitzetako Nori eta iragankorretako Nork argumentuen pluralgile bezala agertzen da: ecarten (AL: 1153r, AL: 1154v, A1: 37), liçatela (AL: 1154v), egotela (AL: 1154v), darabilte- (A1: 47, A24: 87), deustet (A17: 9), jate (B3: 77), eusten (‘zien’ nahiz ‘zioten’, passim); -de- morfema, ordea, iragangaitzetako Nor argumentuaren pluralgile bezala erabiltzen du. Bost aldiz aurkitu dugu eskuizkribuan: çarade (AL: 1144v, B18: 91), dirade (A1: 52), çagode (A5: 2), çaucidenean (A16: 86), gabilçaden (A17: 93), çabilçade- (B18: 147).
gora
beucae contu
‘eduki bezate kontu’; eduki aditzaren jusibo trinkoa.
gora
escaetan
‘eskatzen’; kontu eskatzera, alegia.
gora
ifinico dot estuetan
‘estuasunean ipiniko dut, kinka larrian jarriko dut’; gaztelaniazko poner en aprietos-en kalkoa da.
gora
baldin da
‘baldin eta’.
gora
goarda ez badez
‘gorde ez badeza’; mendebalde zein erdialdeko testuetan adizkien erroko -a askotan galtzen da bukaera absolutuan gertatzen delarik (cf. FHV §6.4). Lazarragaren testuan, *ezan (protasietan edo b- aurrizkidun jusibozko formetan) eta etzan aditzek pairatzen dute erorketa: lo ete naç (AL: 1152r), goarda badez (A17: 14), sufri[du] valez (B10: 6).
gora
erraz daiquet
‘erraz egingo dut’.
gora
Amoreac ençun doçu, ene laztana, / oy bere mandamentuan cer dioan
‘ene laztana, entzun duzu Amoreak bere mandamenduan zer dioen’; ohiz kanpoko hitz-ordena darabil; latindar literaturan ohikoak dira halakoak, eta euskal idazleen artean Etxeberri Ziburukoa aipa genezake eredu klasiko horren jarraitzaile. Lazarragarengan adibide bakanetakoa dugu hau, eta ez da kontu argia eredu jakin bati segika egindakoa ote den.
gora
apa bat baneydiçu
‘musu bat egin (eman) ahalko nizuke’; *-idi- erroko adizkia da, balio potentzialarekin.
*-idi- aditza egin aditzaren erro supletibotzat jo ohi da (Lafon 1944 eta geroztikako lanak). Izan ere, testu arkaikoenetan, egin-ek ez du potentzialeko forma trinkorik erakusten, eta haren ordez *-idi- erabiltzen da. Mendebalde zein ekialdeko testuetan aurkitzen da.
*-idi- aditza trinkoki (Arbore gaichtoac fructu onic ecin daidi, Leiz Mat. VII, 18), zein “partizipioa + *-idi-” gisako perifrasiaren laguntzaile gisa agertzen zaigu. Azken erabilera hau mendebaldeko testuetan baizik ez da lekukotzen; eta hori da, hain zuzen ere, espero duguna, egin eta *-idi- banaketa osagarrian badira, eta “partizipioa + egin” perifrasia mendebaldekoa bada: Mayacean berarra luce da eta sendo, eguitayaren orçac ebagui leydi ondo (RS 268), Esan senguida beste gatic / esneydysula trucadu (Mik TAV 3.1.27).
Lazarragaren eskuizkribuan, bost aldiz agertzen zaigu trinkoki jokaturik, eta gehienetan aditz-lokuzio bateko aditza da: Ecin faltaric neydio / nic on derechadanari (A3: 9-10), apa bat baneydiçu ao goçoan; / bacusu ene fedea firmea dana (A17: 19-20), Baneidio bati berba, / palagadu al banegui (A19: 63-64), beronec bere ezteidio falta gueiago damari (B27), Mendi altuan erurra daydi, / aran baxuan eguzqui (B31: 1-2). Gainerateko kasuetan, perifrastikoki erabilia da, partizipioa aditz nagusitzat harturik.
Balioari dagokionez, lau baliorekin agertzen zaigu. Gehienetan potentziala adierazten du (zortzi aldiz), baina geroaldiaren balioa ere har dezake (bi aldiz). Behin baldintza irreal bateko apodosian agertzen zaigu, baina hori ez zaigu harrigarria iduritzen, kontuan harturik apodosiak potentzialeko formetarik erator daitezkeela. Azkenik, orain arte ezagutzen ez genuen erabilera batean aurkitu dugu bi aldiz: aginteraren balioarekin; bizkitartean, ez dira agintera “normalak”: orainaldiko forma iragankorren d- aurrizkia daramate, baina horrekin batera aginterazko formetan erabili ohi den ezeztapenaren partikula: ze. Pentsa daiteke geroaldiko formak direla aginteraren balioarekin erabiliak (oroit Leizarragaren mandamentuko ez duk hilen tipoko formak).
gora
bacusu
‘badakutsu, ikusten duzu’; irakur bedi bakutsu.
gora
dana
‘dela’; -na konpletiboa.
gora
ez çaut ancituco
‘ez zaitut ahantziko, ahaztuko’; çaut pluralgile gabeko forma da, eta ancitu partizipio-forma pleonastikoa. ancitu- (AL: 1146v, AL: 1151r, AL: 1152r, AL: 1152v bis, A7: 12, A17: 23, B3: 59), anci jaquinic (AL: 1142v, AL: 1145v) eta ancietea (A24: 134, A24: 144) formak agertzen dira eskuizkribuan. OEHn ez dago forma hauen lekukotasunik mendebaldean, ez bada Azkuerenetik harturiko “antzitu V-al”. Cf. OEH,s.v. ahaztu: “El participio en V ant parece ser aztu con a nasal, escrita normalmente aztu y una vez (RS 156) anztu. Respecto al sust. vbal. ines., Lcc azketan erreza s.v. “olvidadizo” y Mic ta aztuten badozu / eztozu ondo eiten (TAV 3.1.27).”
gora
çareana
Mendebaldeko testu zaharretan, deklinabide mugatuan bezala, a + a > -ea disimilazioa gertatzen da adizki jokatuetan ere, -an / -ala atzizkiak gehitzean: doa + -an > doean (RS), daroa + -an > daroeanean (VJ) (cf. FHV 115). Hona Lazarragaren eskuizkribuan bildu ditugun adibideak: joean (AL: 1138r), cirean (AL: 1142v, AL: 1144r, AL: 1146v, AL: 1152r, AL: 1153v, A11: 13, A11: 17, A26: 120, A28: 100), direan (AL: 1147v, AL: 1152r, A1: 15, B17: 62), çarean (AL: 1152v, A12: 16, A17: 111, B18: 31, B18: 44), guinean (A7: 8, B18: 86), cinean (A26: 94, A26: 156), neroean (B18: 14), cireala (AL: 1145r), joeala (AL: 1147r), çareala (AL: 1151r), direala (AL: 1152r), neroeala (B18: 16). Ohar gaitezen Landuccik ez duela aldaketa horren arrastorik aditzean (“antecedente, aurrera doana”).
gora
içaatea
Jan eta izan aditzek aditz-izena osatzeko -te atzizkia hartzen dutenean, -aa- bokal bikoitza gertatzen da. Aditz horiek beroriek bestelako formetan (izango, jango, izan, jan, janda) ez dute inoiz bokal bikoitzik agertzen. Itxura guztien arabera fenomeno morfologikoa da oinarrian. Honelaxe dio OEHk jan aditzarentzari dagokionean (izan aditzari dagokionean, OEHk ez dakar bokal bikoitzeko adibiderik): “Documentado en todas las épocas y dialectos. La forma jan es general; jaana, jaate- (aunque no jaan) se documentan en Capanaga, Zuzaeta (88), Moguel (PAb 164), V. Moguel (12), J.J. Moguel (BasEsc 261) y fray Bartolomé (Ic III 273).”
gora
esperançaz
Eskuizkribuan desesperanças (A1: 46) eta esperanças (A17: 31) aurkitu ditugu, instrumentalaren markatzat <-s> txistukari apikaria dutela; apikari/bizkarkari neutralizazioa hitz berean bi aldiz gertatzea bitxia bada ere, ez dugu aurkitu hori azalduko duen ezer, eta testuan <-z> bizkarkariarekin ematea erabaki dugu.
gora
baquit
‘badakit’; eskuizkribuan ez dago behin ere badaquit forma osoa, horren kontrakzioz sorturiko baquit baino, lau aldiz (A12: 15, A17: 32, B7: 21, B29: 57).
gora
Espantaduric
‘harriturik, miraz gelditurik’; cf. DAut, s.v. espantarse: “asombrarse”.
gora
orrein
‘horren’; hiru graduko adberbioa dago eskuizkribuan: oneyn/onein, orreyn/orrein, ayn/ain. Cf.: oneyn cureldo tratadu (AL: 1151r), ene peneau oneyn andia dan azquero (AL: 1152r), estaguiçu[la] / guiçona onein amorad[u] (B30: 35-36); orreyn cureldo trataetan (AL: 1152r), orrein gaxqui (AL: 1145v); orrein curela (A17: 34), eneçat orrein gogor (A17: 40), orrein cruel içaten enegana (A17: 67); ain furia andiaz (AL: 1142r), urten eben ain laster (AL: 1143r), ain aguiz (AL: 1143r), ain cruelmente (AL: 1143r) eta passim.
gora
Espantaduric nago, donzellea: / vioçoy nola doçu orrein curela?
Beste era batean ere puntuatu liteke: Espantaduric nago, donzellea, / vioçoy nola doçu orrein curela. Kontua da, hain zuzen, galdera zuzena nahiz zehar-galdera izan litekeela. Baina ez dugu bigarren aukera hori lehenetsi, batetik, eskuizkribu honetan, nola eta nun galdetzaileak buru diren zehar-galderetan, aditz-jokatua -(e)n atzizkiarekin markaturik izan ohi delako; hau zehar-galdera dela onartuko bagenu, hemen eta A11: 19-22 bertso-lerroetan legoke salbuespena, kontua palegrafiko hutsa ez balitz behintzat, hain zuzen, -n defektiboa izatea, idatzi gabe izan arren irakurri beharrekoa (sc. doçun). Bestetik, beste galdera zuzen batzuk ere badirelako poema honetan (A17: 39-40koa inolako zalantzarik gabea), eta horrek pentsarazten du hau ere halakoa bide dela.
gora
Tratadu ce naguiçu
‘ez nazazu tratatu’.
gora
relajadu
‘apaldu’.
gora
querellea
‘kexa’; cf. OEH, s.v. kereila: “KEREILA EGON [...] Biotza begien dago kerella (Canción vizcaína, 1609). TAV 3.1.22.”
gora
piadadez
Eskuizkribuan bi aldiz agertzen da piadade forma (A17: 41 eta A28: 80) eta hiru aldiz piedade (A1: 50, A16: 6, A16: 33). Landuccik ere piadade dakar (gaztelaniazko “clemençia” eta “piadad”). Gaztelaniaz ugari agertzen da CORDEn 1600 arte, eta gero nekez (azkena 1646koa).
gora
jafindaçu
‘ipin iezadazu’; ifini aditzaren Nor-Nori-Nork agintera trinkoa. Halako hamaika aurkitu ditugu Lazarragaren eskuizkribuan: efinçu (A16: 59), jafindaçu (A17: 44, B18: 34), ce nafinçu (A17: 60), dafinquet (A24: 27), ez difinçuen (A27: 4), badafinçu (A27: 41), ifinçu (A28: 172), dafinela (A28: 175), nafinçu (B3: 70), nafinela (B4: 4), ce efinçu (B7: 13).
gora
biurtu libertadea eguidaçu
‘libertatea bihurtu iezadazu’; ohiz kanpoko hitz-ordena.
gora
aldi bat
‘aldi batez, une batez, memento batez, istaño batez’; OEHk dioenaren kontra, ez dugu uste Lazarragarenean ‘vez, turno’ esan nahi duenik, ‘istaño, memento, une’ baino. Eskuizkribuan lau aldiz aurkitu dugu: A8: 8, A17: 48, A17: 61 eta B14: 9. Cf. OEH, s.v. aldi: “Salvo en ciertos ejs. anómalos de RS, donde no aparece denpora, en los textos antiguos es equivalente a ‘vez, turno’. Va ampliando su campo semántico significando tbn. ‘tiempo concreto’. A partir de Azkue se comienza a emplear tbn. como sustitutivo de denbora”.
gora
naraçaçu
‘eratzan nazazu’; eratzan aditzaren NOR-NORK agintera trinkoa. Gisa horretako aginterazko forma trinkoak ez ziren ongi ezagutzen Lazarragaren testua agertu arte. Izan ere, historikoki, euskararen hizkera desberdinek egitura perifrastikoetara jotzen dute iragankorretako objektua 1. edo 2. pertsonakoa delarik. Cf. adibidez Hiri cionat allaua, ençun neçan allauaiçuna (Zalgize 131). Lazarragak, aldiz, forma trinkoak nasaiki erabiltzen ditu objektu mota hauekin ere: nançuçu (A10: 4), erruqui nauca (A16: 35, berorika), naraçaçu (A17: 48), ce nafinçu (A17: 60), nacusu (B23: 47). Arabarraren erabilera emankor horien ondoan, euskaraz ezagutzen den corpusean ez dugu beste bi aldiz baizik aurkitu objektua 1. pertsonakoa duen aginterazko forma trinkorik: bata Arrasateko Erreketan ([An]dra urena Butroecoa nançuçu, Butr A,6), eta bestea Oihenarten poesietan (galdez nauzun horrez ukenduru negizu, Poes. XXIV, 5).
Eratzan aditzari dagokionean, lau adizki trinko aurkitu ditugu eskuizkribuan: naraçaçu (A17: 48), daraçagula (A17: 96), eraçala (A25: 46) eta daraçanean (B17: 46).
gora
Edirayten
‘edireten, aurkitzen’; cf. ideraiten (B3: 59). Cf. OEH, s.v. ediren: “En cuanto al sust. verbal, entre los vizcaínos, frente a los más frecuentes idorote, idorotze, son de destacar las formas edaraite e ideraite en RS, idaraite en Micoleta, Capanaga, Urquizu y Arzadun 38 (todos ellos emplean idoro), idarate en ConTAV 5.2.11, y eridaite en F.J. de Zumarraga”.
gora
çu laco
Lazarragak absolutiboarekin erabiltzen du gehienetan laco konparatzailea, pertsona-izenordainaren ondotik (çu laco, ni laco...); baina badira bi agerraldi genitiboarekin ere: çure laco (A16: 37oh), çure lacooc (B5: 19).
gora
lindaric
Adjektiboak genero femeninoaren marka hartzen du, baita -ric morfema eransten zaionean ere. Ikusi mansaric (A8: 4, A8: 12, A8: 26, A10: 70), lindaric (A17: 50), enojadaric (A17: 58) eta satisfecharic (A23: 32).
gora
duin
‘bezain’; hitz honen agerraldi bakarra da eskuizkribuan. OEHn adiera honetako ia agerraldi guztiak msOñ-koak dira.
gora
ene lecuan
‘ene herrixkan’; alegia, ahapaldiko lehen lerroko munduan-i kontrajarriaz. Cf. Lcc “aldea, lequa, aldea”. Eskuizkribuan gutxienez zortzi aldiz aurkitu dugu lecu esanahi horrekin (AL: 1145v, A7: 61, A17: 52, A23: 69, A23: 75, A23: 82, A23: 84, B25: 23). Beste askotan, jakina, ‘toki’ esanahiarekin.
gora
jarri çatez partiduan
‘jar zaitez harremanetan’; gaztelaniazko poner en partido esamoldearen kalkoa da. DAuten ez dugu aurkitu, baina CORDEn agerraldi bat aurkitu dugu: “Después de comer: como vieron los mercaderes que aquel mancebo hauia comprado aquella mercaduria: la qual dezia querria lleuar a su tierra: por que no la lleuasse: pusieron se en partido conel: & mercaron jela por diez mil florines” (Izengabea, 1493).
Bestalde, testu osoan bi aldiz agertzen da jarri çatez (A17: 53, A25: 15) eta beste bi aldiz çarriz (A26: 78, A26: 113).
gora
onezquero
‘dagoeneko’; gero adberbioa oinarri duen hainbat egitura erabiltzen du autoreak, perpaus kausal eta denborazkoak osatzeko nagusiki. Denborazkoen artean, azpimultzo batek ‘jada, berehala, dagoeneko’ balioa du. Erakuslean oinarritutako formak dira.
gora
plazaz edo bestela estalduan
‘agerian edo bestela ezkutuan’; deigarria gertatzen da kasu instrumentalean dagoen plazaz sintagmaren erabilera, estalduan inesibodunaren ondoan.
gora
enojadaric
Adjektiboak genero femeninoaren marka hartu du. Ikusi gorago A17: 50 lerroko oharra.
gora
egote nax
-n galdu du, testuinguru fonetikoarengatik (n- hurrengo silaban). Bestalde, testu zaharrenetan jokabide sintetikoa duten aditzak biziki nekez agertuko zaizkigu perifrastikoki jokaturik. Gainera, perifrastikoki erabiltzen direlarik, ñabardura aspektual berezi baten ekartzeko da. Egon aditza trinkoki erabilia da burutugabetasunaren adierazteko XVI. mendeko testu guztietan. Behin baizik ez zaigu agertzen perifrastikoki jokaturik, Lazarragaren adibide honetan hain zuzen: ascotan egote nax berva baga. Forma horrek maiztasuna adierazten du.
gora
ce nafinçu
‘ez nazazu ipini (berba gabe)’; ifini aditzaren nor-nork agintera trinkoa; halakoei buruz ikusi A17: 44 bertso-lerroko oharra.
gora
aldi bat
‘une bat, denbora bat, istant bat’; ikusi A17: 48 bertso-lerroko oharra.
gora
bacox
‘bakar’; hiru aldiz aurkitu dugu testuan <-x> grafia soinu afrikatua (-tx) adierazteko: gax (AL: 1142v), bacox (A17: 62, A25: 39).
gora
cunplidua
Ordubete baino gehiago, alegia.
gora
azquero
‘beraz’; autoreak gero adberbioan oinarriturik erabiltzen dituen egituren artean, kasu hau berezi xamarra da: ez dirudi ez denborazko ez kausazko ñabardurarik adierazten duenik. Azalpenezko kausal izatekotan, gainera, bakarra litzateke -n guero edo -n azquero egitura erabiltzen ez duena. Hortaz, azquero hutsa duen perpaus hau ondoriozko perpaus gisa hobeki ulertzen dela iruditzen zaigu.
gora
escuogaz
‘esku hauekin/horiekin’; eskuizkribuan bitan aurkitu dugu -ogaz soziatibo plurala: escuogaz (A17: 64) eta damaogaz (B2: 10); eta lau aldiz -egaz soziatibo plurala: çuegaz (A10: 27), oegaz (A26: 87), oriegaz (B7: 33) eta guiçonegaz (B18: 128). Plurala da orobat baçugaz: urregorrizco letra baçugaz / egoan escreviduric (A1: 11-12), Egun batean leucala / beste baçugaz cabildu, / aen artera içan ninçan / exil-exilic coladu (B14: 45-48), baçugaz consultaduric (B23: 22). Horien ondoan, bada -ocaz/-ocaç ere: delicaduocaz (AL: 1138r), berbaocaç (AL: 1151v), beguiocaz (AL: 1152v), biciocaz (AL: 1154v); eta -equin: oequin (A11: 2), matalotequin (B30: 69).
gora
ez dindala
‘eman ez diezadala’; *-in- erro zaharreko adizkia. Jusibozko forma hauek ez ezeztapenezko partikularekin baizik ez daitezke ager, b- aurrizkidun formek beti ze partikula hartzen dutelarik: Bada bere, Jaunac ez nafinela, / servidu bada, ni pauso laz artan (B4: 4) vs Oy oni luce derechanori / ce bego ene ustean (A24: 120). Ikusi halaber Hora il daguien mendian Guiçona idoro ez didila (Garibai 139-52).
içaten
merezidu aditzarekin -tzea aditz-izena ohikoagoa da (cf. oy eztauco meresciduric / niganic ancietea, A24: 133-134). Litekeena da bertso-lerroetan izandako aldaketen ondoren nahi gabe geratua izatea hemengo -ten forma (içaten).
gora
iragaiten
Aditz honen partizipioabeti (bi aldiz) da irago eskuizkribuan (AL: 1153r eta A14: 97); aditz-izena beti (lau aldiz) da iragaite-: iragaiterren (AL: 1146r), iragaiten (A2: 19, A17: 70, B17: 44); baina testuko aditz trinko bakarrak kontsonanteen metatesia dauka: naygaran (B30: 37). OEHko sarrera (s.v. igaro) interesgarria da, hala igaro / irago alternantziari dagokionean, nola aditz trinkoari dagokionean: “La forma igaro es casi general en guipuzcoano, y en vizcaíno es prácticamente la única documentada hasta finales del s. XVII y frecuente desde entonces. Irago (documentado ya en Landuccio y Nicolás de Zubia), es la única variante que encontramos en el s. XVIII (msOñ (235r), Arzadun, Barrutia, Urquizu, Gamiz (206)); en el XIX es bastante frecuente: Moguel (tbn. igaro), fray Bartolomé, Astarloa, Arrese Beitia (tbn. un ej. de iragotu (AmaE 449)), Iturzaeta; en el s. XX sólo se encuentra en Lauaxeta (AB 58); pero cf. infra IGAROKO. Fuera del vizcaíno, emplean irago Larramendi (Cor 300), Xenpelar (191), F. Goñi y E. Arrese. Se encuentran formas fuertes en los Refranes de Garibay y Bertso Bizkaitarrak (en ambos aigara), y en Refranes y Sentencias (digaran (231), con suf. de relativo); en el s. XX algunos autores (Lauxeta (BBa 76), L. Jauregi (Biozk 4), Gaztelu (MusIx 83)) recrean formas fuertes como digaro. El sust. vbal. igaraite- lo emplea Capanaga (part. igaro), e iragaite- Urquizu (tbn. iragote- (57); part. irago); hay igaroite- en CatLlo (96) y CatBus (57), siendo en ambos igaro el part. En DFrec hay 156 ejs. de igaro”.
gora
elçaydunac
‘heltzeko edo atxikitzeko gaitasuna duten (begiak)’, edo ‘(begi) harrapariak’, edo halako zerbait bide dira. Hapaxa da eta ez dakigu ziur zer esan nahi duen, baina heldu aditzetik eratorria bide da; cf. “Eltzaiera (B-tŝ), acogida, recibimiento : accueil, réception” (Azkue 1905-1906, s.v.).
gora
açartu
‘ausartu’.
gora
puntu baten
‘une batean, berehala’; cf. OEH, s.v. puntu: “PUNTU BATEAN. Al instante” eta, gorago, “Atsegiñ-kontentuak puntu batekoak [...] izango zaizkitzu. Arr May 88”. Cf., orobat, DAut, s.v. punto: “Al punto. Modo adverb. que vale prontamente, sin la menor dilación”.
gora
al
‘dirudienez, ziur aski’; al honek probabilitate handia adierazten du.
gora
eguzqui ederraren esposea
Erromatar mitologian, betiere bertsio batzuetan, Diana jainkosa zen eguzkiaren emaztea, eta ilargiarekin identifikatzen zen (cf. 26. lerroko ceruco irargui çuria).
gora
Cundicio cureloc nai bequiçu / onezquero ceurganic quençaitea
‘nahi bekizkizu/itzazu (ezarri dizkidazun) baldintza krudel horiek berehala zeugandik kendu’. Mendebaldeko eta erdialdeko testu zaharretan nahi izan aditz-lokuzioak balentzia berezia du: experimentatzailea (edo subjektua) datiboan du eta estimulua absolutiboan. Cf. Verba orri nay ez daquiola valia (Olasoko kantua, TAV 88-90); Iaun goicoari nai eztaquiola (Kapanaga 129). Orain arte ezagutzen genituen testuetan balentzia berezi hori jusibozko eta botibozko perpausetan baizik ez bazen lekukotua, Lazarragak, bi ingurune horiez gain, indikatiboan ere erabiltzen du, iragan ez-burutuan hain zuzen: nay equion nic aren contra / oy ez neducan quexaric; / ez eben gura nic aren causaz / eguin neguian negarric (B23: 31-34). Cf. halaber: suplicaetan nachaçu, Sirena ene / laztana, nai daquiçula gaur gabean / ceure aposentuco bentanara joaten (AL: 1140r), Jaicoari nai eç daquiola çu joan da ni eben guera nadila (AL: 1151v), Nachaçu suplicaetan nay daquiçula, ene peneau oneyn andia dan azquero, remedioa emun jaguite (AL: 1152r), Ceruetaco Erregueari / oy dira encomendadu / suplicaetan liçatela / nay lequiela lagundu (AL: 1154v), Enparaetan bardin bajaçu / beste çaguita çorrocic, / onen bioçau nay bequiçu / efini señaladuric (B23: 101-104). Beste inguruneetan Lazarragak ere *edun hobesten du: Bada bere, nai ez neuque, / mundu guztiagaitirren, / çuregaz ene secretoa / descubri lidin bapere(AL: 1144v), Bioçau jo deustaçu anech flechaz, / nigaz conturic eguin nay ez doçu (A17: 3-4).
gora
onezquero
‘berehala’; halakoei buruz ikusi A17: 54 bertso-lerroko oharra.
gora
quençaitea
‘kentzea’.
gora
beraro
‘bigunki, leunki’; cf. OEH, s.v.: “1 beraro, beraaro (Lar). 1. “Blandamente” Lar. 2. “(V-och), cómodamente” A”.
gora
noxbait
‘behingoz’; dirudienez, “noizbait” (noxbait, noxbayt, noxpait) bi zentzurekin erabiltzen da Lazarragaren eskuizkribuan: ‘behingoz’ (hiru aldiz) eta ‘egunen batean’ (behin, A8: 6). ‘Behingoz’ zentzua dutenetan (AL: 1146r, A17: 88 eta B27: 15) aginterazko aditz-formak dituzte beti ondotik, eta horietako batean (noxbait-noxbait,AL: 1146r) errepikapen indargarria (halakoetarako cf. Agirre Asteasukoaren adibideak, 1808 ingurukoak, apud OEH: “Idiki itzatzu bada noizbait-noizbait, kristaua, zure begiak. AA III 349. Noizbait, noizbait asitzera noa [...] kristau aziai dotrina azaltzen. Ib. 399”).
gora
banoçu sentietan
‘sentitzen banauzu’.
gora
banaçauçu
‘banazaguzu, ezagutzen banauzu’; ezagutu aditzaren Nor-Nork forma trinkoa.
gora
çaut adietan
‘aditzen zaitut, ulertzen zaitut’; çaut pluralgile gabeko laguntzailea.
gora
Ce gabilçaden beti puntuetan
‘ez gaitezen ibili beti eztabaidan’; ibili aditzaren jusibo trinkoa da; -de- morfema pluralgileari buruz, ikusi A17: 9 bertso-lerroko oharra.
Puntuetan ibili esamoldeari dagokionean, cf. gazt. andar en puntos ‘andar en diferencias’ (DRAE, s.v. punto).
gora
alcargaz
Bitan agertzen zaigu testuan elkar bihurkaria soziatibozko -gaz postposizioarekin: batean -e- epentetikoarekin (alcarregaz A13: 15) eta beste batean -e- epentetikorik gabe (alcargaz A17: 94).
gora
çuregaz
Soziatiboaren -gaz kasu-markarekin, hala genitiboarekin (-regaz) nola gabe (-gaz) erabiltzen dira pertsona-izenordainak eskuizkribuan: neuregaz (A14: 25) / nigaz (passim) / neurgaz (A16: 19); aregaz (A16: 15, A19: 24) / agaz (passim); beregaz (AL: 1143v, AL: 1144v) / beragaz (B22: 61); çuregaz (AL: 1144v, A2: 2oh, A7: 15, A16: 20, A17: 95) / çugaz (AL: 1141r, A2: 2, A7: 26, A16: 9, A26: 134, B18: 143); gugaz (A1: 1).
gora
alcar daraçagula besoetan
‘elkarren besoetan eratzanik (besarkaturik) gaudelarik’; eratzan aditzaren forma trinkoa da. Gorago (A17: 48) lerroan bildu dira halako forma guztiak, baina adierari dagokionean, B17: 46koa da honen antzekoena.
Bestalde, testu osoan -la atzizkia erabiltzen da moduzko perpausetan, perpaus nagusien osagarri zirkunstantzial gisa. Cf. Doridoc eucan esporçu guztia galduric, ecin çan lurrera, utra negar asco bere beguietati eçarten ebela(AL: 1152v); Nic laztan baçaitut, agaz beragaz / pagatu bear doçu ceure çorra, / tenplacen doçula vioz gogorra / Amore jaunaren precetuagaz (B22: 63).
gora
negar daguidanean
‘negar egiten dudanean’.
gora
çaoz
‘zagoz, zaude’.
gora
jasarriric
‘jesarririk, eseririk’; jasarri aditzaren esanahiari dagokionean, badirudi hala ‘eseri’ (A17: 99, A26: 149, B14: 49) nola ‘jarri’ (A10: 7, B5: 13, B17: 63) esan nahi duela eskuizkribuan, testuinguruaren arabera.
gora
grabedadez
‘seriotasunez’.
gora
berbaric badeguiçut
‘berbarik, hitzik egiten badizut’.
gora
poridadez
‘argi eta garbi, itzulingururik gabe’; gaztelaniaz poridad / puridad hitzak bi adiera ditu: ‘sekretuki, isilpean’ eta ‘argi eta garbi, itzulingururik gabe’; ez daude kontrajarrita, baina badirudi oraingo honetan bigarrenari dagokiola; beste adierarako ik. A7: 71.
gora
Ascotan, çu bacina pedernala, / edo ni sufriceco baninz achez!
Esaldi botiboak dira, A17: 119-120 bertso-lerroetakoa bezala: ‘Askotan, oxala zu bazina pedernala bezain gogorra, eta ni pedernalaren kolpea sufritzeko haitzez(koa) banintz!’; A17: 118 bertso-lerroarekin batera ulertu dugu esaldi hau, mutilak neskaren erdeinua eta krudeltasuna maiteko balitu bezala.
achez: ‘haitzezkoa’; -z / -zko baliokidetasunaren beste adibide bat aurkitu dugu, Oihenartena: Eztoela latsara, gatzez duena oinzolara. / N’aille à laver la lessive qui a les pieds faits de sel / Que no vaya al lavadero quien de sal tiene la planta del pie. Hain zuzen horren ondotik, atsotitz horren baliokide edo, Isastiren 18 ematen dute Oihenarten testuaren paratzaileek: Buztana lastozkoa duena suaren beldur. Lazarragaren testuan bertan honen kideko izan litekeen bat gutxienez bada: baba-zigorrez saldea (A24: 64).
gora
narru çuriac
Irudi luke narru çuriac adierazpidea nobleen larruaren kolorearekin lotuta dagoela; nobleek ez zuten lanik egiten eta, beraz, eguzkiak ez zuen haien larruazala belzten. Hortik sortu bide zen gaztelaniazko sangre azul esapidea, gero beste hizkuntza batzuetara hedatu dena; izan ere, larrua zuri-zuria izanik, zainak erraz ikusten baitira, halako eite urdinxka hartuz.
Testuan beste bi aldiz agertzen da narru çuriac sintagma, baina ez dago garbi esapide berberari dagozkion: a[y] ay ay, ene narru çuri gazteac! (B17: 57) eta Silla onetan baegoan / sei eder bat jarriric; / narru çuriac estalceraco / ez eben bestiduraric (B23: 61-64).
Cf. halaber OEHn LARRU-ZURI, L.-XURI, LARXURI, s.v. larru: “De piel blanca. Ugatz gogor, lar-xuri, / leunez balus’ iduri. ‘Ses seins fermes, à la peau blanche’. O Po 37. Jaun larru-xuriak. Balad 133. Jaun larru zuria. Bordel 95. Bilho holli, larrü xuri eta begi ñabarra [umen düzü agota]. ChantP 174. Bata larruzuri, illegorri, bestea beltxeran. Or QA 45. De raza blanca. Larru zurien ostatuetan.Larz Iru 64. “Haritz larru zuria, chêne à écorce blanche” H.”
gora
ni[c]
Ergatibo-faltari dagokionean, cf. inor[c] (AL: 1145r, A28: 147), ni[c] (A7: 38, A17: 107, B3: 34), neur[c] (A9: 19), eta ar[c] Sasiolakoarenean (B30: 86).
gora
narabilçuna leguez
‘narabilzun legez, narabilzun bezala’; behin baino gehiagotan dago eskuizkribuan “aditza + -na leguez” (AL: 1142r, 1151v, A17: 109, B5: 27); baina badago “aditza + -n leguez” ere (B4: 1, B18: 74).
gora
benturaetan
‘menturaz, beharbada’.
gora
amazona
Amazonek emakume gerlarien herria osatzen zuten, greziar mitologiaren arabera. Lazarragak zalantzarik gabe ezagutzen zuen Crónica Troyana (Lisboa, 1490) liburuan, hiru titulutan agertzen dira (36., 37. eta 80. tituluetan); orobat ezaguna bide zuen Orlando Furioso (1549) gaztelaniaratuan ere agertzen dira; baina are gai topikoa zela ere esan daiteke XVI. mendeko literaturan orohar, eta bereziki zalduntza-liburuetan (cf. Marín Pina 1989).
gora
sarçaiten da
‘sartzen da’.
gora
asco
‘jende asko’ hain zuzen.
gora
dichoso desdichaetan
esaldi hau A17: 103-104 bertso-lerroekin batera ulertu dugu, neskaren erdeinua maiteko balu bezala. Cf. ap. CORDE: “Pues soy el prínçipe de todo hombre atribulado, aunque quieres, no puedes escapar de mi señorío, porque si tú te quexas ser desdichado en dichas, yo me preçio ser dichoso en desdichas” (Fr. Antonio de Guevara, 1528, Libro áureo de Marco Aurelio).
gora
Nic ayn on baneu bozau
‘Oxala nik ahots ona banu!’; esaldi botiboa da, A17: 103 eta A17: 104 bezala.
gora