Secciones
Referencias
Resumen
Servicios
Descargas
HTML
ePub
PDF
Buscar
Fuente


Captain Fantastic (2016). Matt Ross
Papeles del CEIC. International Journal on Collective Identity Research, no. 2, p. 16, 2018
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea

Crítica audiovisual

Los contenidos de Papeles del CEIC se distribuyen bajo la licencia Creative Commons Reconocimiento-NoComercial-SinObraDerivada 3.0 España (CC BY-NC-ND 3.0 ES)
Ross Matt. Captain fantastic. 2016. Amerikako Estatu Batuak. Electric City Entertainment / ShivHans Pictures. 118

Sarrera

Globalizazioa, kontsumismo masifikatua, kapitalismo basatia, bortizkeria, manipulazioa, armen ugaritzea, arrazakeria eta alienazioa dira nagusi erritmo bizkorrean eraiki dugun mundu berri eta zaratatsu honetan. Paradigmen aldaketa honek bigarren iraultza indibidualista ekarri duela esan dezakegu eta hedonismoa eta plazerra legitimatu direla, gizakiak lanaren truke bere gorputza saltzen duen bitartean. Honela, gizarte postmodernoa etengabeko kontraesan eta deshumanizazioaren barruan aurkitzen dugu, kapitalismo gosetia asetzeko asmoz. Gaitz hauetatik urrun, Washingtoneko baso galduetan aurkitzen ditugu Captain Fantastic pelikulako protagonistak, Ameriketako gizarte gaixotik alde egiteko asmoarekin. Ben Cash-ek eta Leslie Cash-ek, haien seme-alabei filosofia eta biziraupenean oinarritutako hezkuntza ematea erabaki zuten herrialdeko hezkuntza ereduetatik aldentzeko. Honela, filmeak bizitzeko eta ikasteko modu berriak planteatzen dizkigu, giza interakzio, bizitza beraren ikuspegi eta balore berriak ezagutzen ditugun bitartean.

Pelikularen hasierak Cash familiaren errutina aurkezten digu irudien bitartez. Bertan, beraien bizitza, anarkikoa, basatia eta primitiboa balitz bezala aurkezten zaigu, mundu naturalean oinarritua. Ben eta Leslie-ren asmoa, bere burua asetzen duen paradisu autogestionatu bat sortzea zen, zibilizaziotik urrun eta Noam Chomsky-ren teoria antikapitalistak erreferentziatzat izanik. Jaten duten janaria eurak ehizatzen eta prestatzen dute, entrenamendu gogorrak jasaten dituzte indartsu eta sasoian egoteko eta seme-alabek liburu mordoa irakurtzen dute euren hezkuntza ahalik eta gehien garatzeko. Honela, erabateko isolamenduan bizi dira, guk ezagutzen dugun munduan gizarteratu gabe baina intelektualki oso aurretuak egonda. Hala ere, Leslie-k, zuen gaixotasun psikologiko baten ondorioz bere buruaz beste egiten du, familian kaosa eta apurketak sortuz. Ben eta Jack-ek (Leslie-ren aitak), telefonoz eztabaidatzen dute aitak bere alabaren heriotza leporatzen diolako eta hileta kristau bat ospatu nahi duelako, nahiz eta Leslie-ren desira errausuta izatea zen. Bien arteko liskarraren ondorioz haserre, Ben-i hiletan agertzea debekatzen dio aitak, atxiloketa batekin mehatxatuz. Hasiera batean ez joateko erabakia hartu zuen arren, azkenean joatea erabakitzen du eta Ben Cash eta bere sei seme-alabak, berauena ez den mundu batean murgildu behar izango dute hiletara joateko. Bidean zehar haien bizimodua zalantzan jarriko duten hainbat pertsona nahiz oztoporekin egingo dute topo eta beste hainbat ideia berri ikasteko aukera izango dute.

Pelikularen premisa azalduta, zenbait gai interesgarri lantzen direla deritzot: hala nola, maitasunaren kontzeptua (erromantiko nahiz familiarra), giza-harremanen eraikuntza, Ameriketako gizarte kontsumista eta balore alternatiboak, autonomia, tabuak, hezkuntza eredu ezberdinak eta dependentzia. Kontzeptu hauen azterketa soziologikoa hainbat autore ezberdinen azalpenekin baliatuz garatuko dugu.

Maitasuna pelikulan zehar modu ezberdinetan agertzen da. Izan ere, hainbat pertsonaiek era ezberdinetan bizi edo ulertzen dute eta irakurketa ezberdinak egin ditzakegu bertatik abiatuta. Hasteko, Leslie eta Ben protagonistaren maitasunezko istorioa dugu. Leslie, nahiz eta filmean gertatzen diren ekintzen eragilea izan eta bertan presentzia handia eduki, ez da orainaldiaren partaidea (bere buruaz beste egin zuelako eta pelikula hasten den momentutik agerpen fisikorik egiten ez duelako). Hala ere, berak bizitza hartzen du seme-alabek, aitak eta bestelako senitartekoek duten elkarrizketetan eta memorietan eta indar handia duen pertsonaia izango da, pelikulan erakusten duten psikologia garatu bat duen pertsonaia bait da, konplexua. Beraz, Leslie, orainaldian ekintzak bideratzeko indarra duen iraganeko pertsonaia da (bere hiletara joateko bidea delako pelikularen haria alegia) eta iragana eta orainaldiaren arteko nahaste interesgarria gertatzen da. Hasiera batean, Ben eta Lesliek maitasun erlazio idiliko bat dutela dirudi, ilusio handiko gazteak izanda, maitemindu eta basoetan era natural eta filosofiko batean bizitzeko iniziatiba izan duten maitaleak direlako. Bertan beraien baloreetan oinarritutako familia handi eta bateratu bat eratzen dute eta seme-alaba bakoitzak eurek asmatutako izena jasoko dute, gizarte normatiboak agintzen duenetik aldenduz. Oso erromantizatua egon daitekeen ideia dirudi, sistemaren aurkako bizitza erreboluzionarioa maitasunarekin lotzen badugu.

Maitasuna eta dohaintza batera joan daitezkeela uste dut kasu askotan, izan ere, gertatzen da maitasunaren ondorioz faboreak egiteko premia izatea, eta pelikula honetan hori agertzen dela esango nuke, pelikularen zentzua bera maitasunaren ondorioz egiten den fabore bat delako. Maitasuna bera ere askotan dohaintza izan daitekeela pentsatzen dut; maite dezakegu maitatzeagatik baina beti trukean zerbait jasotzea espero dugu, ondasun materialak edo balore afektiboa duen maitasuna den bezalako sentimenduren bat adibidez. Bikote bat osatzen denean sentimendu erakusketa edo honen adierazgarriak elkarrekikoak izan behar dira, bestela desoreka bat sortu daiteke eta bikote harremanarekin bukatu.

“Haiek zaindu behar dituzu nire ordez”

Leslie hil eta bere senarrak bi fabore betetzeko ardura du bat-batean: alde batetik dituzten seme-alabak bien arteko akordioaren barruan hezitzen jarraitzeko premia eta, beste alde batetik, Leslie-k bere testamentuan idatzitako desioa betetzea: hileta kristau bat izan ordez bere fede budistarekin fidela izateko errausketa izatea. Bi fabore hauek dira gure protagonistak, Ben eta bere familia, pelikulan zehar mugiaraziko dituztenak. «Haiek zaindu behar dituzu nire ordez» esaldia erabiltzen du Lesliek pelikulan, hau, Ben-ek duen amets batekoa da, non Leslie-k beraien familia zaintzeko eskatzen dion. Amets hori ez da erreala, Leslieren proiekzio ilusiorio bat besterik ez da, errealitatetik kanpo dagoen irudi faltsua, hala ere, protagonistaren buruak esaten dion zerbait dela susmatu dezakegu, berak barruan duen ardura da, Leslie-ren forma hartzen duena beregana heltzeko eta azaleratzeko. Esan dezakegu bere kontzientziak oihukatzen dion ardura moral bat izan daitekeela eskakizuna, maite duen emakumearekiko konpromesua. Bi fabore hauek izango dira maitasunak eragindako dohaintzak edo fabore sozialak.

Mauss-ek (Bestard, 1998) bere lanean esaten zuen bezala, dohaintzak izaera paradoxikoa du: izaera altruista edo boluntarioa izan arren eginbeharra bilakatu daiteke, hau da, interes batzuk lortzeko bidea izan daiteke. Beraz, libreki eta doan egiten ditugun ekintza apal hauek gure interes propioak asetzeko erabilgarriak dira. «Jasotzeko eman» esaldiak defini dezake dohaintzak izan dezakeen trukezko izaera hau, Mauss-ek defendatutakoa. Bere iritziz, ez da dohaintza librerik existitzen, onarpen soziala eta fabore beraren itzulera trukean espero bait dira. Dohaintzaren logikan pertsona beraren onarpena eta ohorea sartzen dira, pertsonaren isla publikoa izango direlako eta komunitatearentzat ikusgarria izango delako, kasu honetan familiarentzat ikusgarria eta aitortua. Modu honetan ikus dezakegu protagonistak umeen zaintza eta hezkuntza betebehar moral bezala ikustea, guraso eta tutore den heinean bere betebeharra izateaz gain bere emazteak eskatutakoa betetzeko ekintza delako, kontzientzia lasaia izateko nolabait. Horrek ez du esan nahi modu kontziente batean berekoia denik, bere asmoak guztiz desinteresatuak badirela pentsa dezakegulako, hala ere, betebehar moralaren ukapena egia ukatzearen parekoa izango litzateke.

“Bere memoria ohoretu nahi dugu. Egin dezakezun gauzarik txikiena da”

Leslie-ren heriotzaren arrazoi konplexuak direla eta, bizimodu hori eramaten zoriontsua ez zela uste dute bere familiakoek eta bere senarrari botatzen diote horren errua. Orduan Ben-ek badu bere gain egunero sufritzen duen zama eta erruduntasun sentimendua. Nahiz eta Ben-en eta Leslie-ren basoetara bizitzen joatea erabaki adostua izan, familiako batzuek Leslieren eskutitzak jaso zituzten, non bizimodu horren kontra egiten zuen batzuetan (bere amak adibidez). Ben-en kontra dauden familiakoren artean, hiletara joatea debekatzen dion Leslie-ren aita dugu (bere alabaren heriotzaren erruduna dela konbentzituta bait dago), Leslie-ren ahizpa eta haien semeetariko bat. «Bere memoria ohoretu nahi dugu. Egin dezakezun gauzarik txikiena da.» esaldia semeak berak esaten dio aitari, azken honek hiletara joan nahi ez duenean dugu.

Jack-ek, Leslieren aitak, Ben eta Leslie-ren seme-alabek jasotzen duten tratua ez dela umeentzako egokia uste du eta berak etxebizitza tradizional bat eskaini nahi die bere emaztearekin batera, bestelako umeak bezala hezi ahal izateko. Honako hau da Ben-en beste arazoetariko bat, berak ez ditu umeak galdu nahi eta haien aitonak honela, mehatxu bat suposatzen du, berak eta Leslie-k osatu zuten bizitza apurtu dezakeen kanpo mehatxu bat. Beraz, Rellian aitak agindutako labar bat igotzen zuen bitartean zauritua geratzen denean, aitonarekin bizitzera joateko eskaera egiten du, bere aitak duen ideologia jarraitu nahi ez duelako, haserre dagoelako. Ikusi dezakegu Ben-ek esfortzu handiak egiten dituela semea berreskuratzeko, Leslie-ri egin zion nolabaiteko promesa ez apurtzeko. Horrenbestez porrota izango da umeak aiton-amonen eskuetan uztea, fabore katea apurtuko delako eta bere hitza beteko ez duelako. Konnotazio erlijiosoak ere baditu dohaintzaren gai honek; balore erlijiosoak bait ditu mesedeen kontuak. Erlijio kristauan adibidez, bizitzan zehar apalak eta eskuzabalak izateko eskatzen dio gizakiari, bere ingurukoekin ona izatea eta maite dituenak zaintzea, baina trukean zerua emango dio. Orduan eskuzabaltasuna eta mesedeak, zerura ailegatzeko bitartekari bezala ikus ditzake gizakiak. Beste pertsonak enpatiaz eta atentzioz zainduko ditu horrek bera ondo sentiarazten duelako, azken finean besteak laguntzeak norberak poztasuna lortzeko balio duelako. Dohaintza orduan altruismo moduan interpretatu dezakegun arren beti egongo da beste interes batzuekin batera.

“Zuk irakatsitakoa barneratzen duten arren, ez dira inoiz mundu errealean bizitzeko gai izango”

Autogestioan oinarritutako bizileku utopikoa sortu nahi zuten Ben eta Leslie-k, Platon-en Errepublika ([380 a. C] 2003) lanean deskribatzen den paradisua imitatuz eta haien seme-alabak filosofo errege modernoak bilakatzeko ingurugiro aproposa eratuz. Filosofo errege bilakatzeko, Platon-ek haien hezkuntza nolakoa izan behar zen deskribatzen zuen bere liburuan Carlos García Gual (1997): hemezortzi urte bete arte lehen hezkuntza orokorra eta bi urteko entrenamendu fisiko gogorra izatea idatzi zuen. Froga horiek guztiz gainditzen zituzten gazteek, hamar urteko hezkuntza matematiko zorrotza jasoko zuten eta hori ere zeharo gaindituta zutenean bost urteko dialektika klaseak jasoko zituzten. Polisa gobernatzeko hamabost urte iraungo duen fase final bat badago. Hezkuntza luze hau bukatutakoan, errege filosofoek Ongiaren Ideia ulertuko dute azkenean. Seme-alabek gizartetik kanpo Ongiaren ideia ezagutzeko asmoa zuten Leslie eta Ben-ek.

Ukatu ezin daitekeen autonomia du Cash familiak haien basoetako bizimodua eramaten dutenean. Baina, nor izango da autonomoagoa, basoetan produkzio autogestionatu bat eramaten duen familia edo hirian gizarteratuta dagoen beste familia? Mendietan orientatu daitekeena edo hipermerkatu kapitalista batean erosketak egiten dituena? Ehizan egiten duen familia edo diru-sarrerak lanaren bitartez lortzen dituena? Galdera honi erantzuna emateko autonomia guretzako zer den jakin behar dugu, edo kasu honetan autonomoa izateko zeri ematen diogun garrantzia edo pisua. «Zuk irakatsitakoa barneratzen duten arren, ez dira inoiz mundu errealean bizitzeko gai izango» Jack-ek Ben-eri esaten dion zerbait da, Rellian semeak haien etxean geratu nahi duenean.

Alde batetik, Cash familia autonomoa dela deritzot sistemak inposatutako merkatutik aldentzen delako eta bizirauteko moduak aurkitzen dituztelako merkatu libretik at. Izan ere, komertzio internazionalaren, kapitalaren mugimenduen eta migrazio masiboen fluxuak areagotu egin ziren globalizazioarekin batera eta horrek merkatu mundialaren sorrera ekarri zuen. Aldi berean, globalizazioak produkzio eta komertzioetan aldaketa estrukturalak ekarri zituela nabarmena da, espezializazio ekonomiko internazionala ahalbidetuz. Honek esan nahi du indibiduo, herrialde edo nazioek produzitzeko ahalmena dutena produzitzen dutela aukera kostu baxuekin eta besteekin merkatu harremanak dituztela haien produkzio nahiz kontsumoa handituz. Honela, globalizazioarekin batera mundua interdependiente bilakatu da, gaur egungo merkatu liberalak izaera internazionala duelako. Beraz, pertsonek frontera nahiz mugak dituzten bitartean, diruak era askean mugitzeko ahalmena du. Interdependientea den mundu honetan lanak langilea alienatuko du, langileak soldata beharko du kapitalismoak ezarritako bizitza inposatu eta nahitaezkoa izateko eta indibiduoak ez du izango bere buruarekiko autonomiarik. Cash familia ekonomikoki autonomoa izango da sistemaren aurkako funtzionamendu alternatibo eta etiko bat aurkitu dutelako, Leslie-ren familia, berriz, dependentea, merkatuarenganako menpekotasun harremana duelako. Kontsumismo masiboak ekarri duen deshumanizazio eta kreazio masibotik urruntzea lortu dute Cash familiako kideek, lana haien onurarako erabiliz, ez diruaren truke; lana haiena izango da azkenean.

Bestalde, gizarteratzeko gaitasuna, sentimenduen gestioa eta merkatuan parte-hartzea autonomotzat hartzen badugu, Cash familiako hainbat kide ez dira hain autonomoak izango. Lehenengo, esan beharra dago Cash familiaren barruan botere-harreman nabarmenak daudela kideen artean eta gurasoak izan ezik, seme-alabek ez dutela bizimodu hori jarraitzerik eskatu, ia nahitaez jarraitu behar dute, biderik egokiena delakoan. Hori dela eta, Ben izango da figura paternalista, liderra eta erabakien gestioa izango duena, berak jakingo du zer dagoen gaizki eta zer ongi, nola eta noiz egingo diren gauzak eta zer nolako erritmoan. Azken honek dependentzia bat sortuko du seme-alaben eta aitaren artean, aitaren alboan beste kideak ahuldu egingo direlako eta lidergotzak banatutako bi maila sortzen zaizkigu honela. Homeschooling delako iniziatiba horrekin gainera, aitak seme-alabekiko botere gehiago izango du, bere pertenentzia izatera igaroko balira bezala nahiz eta asmoa posesio hori sortzea ez izan. Hala ere, aita guraso eta irakasle bilakatu zaigu, umeak babestu behar dituen figura xamurra, alde batetik, eta bideratzaile intelektuala, bestetik: bi figura autoritario irudikatzen ditu beraz.

Atal honen izenburuko esaldian aipatzen den mundu erreala delako kontzeptu hori orduan, hiri edo mendia den ezin dugu jakin. Mendi edo ingurugiro basati eta natural bati egiten badio erreferentzia, Cash familia izango da autonomoa, eta aldiz aurkakoari egiten badio erreferentzia, ekonomian murgildua dagoen gizarte moderno bati, Leslie-ren familia izango da autonomoa.

“Liburu batean agertu ez bada, ez dakit ezer bizitzari buruz”

Hainbat pertsonaietan autonomia falta sumatzen dugu, gizarteratzearekin batera askatzen gaituzten elementuak faltan botatzen dituztelako. Esaterako, seme nagusiak, «Liburu batean agertu ez bada, ez dakit ezer bizitzari b» dio pelikularen momentu batean, bere aitari unibertsitatera joan nahi duela esaten dionean eta honek jada hori baino jakintza gehiago duela erantzuten dionean. Filmean ikusi dezakegu nola Bodevan-ek ez dituen bere emozio berriak ondo kudeatzen eta afektibitate erakusketak ez dituela ondo prozesatzen, gizartean egingo genukeen bezala. Gizakiak gizarteratu beharra du aske izateko. Autonomiak esan nahi du indibiduoa independentea izatea, buru askia eta bere kontutik bizitzeko gaitua dela eta norbait dependentea izango da ahultasuna duenean, bere burua zaindu ezin duenean edota hirugarren baten beharra duenean (Martín-Palomo, 2010). Nahiz eta Bodevan-ek kasu honetan fisikoki gaitasun handiak eduki, emozioen alorra ez du hainbesterako garatu eta pelikulan ikusi dezakegu ezagutu berri duen neska bati musu bat eman ondoren ezkontzeko eskatzen diola. Sentimenduen aldeko hezkuntza eza garbi ikusi dezakegu eta ondorioz, gure gizartean bizitzerako orduan guztiz baliogabetua geratzen da, ahul eta galdua, indarra izan arren bertan beharrezkoa ez den zerbait delako.

Beste alde batetik, maitasunaren gaia guztiz soziala dela agerian uzten du Pilar Sanpedrok (2004). Kontzepzio guztiz ikasia eta denboran zehar gizarteak eraikia eta maitasunari buruzko definizioa kulturala izanik, herrialdearen edo garaiaren arabera sentimendu berdinaren gestioa, interpretazioa eta balioa ezberdina izango dela ikusten dugu. Korronte feministek maitasun erromantiko tradizionalaren kontra egiten dute, sentimendu honen ikuspegi androzentrikoaren aurka. Teoria feministak aurrera doaz eta pixkanaka gure garairako definizioa aldatzeko esfortzuak aurrera doaz, merezi dugun eta legitimoa den berdintasuna bilatuz. Beste autore batzuk azpimarratzen dute gizarte postmodernoan erlazioek izaera iheskorra dutela, arina, gizarte modernoa den bezalakoa (Bauman, 2009). Hori dela eta egon daiteke Bodevan amodio kontuetan galdua, gizarteratze prozesua egin ez duelako eta maitasun erromantikoa liburuetan soilik ikusi duelako. Hain soziala den zerbaitek gizartean bakarrik izango du zentzua, gizartetik at ez delako existituko.

Beraz, pelikulako pertsonaiek duten autonomia falta sistema beraren akatsa dela atera daiteke ondorio gisa, izan ere, inposatu diguten bizimodua jarraitu nahi ez bada, automatikoki ez da baliagarria edo gizartearentzako produktiboa izango eta honekin desbalidatu egiten da eredu berria, ez da gizartearen begietan existitzen. Hori gertatzen da produktiboak izango ez diren pertsonekin (aniztasun funtzionala duenak, adineko pertsonak, etab.), merkatuan parte-hartuko ez dutenak baztertu egiten dira, produkzioarekin itsututa dagoen sistema batek bere makinaria funtzionatzeko piezak besterik ez dituelako bilatzen.

Dohaintzak bestalde, gizartean erlazionatzeko moduak direla deritzot, elkartasuna era positibo batean erakusteko metodoa eta interes batzuk lortzeko balio dutenak. Maitasunak eta bestelako harreman interpertsonalek beti izango dute dohaintza oinarri, erlazioak elkartrukeak direlako gure gizartean, baina modu positibo batean ulertu behar ditugun elkartrukeak, «jaso eta eman».

Erreferentziak

Bauman, Z. (2009). Amor líquido. Acerca de la fragilidad de los vínculos humanos. Ciudad de México: Fondo de Cultura Económica.

Bestard, J. (1998). Parentesco y modernidad. Barcelona: Paidós.

García Gual, C. (1997). Enciclopedia Iberoamericana de Filosofia. Historia de la filosofía Antigua. Madrid: Trotta.

Legarreta, M. (2008). El tiempo donado el en ámbito doméstico. Reflexiones para el análisis del trabajo doméstico y los cuidados. Leioa: UPV-EHU Press.

Loser, J. (2016). Captain Fantastic, pedagogía ácrata. EspinOF. Disponible en: https://www.espinof.com/criticas/captain-fantastic-pedagogia-acrata. Última consulta: 18-08-2018.

Martín-Palomo, Mª. T. (2010). Autonomía, dependencia y vulnerabilidad en la construcción de la ciudadanía. Zerbitzutan, 48, 57-69.

Platón (2003). Diálogos. Vol. IV: República. Madrid: Gredos.

Sanpedro, P. (2004). El mito del amor y sus consecuenciasen los vínculos de pareja. Pensamiento crítico. Disponible en: http://www.pensamientocritico.org/pilsan0704.htm. Última consulta: 18-08-2018.



Buscar:
Ir a la Página
IR
Scientific article viewer generated from XML JATS4R by