Carlos Santamaría y su obra escrita

 

Inportantzia handiko ehun urteko bat

 

Anaitasuna, 198 zk., 1970-10-30

 

    Victor Manuel eta Garibaldiren tropak Erromara sartu zirenetik lehen ehun urtekoa izan da oraindik orain.

    Izan ere, 1870. urtean, urriak hogei egun zituela, italiarrek bretxa ireki zuten «Porta Pia» delakoan; eta Aita Sainduak, «Quirinale» jauregia utzita, Vatikanoan sartu behar zuen, bere burua gatibutzat jarririk.

    Ehun urteko hau kasik ohargabe iragan da, hainbeste gudu eta gertakariren artean; baina bere inportantzia ba du, dudarik ez, gaurko Elizaren kenkarekin zerbait —bai eta asko ere— zer ikusirik duelako.

    Esan dezagun bidenabar, Elizaren kenka garrantziduna dela, ez bakarrik kristauentzat, bai eta munduko hiritar guztientzat ere. Modu berean, komunisten aldaketak eta gorabeherak guztioi interesatzen zaizkigu, eta are gehiago kristau garenoi.

    Eliz krisien aurrean bildurrik daude kristau asko. Fedearen sailean dena galdurik dagoela uste dute, zeren Elizaz eratu zuten irudia hautsita baita.

    Agustin Sainduaren eskutitz batzuetan irakurtzen denez, holako zerbait gertatu zen bostgarren mendean, Erromako inperioaren galtzapena eta hondamendia kristautasunaren bukaera iruditzen zitzaielako kristau askori. Eliza eta Erromako inperioa bat zirela uste zuten, orain Eliza eta zibilizazio burgesa gauza bera direla kristau askok uste duten bezalaxe. Bata bestea gabe iraunkor izatea ezin uler dezakete.

    Gaurko egunean Eliza pobre bat eskatzen dugunok, hainbeste bidegabe, maltzurkeria eta konpromisotatik libre izan dadin Eliza bat eskatzen dugu. Baina eskari honek ohitura txar eta aurreritzi askorekin egiten du topo. Honelako aldakuntza hau oso gaizki ikusia da, munduko boterea maneiatzen dutenen aldetik batez ere. Beren makinaren errota edo engranaje bat gehiago izan dadin Eliza bat oso pozez onartzen dute. Baina injustizia eta opresioa argi eta garbi kondenatzen duen benetako Eliza libre bat ikusi ere ez dute gura.

    Hortik omen dator kontserbadore batzuen bildurra. Berauek uste dute, fede guztia galduko dela, erlijioak forma berriak hartzen baldin baditu, eta, batez ere munduko boteretsuen faborea edo laguntza Elizak galtzen baldin badu.

    Lehen mintzatu gara Erromaren ehun urtekoaz. Gaurko egunean ez gara konturatzen, sakrilegio hark kristauen artean orduan egin zuen zarrastadaz. Orduko eliztarrek uste zuten, Vatikanoko Estaduak beharrezkoak zirela, kristautasunak iraun zezan.

    Urte askogarrenean ere, beti esaten zitzaien umeei eskoletan, Aita Saindua giltzapean zegoela; eta haren liberazio eta askatasunaren alde otoitz egiten zen elizetan. Baina, orain, ehun urteko honetan, Erromaren galtzea «probidentziaren xede eta deseinu bat» izan zela esan berri du, Paulo VI.aren izenean, Dell'Acqua kardinalak, eta gertakari horrek Elizari «gaurkotasunaren kontzientzia hartzera lagundu ziola» esan ere.

    Orduko deihadarrak eta madarikazioak bukaturik daude. Gure egunotan, Aita Saindua Mediterraneoko Estadu baten errege izatea gauza zentzu gabeko bat izanen lizateke.

    Garbi ikusten da orain, Aita Sainduaren Estadu denboralak guztiz kaltegarriak zirela Elizaren egiazko misiorako. 2000. urteko kristauek ere guk baino hobeki ulertuko dute, Elizak denborako aparatu guztia alde batera uztea komeni zela.

    Bide horretatik, Eliza garbituta, sendotuta eta askatuta aterako da gaurko kenkatik, nahiz eta denbora honetako botereen aldetik guztiz gabetuta gelditu.

 

  • El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).

  • Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).

  • Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).

  • Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).

Nodo: liferay2.lgp.ehu.es