Carlos Santamaría y su obra escrita

 

Klase burruka dela eta

 

Anaitasuna, 246 zk., 1972-12-30

 

    Frantziako apezpikuek idazki harrigarri bat argitaratu berria dute. Idazki horretan, gai asko haintzakotzat hartzekoak dira noski. Klase burrukari dagokiona ez da txikiena, ordea.

    Gertaera berri baten aurrean gaudela diote apezpikuek, zenbait kristauek —langile, baserritar, intelektualek—, beren problemak azaltzeko, klase burrukaren hizkuntza erabiltzen dutelako. «Klase burruka» hitza, beren egoera adierazteko oso egokia dela uste dute kristau hauek. Are gehiago, klase burruka delakoaren bitartez egindako analisia, gizarteko zuzengabekerien mekanika ulertzeko bide on bat izan daiteke.

    Batere dudarik geldi ez dadin, honako hau ere diote apezpikuek: «Aipatutako kristauek, analisi hau egitean, Marxen esannahia ezartzen diote, besteak beste, klase burrukari».

    Guzti honek ez du esan nahi, jakina, apezpikuek Marx eta Engelsen dialektika materialista delakoa onhartzen dutenik, idazkia zehatz irakurtzean ikusten denez. Baina zabaltasunak bukaerararte irauten du.

    Gaur egun, Marxen analisiaren utilitatea ezin dezake inork uka. Marxen aurkiberrien aurrean ikusi eta itsu egitea, sinplekeria besterik ez litzateke izanen. Baina sinplekeria gauza bat da, eta sinplifikaziokeria beste gauza desberdin bat.

    Funtsik gabekoa da, gaurko munduan gertatzen den guztia klase burrukaren arabera esplikatzen saiatzea. Horrez gainera, ba daude beste indar batzuk ere, historiaren lapiko handian jokatzen dutenak. Nazioak, arrazak, ideologiak, erlijioak, ez dira guztiak ekonomiaren ondorea, marxista batzuek sinesten omen duten bezala.

    Hau ematea ere, zientziazko jarrera bat da. Dirudienez. Engelsek berak ere ba zekien zerbait horretaz, 1872. urteko maiatzean Bloch jaunari bidali zion eskutitzean ikusten denez: «Marx eta biok errudunak gara, batzuetan gazteek ekonomiazko kausari garrantzi gehiegia ematen diotelako. Geure orduko eztabaidetan ez genuen astirik izaten, ez eta lekurik eta garairik ere, beste faktoreei dagokien tokia emateko. Zoritxarrez, teoria berri bat ongi ulertutzat ematen da batzuetan; baina haren printzipio nagusiak ez dira ondo ulertzen».

    Sobera dakigu, eskutitz honek tinta franko isur erazi duela. Baina, dena dela, hor dago; eta inork ez du ukatuko, Marxek eta Engelsek gauzak pixka bat korapilotsuagoak ikusten zituztela, gazte askok baino.

    Sinplifikazioa da, beldurrik handiena ematen didan gauza. Arrazoia du Bachelard filosofoak zera dioenean, zientzi sailean sinplea ez dela esistitzen, sinplifikatua baizik. Hau ere jakin behar da; eta kontuz ibili behar da, zientzia erabili nahi izaten denean.

    Â«Beldur zaitez liburu bakarreko gizonaz» esan ohi zuten erromatarrek. Gure artean ere, nahiz eskuin nahiz ezker, sinplifikatzaile asko omen dabil. Eta «liburu bakarreko gizon» asko.

    (Neure buruari galdera bat egiten diot: «Hau ere ez ote da 'euskal primitibismoaren' seinale bat izango»?).

 

  • El sistema de búsqueda busca una sucesión de letras dada (no funciona con lematizador y no realiza análisis lingüístico).

  • Busca las formas que comienzan con la sucesión de letras dada, y no contempla dicha búsqueda en interior de palabra (el resultado de la búsqueda barc será barca, barcos, Barcala, Barcelona, barcelonesa..., pero no embarcación, embarcarse...).

  • Se pueden buscar sucesiones de palabras (pacifismo cristiano, por ejemplo, o partido comunista francés).

  • Es posible especificar el corpus: solo en textos en castellano / solo en textos en euskera / en todos los idiomas (euskera, castellano y francés).

Nodo: liferay2.lgp.ehu.es