Karlos Santamaria eta haren idazlanak

 

K. Santamaria: «Gerrak ezabatzearen aldeko burrukak denbora asko hartu dezake, baina ezin dugu etsi»

 

Deia, 1991-01-20

 

Joseba Etxarri

 

Intelektual donostiarrari gertagarria iruditzen zaio herrialde islamiarrak elkartzea eta fronte bat osatzea mendebaldearen aurka.

 

    Â«Humanitateen atzerakada» salatu eta bizi garen gizarte postmodernistan «moralak eta etikak beren lekua berreskuratu behar dutela» aldarrikatzen du Karlos Santamariak. Kristau pertsonalista, bakearen aztertzaile eta pazifista komentzitua, Eusko Ikaskuntzak «euskal kulturaren alde emaniko bizitza osoko bere lanagatik» eman berri dio «Manuel Lekuona 1991» saria. «Jakin»ek ere, bere aldetik, omenaldi modukoa eskaini dio bere azken alean. Pasa den abenduan 81 urte eginak dituen intelektual donostiar honekin mintzatu gara egun-egungo gaiez.

 

    Kurrikulum luze bezain trinkoa darama bizkar gainean Karlos Santamariak. Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiko kide, doktore da Zientzia Exaktutan. Estatistika eta algebra lineal irakasle ohia Donostiako EUTGn, makina bat lan egin izan du euskararen eta Unibertsitatearen alde. Donostiako Ikasketa Zientifikotarako Erakundeko bultzatzaile, Petrokimika Fakultateko kontseilukide, Santo Tomas Lizeoko sortzaileetakoa, Donostiako Nazioarteko Solasaldi Katolikoetako zuzendaria, Pax Christi-ko nazioarteko idazkaria eta Eusko Kontseilu Nagusiko Hezkuntza sailburua ere izan da.

    Ikerketa anitz egin du, bestalde, gizarteaz eta bakea eta armei buruz. Argitaratu dituen liburuen artean «Jacques Maritain y la polĂ©mica del bien comĂșn», «Espiritualidad y polĂ­tica», «L'Ă©tat idĂ©al», «El desarme nuclear», «La Iglesia hace polĂ­tica» eta «Research of a Concept of Peace» aipa daitezke. «Zeruko Argia»n, «Jakin»en eta «Anaitasuna»n ere idatzi zuen, besteak beste.

 

    Pazifistatzat definitzen duzu zeure burua. Jende mota elkarrengandik arrunt desberdinak entzuten ditugu pazifistak direla esanez. Zer da zuretzat pazifista izatea?

    Nire ustez, pazifista izatea erizpide bat, kriterio bat izatea da historiaren aurrean; jarrera bat hartzea gizakien arteko gatazka guztien aurka eta arrazoiaren alde. Izan ere, gauzak arrazoiaren bidez konpontzen dira egiazki eta ez bestela; burrukak, ahal delarik, uxatu eta baztertu egin behar dira. Jakina gizakia gauza txikia dela, eta pertsona bakoitzaren iritziak ez duela oihartzun handirik, baina kontzientziatzeak eta denek batera jokatzeak ekarriko digu oihartzuna. Pazifismoak, beraz, aktiboa behar du izan. Helburuak, urrun ikusten badira ere, ezin dira alboratu. Ezin da «Gerrarik ez» oihukatu eta gero, uzkurtuz, «egin dezatela nahi dutena»rekin jokatu.

 

    Badirudi insumisioaz ari zarela.

    Nik sinpatiaz ikusten ditut insumiso eta eragozleak. Ez da eurena jarrera erraza. Bide bat da, jarrera aktiboa armada guztien aurka, pentsamolde eta joera militaristak baztertzen joan gaitezen.

 

    Posible al da hori? Gaia aipatutakoan, utopia hitza atera ohi da sarritan.

    Nik uste dut posible dela. Ez da bapatean egingo, jakina, baina egingo da. Arazoa da indar handiak daudela gerraren alde: armagileak, indar ekonomikoak... Indar horiek, isilka, gerraren alde ari dira. utopia aipatu duzu. Errealitatea ukatzea da utopia. Nik, ordea, ez dut errealitaterik ukatzen. Errealitatetik abiatuz, bakearen ideiak defendatzen ditut.

 

    Bazirudien mugimendu pazifistak eta bakearen baloreak aurrerakada nabariak egin zituela, baina berriz ere erori da gizakia gerlaren amildegian.

    Hala da tamalez. Baina kontuan hartu errealitate historikoa konplexua dela oso. Historia gauza xinplea bailitzen hartzen du askok, eta ez da honela. Esate baterako, zenbat jende egon da historian zehar esklabutzaren kontra? Eta noiz lortu da ezabatzea? Duela oso gutxi. Orain inork ez du pentsatzen esklabutza berriz ere etorriko denik. Beste esklabutza formak izango dira, baina aldaketa, nabaria izan da, nahiz eta horrek denbora asko hartu duen. Gerrak ezabatzearen aldeko burrukak ere, denbora asko hartu dezake, baina ezin dugu etsi.

 

    Beldur ginen Golkoan hasi zitekeen gerlaz. Orain, hasia delarik, nola begiratzen dio egoerari bakea eta armen arazoa ikertu duen zu bezalako pertsona batek?

    Egia esan, ez dakigu zer gertatuko den. Orohar, izugarri tristea da berriz ere ikustea gerrak bukatu ez direla. Bestetik, arma nuklearrak ere egon hor daude eta gizakiak gizaki izaten jarraitzen duenez arma hor duelarik inoiz erabili dezake. Momentu hori orain izango al da? Orain ez bada gertatzen, aurrerago gerta daiteke. Eta inoiz arma nuklearrak erabiliz gero, txikizioa ikaragarria litzateke.

    Nire ustez gerra laburra izango da honakoa. Baina amaitu arren, beste gatazka bat geratzen da: islamismoarena, integrismo islamiarrarena. Nire ustez, gerra honekin esnatu egin da islamismoa. Masa handia dira, 800 milioi pertsona. Oraindik banatu samarrak daude, baina abiatzen direnean, indar handia egingo dute munduan eta alboratu dezakete piska bat mendebaldeko kultura. Gertagarria iruditzen zait herrialde islamikoak elkartzea eta fronte bat osatzea mendebaldearen kontra. Historiaren norabide berri bat litzateke.

 

    Ez daude, ordea, herrialde islamiar guztiak Sadam Hussein-ekin. Azken finean, beste nazio islamiar bat eraso du. Bere burua islamiarren buru legez aurkezten du eta aurre egin dion Fahd errege saudiarrari «traidore» deitu dio.

    Bai, «traidore kausa islamiarrari». Hori esan du hain zuzen. Eta baliteke zilegi izatea hori esatea. Ez dut esaten hala denik, Estatu Batuekin elkartzea holakotzat hartzea posible dela baizik.

 

    Gerla, orduan, islamiarren eta mendebaldarren arteko burruka litzateke.

    Holako zerbait. Milenioaren amaieran, esnatzen ari da islamismoa. Hori ari da ikusten gerra honetan. Orduan, gerra hau amaitzen bada ere, Islama esnatzea —beste gerra hori— ez da geldituko. Eta ez diot txarra denik. Hori ikusteke dago.

 

    Gerla desberdinak ari dira, beraz, suertatzen golkoan. Gerla militarra galduko balu ere, Sadam-ek bestelako etekinik atera dezakeela ari zara esaten.

    Nik uste potentzia bakoitzak jarrerak aldatu beharko dituela, Jordaniak, Egyptok, etab. Herri islamiar batzutako buruzagiek jarrera bat hartu dute, baina piskaka aldatu beharko dute, herriak, bertako biztanlegoak, hala eskatzen dielako.

 

Gerraren «alde positiboak»

 

    Zer erantsi edo aldatuko zenioke egungo gizarte modernoari?

    Nire ustez edozein gizartetan beharrezkoa da moral bat izatea eta gure gizartean, momentu honetan, morala baztertua dago. Gaurko kultura, postmodernismoa delakoa, moralarik eta etikarik gabe dabil eta horrek bide txarra dirudi. Nabaria da humanitateen atzerakada. Izan ere, gaurko zibilizazioa teknika da. Eta neroni, argi eta garbi, morala eta etikaren alde nago. Baina ez naiz pesimista. Historia beti izan da hola. Berritasunak oraindik ikusten ez baditugu ere, ziur naiz gauzak aurrera egingo dutela.

 

    Zuzpertze morala ezinbestekotzat aldarrikatzen duzu. Baina, nola egin?

    Postmodernismoarekin ideologiarik ez da eta filosofia, guzti hori, baztertu egin da. Lehen bestela zen. Ortega, Unamuno eta holako pertsonak ez dira gaur esistitzen. Gaur ideia filosofikoek ez dute interesik. Ongitasunaren gizarte honetan, ongi bizitzea, ongi jatea dira helmuga. Alde horretatik, gerra bat ez litzateke hain txarra izango, gauzak bere tokian jartzeko. Izan ere, gerra guztiek gauza positibo bat izaten dute: jendeak asko ikasten du.

 

Jaurlaritzak burutu beharreko batailak

 

    Euskal Autonomi Elkartean gobernu berria osatu nahian dabiltza. Azkenean, badirudi sozialistak oposiziora doazela eta EA gobernura.

    Ni, argi eta garbi, gobernu abertzalearen alde nago. Beste biderik ez dagoela uste dut. Ez diot frente politika egin behar denik, baina bai politika irmo eta errealista. Sozialistak, oraindik, nazionalismo espainiarraren menpe jokatzen dute, konturatu gabe batzutan. Eurak ez dute uste, baina beren jarrera Espainiaren defentsa, espainiar batasunaren defentsa da. Eta Espainiak ez dauka eurak eman nahi dioten izaera dogmatiko hori. Espainia kendu daiteke, aldatu daiteke. Ez dira Euskal Herria konprenitzera heltzen. Gauza bakarra eskatzen diot gobernu berriari: joka dezala adimenez eta ez pasioz. Harreman ahalik eta onenak bilatu ditzala estatu espainiarrarekin.

 

    Zein ekarpena eskaintzen dio EAk gobernuari PSE-PSOEk eskaintzen ez ziona?

    Jarrera gardenagoa, Gizarte Segurantza eta beste zenbait gauzaren aurrean. Igoal ez da ezer lortuko, baina jarrerak irmoagoak izan behar dute. Madrilen ezetz badiote, ikusiko dugu. Azken finean, batailak irabazi edo galdu egiten dira, baina egin egin behar dira. Ez badugu sekula batailarik planteatzen, normala da gauza batzu sekula ez lortzea.

 

    Zein iritzi duzu autobideaz?

    Gai politikoa da, trixtea, izan ere. Nire ustez, gauza ekologikoak garrantzi gutxi du hor. Aitzekia izan da istilu politikoa sortzeko. Egon litezke arrazoi ekologikoak, baina ez dira pisurik gehien dutenak. Uste dut Gipuzkoako Aldundiak ondo aztertu duela arazoa eta ekologiak bost axola diela, behar bada ez guztiei, baina bai autobiaren kontra ari den jende askori.

 

  • Bilaketa-sistema honek letra-multzoak bilatzen ditu (ez dago ez lematizatzailerik ez inolako analisirik).

  • Hitzaren hasiera bilatzen da beti, eta ez hitzaren barrukoa (etx bilaketak ez du aurkituko basetxe).

  • Hitz-multzoak bilatu daitezke, hitz-segida emanez gero (kristau fede adibidez).

  • Bilaketaren corpusa hautatzeko aukera dago: euskarazkoetan soilik / gaztelaniazkoetan soilik / hizkuntza guztietan (euskarazkoak, gaztelaniazkoak eta frantsesezkoak batera).

Nodoa: liferay2.lgp.ehu.es